Zisjordaniara bidean

Kolono israeldarrek Zisjordaniako palestinarren lurrak nola bereganatzen dituzten bertatik bertara ikusi du berriz ere Atef Abu Saifek. Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohiaren itzulerako bidaiaren kronika da hau.

Haur palestinar bat, kolono israeldarrek pintatutako Daviden izar baten alboan, apirilaren 6an, Nablusetik hurbil. ALAA BADARNEH / EFE
Haur palestinar bat, kolono israeldarrek pintatutako Daviden izar baten alboan, apirilaren 6an, Nablusetik hurbil. ALAA BADARNEH / EFE
Atef Abu Saif.
2026ko apirilaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urtebete Europan eman ondoren, Zisjordaniara itzuli naiz azkenean. Palestinar batentzat, jaioterrira itzultzea ez da erabaki pertsonal bat. Egun batean esnatu eta besterik gabe etxera joan, hori ez da posible. Aurrez antolatu beharra dago bidaia, ez baitago zuzeneko konexiorik Palestinaren eta kanpoko munduaren artean. Zisjordaniara heltzeko, adibidez, Jordaniara joan beharra dago lehenik, eta gero taxi bat hartu Zisjordaniako mugaraino. Hango kontrolgunea Israelen menpe dago, eta, beraz, israeldarren kontrol militar batetik pasatu beharra dago. Gazara joateko, berriz, lehenik Kairora joan behar da hegazkinez, eta handik, Sinain barrena, autoz Rafahko mugako pasaguneraino.

53 urte ditut oraintxe, eta oraindik ere estu eta larri ibiltzen naiz kanpora bidaiatzen dudan bakoitzean. Europan bertan nagoenean ere, eta EBren barruan bidaiatzen dudanean, beti sentitzen dut susmoa hartu eta geldiarazi egingo nautela, eta Poliziak galdetuko didala ea nire Palestinako pasaporte hori benetan den pasaporte bat eta ez bidaia agiri huts bat. Garai batean, Rafahko mugako kontrolgunearen Egiptoko aldean lo egin behar izan nuen inoiz, korridoreetan, Israelgo agintariek Palestinako aldea ixten zutenean. Behin, are, zortzi egun eta zortzi gau eman behar izan nituen han. Horregatik guztiagatik, gorroto dut bidaiatzea.

Gazako belaunaldi berriko gehienek ez dakite zer den hegazkinean ibiltzea, ezta, are, trenez ibiltzea ere. Haien aitona-amonak agian ibiliko ziren abioian edo trenean —1948a baino lehen bai baitzegoen aireporturik eta trenik Palestinan—, baina bilobak ez dabiltza.

Amman-en lurreratu, eta hantxe pasatu nuen gaua. Gero, goizean, mugara. Hango kontrolguneari zubia esaten diote, Jordan ibaiaren gainetik pasatzen den zubi batek bereizten baititu han Palestina eta Jordaniako Erresuma. Ez dago erraza Zisjordaniaraino iristea, eta luze ere luze jotzen du. Mugaren Jordaniako aldera iristean, kontrola egiten diete bidaiariei, eta, gero, pilatu eta autobusean eramaten dituzte Israelen kontrolgunera. Han, Israelgo segurtasun agenteek eta zerbitzu sekretuetakoek miatzen dituzte. Ekipajea bereiz aztertzen dute. Tarte batez zain egon behar izaten da harik eta agenteek deitu eta pasaportea itzultzen dizuten arte. Batzuk orduak egoten dira zain; beste batzuei galdeketa egiten diete, inoiz galdeketa laburra eta inoiz luzea; beste batzuei, zuzenean, ez diete uzten irteten edo sartzen.

Su eteneko lehen egunean iritsi nintzen ni; beraz, mugako kontrolean leun zihoan dena. Taxi bat hartu nuen Ramallahra. Bizar luzeko gidari batek eraman ninduen, Abu Alik, Jerikoko muga postutik hara. Jeriko, eta Itsaso Hila oro har, Lurreko tokirik behereena da, eta, hortaz, autoak gorantz egin zuen pixkanaka, mendi tarteko bide estu eta sigi-sagatsu batetik.

Nekatuta nengoen, eta nahasi samar, baina, hala ere, gogo onez entzun nuen nola kontatzen zidan Abu Alik egoeraren eta azken nobedadeen berri, bidaia guztian kontatu ere, minutu bakar batez ere isildu gabe.

Autoaren atzeko leihoa puskatuta zegoen. Antza, bi aste lehenago kolono gazte pare bat harriak botatzen ibili zitzaizkien palestinarren autoei, eta Abu Alirena ere jo eta leihoa hautsi omen zioten. Sarri ikusten dira kolono taldeak palestinarren autoei harrika.

