83 urterekin zendu da Zine El Abidine Ben Ali Tunisiako presidente ohia. Ia 24 urtez aginte autoritario bat ezarri zuen Tunisian (1987-2011), arerioek eta oposizioko kideek diktaduratzat jo zutena. Mendebaldearen aliatu izan zen. Haren agintepeko egoera sozial eta politiko kaskarra 2011ko urtarrilean lehertu zen, Ben Aliri gaina hartu baitzioten hilabete lehenago haren aurka sortu ziren protestek, eta Saudi Arabiara egin zuen ihesi. Tunisiakoaren ondoren, bata bertzearen gibeletik piztu ziren matxinada gehiago herrialde arabiar anitzetan, eta aldaketa politiko eta gatazka handiak eragin zituzten Afrika iparraldean eta Ekialde Hurbilean. Gaur egun, oraindik nabarmenak dira orduko errebolten ondorioak.
"Ben Ali hil berri da", erran dio Munir Ben Salha abokatuak Reutersi. Ben Salhak duela astebete jakinarazi zuen Ben Ali ospitalera eraman zutela "osasun krisi baten" ondorioz. Erbestera joan zenetik lehenbiziko aldia zen haren hubilekoek presidente ohiaren osasunaren berri ematen zutela. Saudi Arabian egon den bitartean, Ben Alik ez du rol jakinik jokatu Tunisiako politikan, eta ia ez du jendaurreko adierazpenik egin azken zortzi urteotan. Haren erregimeneko kide izan ziren anitzek jarraitu dute politikan, Nida Tunis koalizio laiko zabalaren barnean, Ben Aliren errepresioa pairatu zuten politikari eta sindikalista anitzekin elkar hartuta.
2011n, ihes egin zuen urte berean, auzitegi batek 35 urteko espetxe zigorra ezarri zion Ben Aliri, diru publikoa ebastea leporatuta. 2012an, auzitegi militar batek bertze zigor bat ezarri zion, hogei urteko espetxealdikoa, "hilketa eta arpilatzea" leporatuta. Saudi Arabiak ez zituen onartu estradizio eskaerak.
Estatu kolpea 1987an
Ben Ali Hammam Susa hirian jaio zen, ipar-ekialdeko kostan, Tunisia Frantziaren kolonia zenean. 20 urte zituenean lortu zuen Tunisiak independentzia, eta, horren ondotik, Ben Ali Frantziara joan zen formakuntza militarra jasotzera, eta AEBetan ingeniari gisa trebatu zuten. 1964an, Tunisiara itzuli zen, eta, segurtasun aparatuan eta diplomaziaren arloan izan zituen karguen bidez, gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen estatuko botereguneetan. Habib Burgiba presidenteak, 1987an, lehen ministro izendatu zuen Ben Ali, eta, handik hilabete eskasera, gobernuburu berriak estatu kolpe baten bidez boteretik kendu zuen Burgiba, independentziaz geroztik herrialdeak izan zuen presidente bakarra.
Ben Alik demokraziaranzko trantsizio bat gidatuko zuela agindu zuen, baina estatuko egiturak ongi segurtatu zituen. Boterea monopolizatu zuen alderdi bat sortu zuen —RCD Batzar Konstituzional Demokratikoa—, eta ongi baino hobeki ezagutzen zuen segurtasun aparailuarekin errepresio gogorra erabili zuen oposizioaren aurka. 2014an Egiaren Batzordea sortu zuten, matxinadaren ondorengo konstituzioan hala ezarri zutelako. Estatuaren errepresioa salatu duten 60.000 biktima baino gehiagoren salaketak ikertu ditu, independentziaz geroztik gertatutakoak, horietako anitz Ben Aliren agintepean.
AEBek eta Europa mendebaldeko estatuek aliatu estrategikotzat zuten Ben Ali, gaur egun bezala, Tunisia plaza estrategikotzat baitzeukaten hainbat arrazoirengatik: migrazioa, muturreko islamismoari eusteko politikak, Mediterraneoaren kontrola, Libiarekin mugakide... Boterea hartu eta segidan, NDF Nazioarteko Diru Funtsak eta Munduko Bankuak lagunduta erreforma ekonomiko bat egin zuen. Pribatizazioak bultzatu zituen, eta agintaldiko lehenbiziko urteetan Tunisiak hazkunde ekonomiko handia lortu zuen.
Matxinada
2010eko abenduaren 17an, ordea, 23 urte agintean zeramatzan erregimen egonkor hori aste batzuen buruan deseginen zuen txinparta piztu zen, eta, Ben Aliri ez ezik, Afrika iparralde eta Ekialde Hurbil osoari eraginen zion horrek. Egun horretan, Tunisia erdiko Sidi Buzid hirian Mohamed Buazizi izeneko 26 urteko herritar batek su eman zion bere buruari, eta hagitz larri eraman zuten ospitalera —hurrengo urtarrilaren 4an hil zen—. Karrikako saltzailea zen, eta, Poliziak egiten zion jazarpena salatzeko, bere buruaz bertze egin zuen. Gertakaria jakin bezain pronto, istilu larriak sortu ziren Poliziaren aurka, eta errepresio-akzio kate bat sortu zen agudo. Protestak hiri gehiagotara zabaldu ziren berehala, eta, tamainan ez ezik, eskaeretan ere handitu ziren. Poliziaren jazarpena salatzen hasi ziren, bizi maila hobetzea eskatu zuten ondoren, eta, azkenean, Ben Ali eta haren erregimen osoa erortzea eskatu zuten.
Protestek nazioartearen arreta bereganatu zuten, eta inguruko herrialdeetara hedatu ziren; Aljeriara lehenik —ez zuten lortu Abdelaziz Buteflikaren agintea estutzea—, eta Egiptora ondoren. Egipton Hosni Mubarak presidentearen aurkako mugimenduak indarra hartu zuenean, gertakari geopolitiko handi bat gertatzen ari zelako kontzientzia hartu zuen munduak. Hamarkada hau baldintzatuko zuen olatu handi bat sortu zen, eta ondorio nagusitzat ekarri ditu luzaroan agintean zeuden buruzagiak boteretik kentzea —Tunisian, Egipton, Libian eta Yemenen—, gerrak eta ezegonkortasun politikoa —Sirian, Libian eta Yemenen—, estatu kolpeak —Egipton—, atzerriko esku hartze militarrak —Libian, Sirian eta Yemenen—, muturreko talde islamisten hazkundea, gatazka eta eraso sektarioen gaiztotzea...
Txinparta Tunisian sortu zen, eta Ben Ali izan zen erori zen lehenbiziko agintaria. 2011ko urtarrilaren 14an, larrialdi egoera ezarri zuen, baina, ordu batzuen buruan, hegazkin batean ihes egin zuen Saudi Arabiara, egoerak gainezka egin zuelako karriketan, eta armadaren babesa galdu zuelako. Batzorde independente batek 2012an argitaratu zuen ikerketa baten arabera, 338 pertsona hil zituzten Ben Aliren aurkako matxinadan.
Gaur egun, ordea, matxinadak eduki zituzten herrialde arabiarren artean egoera egonkorrena dauka Tunisiak. Alderdi anitzek eta gizarteko eragileek adostutako konstituzio bat sartu zen indarrean 2014an, eta alderdi anitzeko sistema parlamentarioa egonkortzeko bidean da azken urteotan. Dena den, arazo handiak ditu oraindik: krisi ekonomiko larria du, EI Estatu Islamikoak hainbat eraso handi egin ditu urteotan, hilketa politikoak gertatu dira —nabarmenenak, ezkerreko militanteenak—, eta giro politikoa aztoratuta dago oraindik.
Hauteskunde kanpaina betean
Hain zuzen, herrialdea hauteskunde kanpaina betean dagoela zendu da Ben Ali. Joan den igandean egin zuten presidentetzarako bozen lehenbiziko itzulia, eta Kais Saied legelari ultrakontserbadorea (botoen %18,8) eta Nabil Karui magnatea (%15,7) pasatu dira bigarren itzulira. Dena den, ez dago argi Karuiri parte hartzen utziko ote dioten. Kanpaina hasi baino egun batzuk lehenago espetxeratu zuten, iruzurra egotzita, eta, hura formalki auzipetuz gero, kolokan egon liteke haren hautagaitza. Ez dute zehaztu zer egunetan izango den bigarren itzulia, eta parlamenturako hauteskundeak heldu den urriaren 6an egitekoak dituzte.