«Aurrerapen zehatzak» egitea. Hori dute helburu 5+1 Taldeak eta Iranek programa nuklearraren inguruan Genevan (Suitza) hasi duten goi bileran, munduko potentzien bitartekariaren bozeramaile Michael Mannen solasetan. Harremanen hobetzea, jarrera aldaketak eta oro har giro positiboa izan dituzte guztiek ahotan iragan irailean auzi nuklearraren inguruko hartu-emanak berreskuratu zituztenetik, baina irribarreak eta mezu baikorrak akordio zehatzetan mamitzeko asmoz jarri zuten hitzordua Genevan. Arduradun politikoek eman dituzten seinaleen arabera, bazirudien Iranen hurbilketa politikari malgutasuna erakutsiz erantzunen ziotela AEBek. Etxe Zuriak atzo jakinarazi zuen bere proposamena: Teheranek jarduera nuklear oro etetea, zigorren arintze «mugatu eta selektibo» baten truke; eta Iranek exijentziak beteko ez balitu, zigorrak berriz ezarriko lizkiokete potentziek.
Gaur bukatzekoa da 5+1 Taldearen eta Irango negoziatzaileen bilera. 5+1 Taldea osatzen dute NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko bortz kide iraunkorrek —AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak— eta Alemaniak. Catherine Ashton EB Europako Batasuneko diplomazia arduraduna da taldearen ordezkaria. Azken asteotan indartu den aukera izan da negoziazioak errazteko Irani zigor ekonomikoak arintzea, Teheranek elkarrizketarako erakutsitako prestasunaren truke. Wendy ShermanAEBen negoziatzailea horren alde agertu zen duela bi aste. Jay Carney Etxe Zuriko bozeramaileak jakinarazi duenez, Barack Obama presidenteak jada eskatu dio Kongresuari baimena Irani zigorrak arindu diezazkion.
Carneyk ez du proposamenaren xehetasunetan sakondu, baina AEBetako hedabideek Etxe Zuriko «goi kargudun» anonimo bat iturritzat aipatuz argitaratu dutenaren arabera, sei hilabeteko etena eskatu dio Washingtonek Teherani. Iranek ekintza nuklearrak etetea beharrezkotzat dute AEBek; nahiz eta Iranek beti ukatu, AEBen arabera programa nuklearrak helburu militarrak ditu, baina Washingtonek uste du Teheranek oraindik ez duela gaitasun militarrik lortu. Jardueren eten batek hori bermatuko liokeela dio Etxe Zuriak.
Iranengandik hori lortzeko, Obama prest legoke Teheranek atzerrian blokeatuta dauzkan kontuak askatzeko, AEBetako hedabideen arabera, baina petrolioari eta bankuei ezarritako zigorrak mantenduko lituzke —horiek dira, azken finean, Irango ekonomiari kalte handiena egiten diotenak—. Akordio horrek, beraz, izaera mugatua edukiko luke, eta etenaldiaren sei hilabete horietan akordio globala egitea litzateke helburua. Ikusi beharko, ordea, Iran prest egonen litzatekeen jarduera guztiak eteteko zigor gogorrenak gainetik kendu gabe.
Izan ere, Hassan Rohani Irango presidenteak etxean ere sektore politiko kontserbadoreenen presioa du, hurbilketa politika horrekin amore ematea egotzi baitiote. Rohanik eta haren ordezkariek behin baino gehiagotan erran dute, ordea, ez diotela programa nuklearrari uko eginen eta Ali Khamenei lider gorenaren babes osoa dutela negoziatzeko.
Khamenei, negoziatzaileekin
Kontserbadoreenen protesten aitzinean Khamenei aiatolak joan den igandean egindako adierazpenek Rohaniren jarrera indartu dute. «Inork ez du baimenik negoziatzaileei amore emaile deitzeko. Hemen jaio eta hazi dira. Eginkizun gogor bat dute bizkar gainean, eta inork ez lioke haien misioari trabarik paratu behar». Baina Rohanik presidentetza hartuz geroztik sortu den giro hobearekin ere ez da guztiz fio lider gorena. «AEBek salgai dagoen irribarre bat erakusten digute negoziazio mahaian elkarrizketaren alde daudela erranez, baina aldi berean aukera guztiak mahai gainean dituztela erraten dute. Ze arraio egin nahi dute orduan?».
Negoziazioez deus jakin nahi ez duena Israel da. Benjamin Netanyahu lehen ministroaren ustez, Genevan Iranekin akordio bat egitea «oker historiko bat» litzateke. «Genevako proposamenak Iranen aurkako presioa ahultzen ari dira. Iranen amore emateak ez dira amore emateak».
Zigorrak mahai gainean
Jarduera nuklearrak etetea proposatu diote AEBek Irani, haren aurka hartutako neurri ekonomikoak arintzearen truke«Aurrerapen zehatzak» lortzea du helburu 5+1 Taldearen eta Iranen bilkurak Genevan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu