Zisjordaniako hiru errefuxiatu gune hustu eta ehunka etxe eraisteko agindu du Israelek

Dozenaka mila desplazatu eragin ditu Israelgo armadaren operazioak. 2023ko urritik, Israelgo armadak 140 ikasle hil ditu Zisjordanian, baita 199 irakasle eta administrari atxilo hartu ere.

Palestinar bat, Israelgo militarrek Jeningo errefuxiatu gunetik kanporatu ostean, gaur. ALAA BADARNEH / EFE
Palestinar bat, Israelgo militarrek Jeningo errefuxiatu gunetik kanporatu ostean, gaur. ALAA BADARNEH / EFE
arantxa elizegi egilegor
2025eko uztailaren 8a
09:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dago argi zenbat etxe eraitsi asmo dituen Israelek Zisjordanian, baina, zenbait iturriren arabera, 1967tik egindako operaziorik zabalena litzateke. Tulkarem, Jenin eta Nur Xams errefuxiatu guneetako palestinarrek ezin izan dute euren etxeetara itzuli, eta bertan daudenak ateratzen aritu dira militarrak. Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez, soldaduek itxi egin dituzte errefuxiatu guneak, eta tiro egiteko prest egon dira norbait horietara itzultzen saiatuko balitz.

Al-Jazeerak iturri militarrak aipatuz zabaldu duenez, 690 etxe eraitsi dituzte Jeninen, eta beste 340 botatzeko agindua dute; Tulkaremen 285 bota dituzte, eta beste 400 eraisteko asmoa dute; eta Nur Xamsen 225 bota dituzte.

Dozenaka mila desplazatu eragin ditu Israelgo armadaren operazioak, eta gehienek ez dakite armada joandakoan etxera itzultzeko aukerarik izango ote duten, militarrek ez baitiete zehaztu zer etxe eraitsiko dituzten.

Bestalde, gaur ere Zisjordaniako zenbait herritan operazioak egin dituzte Israelgo soldaduek. Wafa Palestinako berri agentziak kaleratu duenez, Ramallah hiriko Jalazone errefuxiatuentzako kanpalekuan tiroka sartu dira soldaduak, eta negar gasa ere jaurti dute. Halere, ez dute inor zauritu ezta inor atxilotu ere. Tulkaremen, beste errefuxiatuentzako kanpaleku bati egin diote eraso Israelgo militarrek: Nur Xams kanpalekuan etxe bati su eman diotela kaleratu du Wafak.

Atxiloketak ere egin ditu gaur Israelgo armadak Zisjordanian. Betleem hiriaren hegoaldean, Al-Khader herrian, soldaduek bi palestinar hartu dituzte atxilo, eta beste bat Amari errefuxiatu gunean, Ramallahtik hurbil.

Hain justu, gaur, Palestinako Hezkuntza Ministerioak ohar bat kaleratu du Israelek Palestinako hezkuntza zentroetan eragin dituen kalteen berri emanez. Oharraren arabera, 2023ko urritik, Israelgo armadak 152 ikastetxeri egin die eraso Zisjordanian. Operazio horietan kalte materialak eragin dituzte, baina hori soilik ez: ministerioaren arabera, denbora tarte horretan, Israelek 140 ikasle hil ditu Zisjordanian, eta 927 zauritu. Gainera, 199 irakasle eta administrari atxilotu dituztela ere jakinarazi du ministerioak.

Bestalde, Gazako datuak ere eman ditu. Azken hogeita bat hilabeteetan, Tel Avivek 17.000 ikasle baino gehiago hil ditu zerrendan, eta 26.000 baino gehiago zauritu ditu. Gainera, 118 ikastetxe eta 60 eraikin unibertsitario guztiz suntsituta geratu direla azaldu dute oharrean. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak kudeatzen zituen 91 ikastetxe ere bonbardatuak izan direla edo kalteak jasan dituztela salatu du ministerioak; horietako asko desplazatutako gazatarren bizitoki ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.