Karabana batzuk ikusi genituen haranaren bukaeran. Bide berri bat asfaltatzen ari dira han, kolonoak beren karabanetara iritsi ahal izateko. «Horrelaxe hasten da dena»

 

Ezkerrera seinalatu zuen Abu Alik, hango lursailean zegoen behitalde baterantz, eta esan zidan kontu handiz gidatu beharra zegoela tarte hartan, behiek askotan gurutzatzen omen zutelako bidea; bi noranzkoetan zetozen gidariek, halakoetan, gelditu egin behar izaten omen zuten, eta abereak pasatu arte itxaron. Erantzun nion: «Baina zirkulazio handiko bidea da hau, Zisjordania eta kanpoko mundurako pasabide bakarra lotzen dituena». Eta hark, ahul samar: «Nik badakit hori, baina kolonoen behiek ez». Behiak han-hemen zeuden lursailean, eta, haiei begira, Abu Alik esan zidan gidari guztiek ederki ezagutzen zituztela denak. «80-90 bat izango dira». Barrez, galdetu nion ea benetan zenbatu al zituen guztiak, eta hark, buruaz baietz: «Ia-ia». Halaxe irudikatu nuen Abu Ali, Jerikotik Ramallahrako joan-etorrietan aldiro behiak zenbatzen.

«Behi horiek inportanteagoak dira gu baino», esanez bukatu zuen elkarrizketa.

Hortik aurrera, Abu Alik eremu hesitu bat edo karabana sail bat seinalatzen zidan tartean-tartean, eta esan zidan Palestinako lurrak konfiskatzeko prozesua ez dela sekula bukatzen. Hesitutako sail bakoitza sail konfiskatu bat da. Al-Beirako sarreran, karabana batzuk ikusi genituen haranaren bukaeran. Bide berri bat asfaltatzen ari dira han, kolonoak beren karabanetara iritsi ahal izateko. «Horrelaxe hasten da dena», Abu Alik. Alegia: lehenik karabana gutxi batzuk jarri, gero karabanen eremu horiek bide nagusiarekin lotu, eta, azkenik, karabanak kendu eta haien lekuan etxeak eta txaletak egin.

Zisjordaniatik alde egin nuenean, duela urtebete, maiz ikusten ziren bidearen bi aldeetako haranetan beduinoen etxeak, kanpadendak eta etxolak. Mugako kontrolgunerako bidearen paisaian detaile bat zen haien presentzia. Familia beduinoak, urtez urte, eskualdeko eremu jakin batzuetan bildu izan dira, Ramallahko mendi magaletan, Itsaso Hilean, Jordan ibaian. Zisjordaniako lurraren %30 inguru hartzen dute Jordanen haranak eta Itsaso Hilak, eta 7.900 beduino eta artzain inguru bizi izan dira han. Esparru horiek, ordea, desagertuta daude orain, alde egitera behartu baitituzte. Ramallahtik gertu, beduinoen komunitate horietako baten hondakinak ikusi nituen. Kolonoek egunero egiten zieten eraso: mehatxuka, tiroka, animaliak hilez, ardiak lapurtuz. Den-dena, alde egitera behartzeko.

Gazako marrubien esportatzaile nagusia zen Mohamad lehen. Orain, berriz, suntsituta daude bai haren etxaldea eta bai enpresa

Herri batzuk setiatuta daude, kokalekuek, ingurabideek eta karabanek inguratuta. Ondorioz, bertako herritarrek nekez joan behar izaten dute lursailetan, mendian eta inguruko herrietan barrena hiriguneetara daramaten bide nagusietara iristeko. Burqa herrikoek, esaterako —Ramallah ekialdean—, autobidearen azpian dagoen tunel batetik pasatu behar izaten dute Deir Dibwan-era iristeko, eta gero beste bi herritara jo, Beitin-era eta Ein Yabrud-era. Berez, Ramallahtik zazpi minutura baino ez dago Burqa, baina handik hirirako bidea itxi dutenetik, orain 45 minutu behar dira lehengo bidaia laburra egiteko.

Bide ondoan Daviden izar bat ikusi nuen, burdinazko euskarri baten gainean, gidari orok ederki ikusteko moduan. Era berean, bidearen beste zati batzuetan, are eta ugariago Ramallahra gerturatu ahala, Israelgo banderak zeuden alde bietan, zutoinetan zintzilik. Mundu guztiari gogorarazi behar baitzaio bide eta mendi horiek Israelenak direla. Lekuen identitatearekin duten obsesio hori, noski, kanpaina zabalago baten parte da: Israelgo agintariak ondare historiko, arkeologiko eta kulturalaren aurka ere egiten ari diren kanpaina baten parte.

Egun luze hura bukatzen ari zela, kafetegi batera sartu nintzen, eta hantxe neukan zain nire lagun Mohamad Abu Kaida. Mohamad Ramallahn ez atzera ez aurrera dago urriaren 7tik. Urriaren 5ean iritsi zen hirira, ostegunez, lagun baten ezkontzarako, eta igandean bertan bueltatzekoa zen berez. Kontatu zidan kartzelan balego bezala sentitzen dela, 30 hilabetean ez baita hiriaren erdigunetik irten, eta beti baitabil beldurrez soldaduek aurkitu eta Gazara deportatuko ote duten. Gazako marrubien esportatzaile nagusia zen Mohamad lehen. Orain, berriz, suntsituta daude bai haren etxaldea eta bai enpresa, eta, gainera, horien lurrak Gazako zerrendan bereganatu berri dituzten eremuetako batean daude, Israelek «lerro horitzat» jo duen lekuan. Kafea hartzen ari ginela, kaleaz bestaldeko fruta dendako marrubiei so geratu zen, eta esan zidan bazirela hiru urte marrubirik probatzen ez zuela.

Zain dago, oraindik, Gazara noiz bueltatuko marrubiak jatera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA