Tahrir plazan iraultzaren martirien irudiak paratu dituzte han eta hemen. Bakoitza zein zen eta nola hil zen zehaztuta. Rami Gamal Safik 22 urteko gazteari bala batek zeharkatu zion bihotza. Haren argazkiaren azpian dagoen testu laburrean azaltzen da anaiaren eskuetan hil zela, plazan bertan. Amir el Alfik (38 urte) martiri baten irudia darama esku bakoitzean. «Bata kristaua zen eta bestea musulmana. Bi komunitateen arteko bizikidetzan sinesten dudalako ditut eskuetan». El Alfi musulmana da, eta emaztea eta hiru seme-alabekin dago plazako izkina batean. Nagib Abadir (53 urte), berriz, kristau koptoa da, baina bera ere martiri guztiak omentzera etorri da plazara: «Facebooken bidez zabaldu dut nire komunitatean hona etortzeko deialdia, eta ehun lagun elkartu gara». Musulmanen eta kristauen ikurrak elkartzen dituen irudia pintatu dute eskuetan daramatzaten afixetan. «Diktadoreari eskatzen bagenion herriari entzuteko, nola ez diogu guk ba elkarri entzungo?».
Manel Moasin (42 urte) protestak iraun bitartean bi egunetik behin gerturatu da plazara. Egiptoarra izateaz harro dagoela dio. «Arabiarrak demokratak garela erakutsi dugu, beti terrorismoarekin lotzen saiatzen badira ere». Kairon Eguberrietan izandako kristau koptoen kontrako erasoen atzean erregimena zegoela sinetsita dago: «Aurki aterako dira argitara tesi hori baieztatzen duten dokumentuak. Kristauak eta musulmanak bi mila urte daramagu hemen elkarren ondoan, eta beti jakin dugu elkar errespetatzen». Mubarakek terrorismoaren mamua benetako arazoak estaltzeko eta Mendebaldearen babesa izaten jarraitzeko baliatu zuela uste du.
Ametsa iritsi da
Zibilizazio zahar baten ondare direla erakutsi dute diktaduran eta iraultzan egiptoarrek. Nasad Kross (35 urte) kristau koptoa da eta etengabe galdetzen dio orain bere buruari zergatik ez duten iraultza lehenago egin. Mohamed Alauik (36 urte) bizitza osoa zeraman egun honen zain; «Diktadura baino ez nuela ezagutuko uste nuen, baina beste etorkizun bat lortu dugu gure seme-alabentzat.
Protestak herrialde arabiarretan
Zibilizazio zahar baten ondarea
Ametsetan baino biziko ez zuten eguna bizi izan dute egiptoarrek; diktaduran eta iraultzan bezala, trantsizioan eta etorkizunean ere elkarrekin biziko direla diote musulmanek eta kristau koptoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu