Egingo den ala ez, hori gaur-gaurkoz ez dago batere argi. Aukeren artean egon da brexit-aren prozesua hasi zenetik, baina bigarren erreferendum bat egiteko aukerak indar handia hartu du, batez ere hilabeteotan. 2016ko ekaineko galdeketaren kanpainan Europako Batasunetik (EB) ateratzearen aldekoek gezurrak esan zituztela, argudioak ez zirela onargarriak eta tranpak egin zituztela; horiek dira, besteak beste, bigarren galdeketaren aldekoek mahai gainean jarri dituzten argudioak euren aldarrikapena justifikatzeko. Brexiteers-en —brexit-aren aldekoen— mezu batek, bereziki, sona handia izan zuen erreferendumaren kanpainan: Erresuma Batuak astero 398,6 milioi euro ematen dizkiola EBri, eta, beraz, talde komunitariotik aterata, kopuru hori NHSra bidera dezaketela —NHS Osasun Sistema Nazionala da, eta urteak dira herritar asko kexu direla ez dagoelako «egoera onean»—. Mezu horri zukua ateratzea zen estrategietako bat, eta, hori lortzeko, ideia autobus baten alboetan jartzea erabaki zuten, ibilgailuak herrialdearen itzulia egin zezan; erreferendumaren ostean, Dominic Cumming Leave (Joan) kanpainaren buruzagiak onartu zuen EBn geratzearen aldekoek irabaziko zutela iragarki hori jarri izan ez balute. Horregatik, eta beste hainbat arrazoirengatik, People's Vote taldeak uste du beharrezkoa dela brexit-az beste erreferendum bat egitea. «Ateratzearen aldekoen promesak ez dira bete. Justua iruditzen zait berriz herritarrengana jotzea», azaldu dio BERRIAri Thomas Cole People's Voteren Politika buruak.
Taldeak iazko apirilean abiatu zuen bigarren erreferenduma lortzeko kanpaina. Une horretan helburu bera zuten hamar talde txikik bat egin, eta 80 bat pertsonako lantaldea osatu zuten. Horiez gain, Erresuma Batuko eta Europako hainbat estatutako kolaboratzaileek osatzen dute galdeketaren aldeko sarea. Azken finean, helburu bakarra dute: prozesua amaitzea prozesua hasi zen mekanismo berarekin. Orain arteko bideaz harro mintzatu da Cole: «Hasieran, sortu ginenean, inork ez zigun arrakastarako aukerarik eman, baina orain, bederatzi hilabeteren ostean, herritarrak bigarren erreferendum batez mintzo dira, eta egiazko aukeratzat daukate. Uste dut asko lortu dugula, eta, aldi berean, ez dugula ezer lortu. Lehenik, erreferenduma lortu behar dugu; gero, galdeketa hori irabazi».
Nola bete, beraz, jarritako helburu hori? Bi jomuga zehaztu ditu taldeak: batetik, gizartea, herritarrak; eta, bestetik, politika, Komunen Ganberako diputatuak. Egun, baina, arreta bigarren jomugan dute jarria. «Lehen pausoa zen Komunen Ganberako diputatuak konbentzitzea [Theresa] Mayren akordioari ezezkoa eman ziezaioten. Hori gertatu da, eta B planarekin ere gertatuko da [datorren asteartean]. Gero, hainbat aukera zabalduko dira».
Aukeren zerrenda, noski, luzea da: akordiorik gabeko brexit-a; beste akordio bat adostea brexit-a leunagoa izateko; Mayk dimisioa ematea; hauteskunde orokorretara deitzea; Lisboako Itunaren 50. artikulua luzatzea —martxoaren 29ko data—; eta bigarren galdeketarako deia egitea, esaterako.
Horien artean, bigarren erreferenduma da aukera «egoki bakarra», Coleren iritziz. Izan ere, argudiatu duenez, EBko estatu kide izatea baino okerragoa izango da edozein motatako akordio bat, izan leuna, izan gogorra: «Soilik aduana batasunean geratzearen kontra gaude. Norvegia Plus bidea dago [merkataritza itun bat da], baina ez zaigu onuragarria iruditzen. Edozein motatako brexit-a da Europako Batasunean geratzea baino okerragoa».
Laboristak lehentasun
Komunen Ganberan 650 diputatu daude. Ordezkaritza gehien duten bi alderdiek, kontserbadoreak (317 diputatu) eta laboristak (256), ganberaren %88 osatzen dute. Hortaz, taldearentzat giltzarri da alderdi horien edo gutxienez bi horietako baten babesa lortzea.
«Gure kanpaina norabide onean doa. Agerikoa da babes gehiago behar dugula, baina nahiko arrakastatsuak izan gara. SNPren [Eskoziako Alderdi Nazionalaren], Galesko nazionalisten [Plaid Cymruren], liberalen [Alderdi Liberal Demokrataren], hamar diputatu tory-ren, laborista batzuen eta diputatu berdearen babesa dugu oraingoz», kalkulatu du Colek. Joan dean astean, 70 bat ordezkari laboristak publikoki adierazi zuten bigarren erreferendumaren alde zeudela; beraz, Komunen Ganberako 131 diputaturen babesa du People's Voteren aldarrikapenak.
Kopuru horrek agerian utzi du taldeak diputatu gehiagoren babesa behar duela, bere aldarrikapenak indar handiagoa har dezan. Horri begira, alderdi handi baten babesa da gakoa; zalantzarik gabe, Alderdi Laborista dago jomugan, baina Jeremy Corbyn buruzagiaren zehaztasun faltak zaildu egin du helburu hori. «Azken konferentzian, irailekoan, alderdiak esan zuen saiatuko zela boz orokorrak lortzen. Ez bazuen hori lortzen, esan zuen gainontzeko aukerak kontuan hartuko dituela, tartean boto publikoa deritzona. Hau da, beste erreferendum bat. Argi dago Corbynentzat hori ez dela lehen aukera, eta gure kanpaina arrakastatsua izan dadin babes handiagoa behar dugula laboristen artean. Oso pozik egongo ginateke Corbynek gure alde egingo balu».
Zer-nolako galdeketa
Balizko galdeketa horri begira, azken hilabeteotan azaleratu den eztabaida izan da zenbat aukera izan behar lituzkeen. Cole argi mintzatu da: «Nahiko genuke erreferendum bat ahalik eta errazena. EBn geratzeak izan behar du aukeretako bat. Galdera parlamentuari dagokio zehaztea; hori ez da gure lana».
Horrekin batera, bigarren galdeketaren auziak beste zalantza bat jarri du mahai gainean: EBn geratzearen aldekoek irabaziko balute, ateratzearen aldekoek hirugarren bat antola ote dezaketen. Hauxe dio Colek, bigarrena defendatzeko: «Herritarrek eskubidea dute iritzia aldatzeko. Erreferenduma demokraziaren formarik garbiena da». Bigarrenak, behintzat, lehenengoak irekitako zirkulua ixteko balioko luke, eta diputatuen eta herritarren presioa garrantzitsua izango da, gobernuak ez baitu asmorik beste galdeketa batera deitzeko.
'Brexit'-a. Bigarren erreferenduma
Zirkulua ixteko mekanismoa
People's Vote bigarren galdeketaren alde ari da lanean iaztik. Hilabeteotako gertakari politikoen ondorioz, taldeak gertuago ikusten du arrakasta, baina, hori lortzeko, ezinbestekotzat dauka Corbynen babesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu