Ez da aurrerapenik izan Zipre batzearen inguruan egunotan Suitzan egn diren elkarrizketetan, Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak onartu duenez. «Egia esan, azkenean ez dugu oinarri komun nahikorik ikusi Zipreko arazoa konpontzeko negoziazio formalak berriz hasteko», adierazi du prentsaren aurrean. Zipreko Errepublikako, Ipar Zipreko, Turkiako, Greziako eta Erresuma Batuko ordezkariak elkartu ditu NBEk Ginebran egunotan, eta gaur ziren elkarrizketa saioak amaitzekoak. Uhartearen zatiketak eragindako tentsio politikoa zertan den aztertzea zuen helburu erakundeak, ikusitakoaren arabera negoziazio formalagoei bide eman edo ez erabakitzeko.
Bada, horretarako girorik ez dagoela ondorioztatu du NBEk, posizioak urrunduta daudelako. Zipreko hedabideek atzo aurreratu zuten elkar ulertzerik ez zutela izan ordura arteko bileretan. Zabaldutakoaren arabera, Ersin Tatar Ipar Zipreko presidenteak «subiranotasun bera» eta «nazioartean estatus berbera» izango duten bi estatu sortzea proposatu zuen. Guterresek, ordea, Tatarri azaldu zion aukera horrek ez duela lekurik NBEk adostutako esparruan, eta EB Europako Batasunak eta Greziak ere ez luketela onartuko. Halaber, Tatarri esan zion greziar-zipretar eta turkiar-zipretar gehienak estatu federal bat osatzearen aldekoak direla.
Bi eremu eta bi erakunde dituen federazio bat sortzea da NBEren xedea, eta hala nahi dute Zipreko eta Greziako gobernuek ere. Ipar Zipreko eta Turkiako agintariek uko egiten diote horri, ordea, uste baitute turkiar-zipretarrek irlan boterea galtzea eragingo lukeela. Gainera, aurrez ere eginak dituzte hori lortzeko saiakerak, eta denak porrot egin dutela argudiatzen dute, aukera hori baztertzeko. Kontrara, Ipar Zipreko Errepublikari estatu eskumenak ematea eskatzen dute. Egun, Turkiak soilik egina dio aitortza ofiziala.
Negoziazioetarako atea zabalik utzi nahi du NBEk, egunotako elkarrizketetan emaitza positiborik lortu gabe ere. Nikos Anastasiadis Zipreko presidenteak datozen asteetan New Yorken beste bilera bat egiteko borondatea aldatu zion, hedabideek zabaldu dutenez, auziaren inguruan eztabaidatzen jarraitzeko. Diotenez, Anastasiadisek NBEren Segurtasun Kontseiluaren irizpideak aintzat hartuko dituen premiazko irtenbide baten beharra nabarmendu zuen, eta, beraz, bi zonako eta bi erakundeko estatu federal bat egitea defendatu zuen.