Britainia Handiko Giza ernalkuntzaren eta enbriologiaren agintaritza arauemaileak (HFEA) zelula amen gaineko ikerketarako gizakiaren eta animalien arteko enbrioiak --enbrioi hibridoak- sortzeko baimena eman berri du. Orain arte, klonazio terapeutikoa egiteko, pertsonaren gorputzeko zelula bat hartzen zuten ikertzaileek eta nukleorik gabeko giza obulu batean sartzen zuten. Hortik sortutako zelula amak egun sendaezinak diren endekapenezko zenbait gaixotasunen gainean ikertzeko lehengai baliotsuak dira zientziarentzat. Alabaina, esperimentu horiek burutzeko arazo praktiko batekin topo egin dute ikertzaileek: obulu eskasia. Obulu-ematea prozedura arriskutsua da emakumearen osasunarentzat eta, agi denez, emakume gutxi dago prest dohainik bere haziak ikerketa zientifikoari eskaintzeko. Emakumeen obuluak erauzi behar ez izateko, hain zuzen, Britainia Handiko ikertzaile talde bik saihesbide bat proposatu zuten: animalienak erabiltzea. Jakingarri da untxien nahiz behien obulu-oskola, eta giza DNA uztartzetik sortzen den enbrioiaren geneen %99,5 gizakiarena izango litzatekeela, eta gainerako %0,5 untxi zein behiarena.
Erabaki horren kontra agertu dira Britainia Handiko zenbait talde, Eliza Katolikoaren ingurukoak bereziki, gizakiaren eta animalien arteko enbrioiak sortzea etikoki gaitzesgarria ei delako. Iritzi publikoaren gehiengoa berriz (%61, HFEAk berak egindako kontsulta publikoaren arabera) alde agertu da, baldin eta ikerketa horiek beharrezkoak badira, aurrera pauso terapeutikoak bermatzeko eta kontrol neurri zorrotzak jartzen badira, legeak agintzen duenez, espezie-arteko klon hori ez dadin hamalau egun baino hareago bilaka, eta emakume batengan inoiz inplanta dadin eragozteko.
Aipatu legea 1990 urtean onartutakoa da, eta 2001. urtean aldatu zuten lehenik giza zelulekin klonazio terapeutikoa baimentzeko. Izan ere, 1990eko legearen zioa in vitro ernalkuntzaren ondorioz sortatuko enbrioiak arautzea zen. Enbrioiak giza gorputzetik kanpo sortzeko baimena ematen zuen, baina horiek emakumearengan inplantatzeko bakarrik erabil zitezkeen, eta ez ikerketarako. Hala ere, garai hartan izugarrizko asaldura sortu zuen lege britainiarrak. Ondoren, zelula amak deskubritu zirenean, izoztutako enbrioiekin ikerketa egiteko baimena eta klonazio terapeutikorako enbrioiak apropos sortzeko autorizazioa etorri ziren. Eta, last but not least, gizakien eta animalien arteko enbrioi hibridoak sortzeko argi berdea eman dute arestian.
Lege britainiarraren bilakaera aztertzerakoan deigarria da ikerlarien beharrak asetzeko,lehen bertsiotik hona giza enbrioiaren definizioak jasan duen aldaketa. Hasiera batean, giza hazitik sortutakoak besterik ez ziren giza enbrioitzat hartzen, pixkana, ordea, definizio hori zabaltzen joan da, eta egun giza DNA duen edozer izan daiteke gizaki, klonazio terapeutikoaren edo hibridazioaren ondorioz sortutakoa bada ere. Horren arrazoia da, 1990eko legeak ezartzen dituen mugetara, hots, hamalau eguneko gehienezko bilakaera eta emakumearen baitan inplantatzeko debekua, erakarri nahi direla enbrioien gaineko esperimentu guztiak. Horrenbestez, Britainia Handian nahiago dute klona nahiz hibridoa gizaki kontsideratu legez kanpo utzi baino... Horrelako izaki bat jaioz gero, ez al da lasaigarria, Erresuma Batuan bederen, Commonwealtheko hiritartzat hartuko luketela jakitea?
ZIENTZIA. ARGI ALDIAN. Definizio arriskutsuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu