Kuba

Zentsuraren kontrako artisten protestak AEBen «azpijokoa» direla salatu du Kubak

Joan den ostiralean, 300 sortzaile inguru elkartu ziren Kultura Ministerioaren aurrean, sozialismoaren ildo ofizialaren kontra agertzen diren artisten «errepresioa» amaitu dadila eskatzeko.

Miguel Diaz-Canel Kubako presidentea, atzo, herrialdeko erregimenaren alde Habanan egin zen elkarretaratzean. ERNESTO MASTRASCUSA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 30a
17:43
Entzun 00:00:0000:00:00

San Isidro Mugimenduko artistek joan den astean egin dituzten protesta ekintzak «iruzur» bat dira, Miguel Diaz-Canel Kubako presidentearen iritziz. Uharteko sistema sozialistaren kontrakoa den artista talde horren mobilizazioen atzean AEBetako Gobernua dagoela eta Kuba desegonkortzeko «azpijoko» bat direla salatu zuen atzo. «Ikuskizun mediatiko bat antolatu digute». Presidenteak ohartarazi zuen ez duela «esku hartzerik, probokaziorik eta manipulaziorik» onartuko.

Sortzaile taldeak erregimenaren kontrako iritzi adierazpenen «errepresioa» salatu du azken egunotan, azaroaren 11n Habanako epaitegi batek Denis Solis rap abeslari eta San Isidro Mugimenduko kidea zortzi hilabeteko espetxealdira zigortu ostean, aginteari men ez egitea leporatuta. Artista batzuk gose greba bat hasi zuten Solisen zigorra salatzeko, Habanako alde zaharreko eraikin batean. Kubako Poliziak dozena bat kide kaleratu zituen eraikinetik joan den ostegunean.

Erantzun gisa, San Isidro Mugimenduak elkarretaratzera deitu zuen ostiralean, eta Kubako Kultura Ministerioaren parean 300 sortzaile inguru bildu ziren «zentsuraren amaiera» aldarrikatzeko. Manifestarien 30 kideko ordezkaritza bat Ministerioko arduradunekin bildu zen —Fernando Roja ministrordea buru—, eta aurreakordio bat lortu zuten gobernuarekin elkarrizketarako bide bat zabaltzeko. Bileran parte hartu zuten artisten artean ziren Jorge Perugorria aktorea, Fernando Perez zinemagilea eta Tania Bruguera artista. «Ez dugu zerikusirik sor daitekeen edonolako indarkeria ekintzarekin. Gure mezua beti izan da eta izango da baketsua, eta hala frogatuko dute gure ekintzek», adierazi zuen taldeak.

Kultura Ministerioak elkarrizketarako prestasuna agertzearekin batera, baina, gogor mintzatu da Diaz-Canel artista taldearen kontra. Presidenteak adierazi du mugimenduak «loturak» dituela «AEBetako Gobernuko hainbat funtzionariorekin».

Gainera, Kubako Gobernuak haserrea adierazi du Timothy Zuñiga-Brown AEBek uharterako diplomaziaburuak protestari agertu dion babesarengatik. Jakinarazi duenez, gobernuak bilera batera deitu zuen Zuñiga-Brown joan den larunbatean, artistak gose greba egiten ari ziren Habanako etxera pertsonalki joan zelako, eta taldeko hainbat kide bere autoan eraman zituelako. «Esku hartze argi eta desafiatzailea da Kubaren barne arazoetan».

Michael G. Kozak AEBen Mendebaldeko Hemisferiorako Estatu idazkari laguntzaileak ere bat egin du San Isidro Mugimenduarekin. Diaz Canelen jarrera gaitzetsi du, artisten «kezkak» aintzat ez hartzeagatik. «Kubatarrek adierazpen askatasuna eta bere promesak beteko dituen gobernu bat merezi dute», idatzi du Twitterren.

Asteburuan, Denis Solis rap abeslariaren askatasuna eskatzeko eta San Isidro Mugimenduari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten Miamin (AEB), han bizi diren kubatar jatorriko dozenaka manifestarik.

Iraultzaren aldeko erantzuna

Gazteok demokrazia sozialistaren alde lelopean, ehunka manifestari elkartu ziren atzo Habana erdiguneko Trillo parkean, Kuban indarrean den erregimenari babesa adierazteko. Tokiko hainbat hedabidek azaldu dutenez, «bat-batean» sortutako ekintza izan zen, sare sozialen bidez azkar hedatu zena. Ondoren, gazte sozialisten hainbat elkartek egin zuten bat deialdiarekin, eta Diez-Canel presidentea bertara agertu zen ezustean.

«Kubako herria kalean dago, eta ez dugu esku hartzerik onartuko», adierazi zuen. Karla Santana, Habanako Unibertsitateko Ikasle Federazioko presidenteak. «Hona etorri gara esatera aldi baterako gaztedi iraultzailea dagoela. Inork ez digu iraultza lapurtuko».

Ekitaldian, hainbat ekintza artistiko antolatu zituzten, gobernuak kulturaren arloan sostengua baduela adierazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.