2012tik aurrera Katalunian zezenketak debekatzea erabaki du gaur herrialde hartako legebiltzarrak, aldeko 68 boto eta aurkako 55 botorekin.
Goizeko hamarrak pasatxo zirela hasi da Parlamentean herri ekimenaren bidez iritsitako eztabaida. Ordurako ERCk (21 ordezkari) eta ICVk (12) iragarria zuten zezenketak galaraztearen alde bozkatuko zutela, eta PPk (14) eta talde mistoko ordezkariek (3) kontrako botoa emango zutela.
CiUk (48) eta PSCk (37) boto askatasuna emana zieten beren legebiltzarkideei, eta, horrenbestez, 85 ordezkari horien jarrerak erabaki du auzia. Alderdietako iturriek adierazia zuten, oso litekeena zela debekua nagusitzea, boto askatasuna zuten CiU eta PSCko kide gehienek galarazpenaren alde eginda.
Azkenean, CIUko ordezkari gehienek debekuaren aldeko botoa eman dute eta kontrakoa PSCko legebiltzarkide gehienek. Jose Montilla Generalitateko presidenteak ere kontrako botoa eman du eta hauxe adierazi: "Kontrako botoa eman dut, askatasunean sinesten dudalako".
Esan bezala, herri ekimenaren bidez iritsi da eztabaida Kataluniako Legebiltzarrera, sustatzaileek 180.000 herritarren atxikimenduak jasota. Animaliei tratu txarrik ematea zilegi ote den izan da eztabaidaren ardatza, baina Kataluniako kasuan zezenketaren espainiartasunaren ingurukoa ere nahastu da. Boto kontaketaren ondoren, poz handia nagusitu da herri ekimenaren aldekoen artean.
Mundua
Zezenketak debekatzea erabaki du Kataluniako Legebiltzarrak
'Animalien babeserako legeak' aldeko 68 boto jaso ditu, 55 kontra. 2012. urtetik aurrera ezin izango da zezenketarik egin Katalunian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu