Zorpetuak eta prostituituak

Gero eta neska gazte japoniar gehiago sartzen dira prostituzioan 'idolo maskulinoei' segika. Konpainiako gizonen klubek harrapatu egiten dituzte neska gazte zordunak, eta prostituzioan aritzera behartzen dituzte fakturak ordaintzeko.

'Idolo maskulinoetako' batzuen argazkiak, Japoniako hiriburuko Kabuchiko barrutiko klub batean. JOSEP SOLANO
'Idolo maskulinoetako' batzuen argazkiak, Japoniako hiriburuko Kabukicho barrutiko klub batean. JOSEP SOLANO
Josep Solano
Tokio
2024ko apirilaren 18a
05:05
Entzun

Neska gero eta gehiago hasten dira prostituzioan halabeharrez, eta iazko azken hilabeteetan arazo larria bilakatu da Japonian: konpainiako gizonen klubetan lan egiten duten ustezko bikotekideek maileguak ematen dizkiete neskei, zorrak ordain ditzaten. Gizon horiek, maiz idolo maskulino esaten zaien horiek, emakume gazteak erakarri eta seduzitzen dituzte, eta garestitu egiten dituzte beren zerbitzuak; batzuetan, milioika yen ere kobratzen dizkiete. Sarri, bezeroak ezin badu zerbitzua ordaindu, konpainiako gizon horrek bere gain hartzen du zorra berehala, baina, kluben jabeekin ados jarrita, manipulatu egiten du neska, eta prostituzioan aritzera behartu, hala zorra pagatu dezan.

Kabukicho barrutian, Tokioko Shinjuku bizitegi auzoan, halako klub ugari daude, eta herrialde osoko tokirik paradigmatikoenetako bat bilakatu da. Klub horietan, edarien edo sexu zerbitzuen truke dirutza gastatzera bultzatzen dituzte emakumezko bezeroak, helburu bakarrarekin: haien zorra beren gain hartuta, neskak dirua itzultzera behartzea prostituzioaren bitartez. Biktimei Frantziako xanpaina zerbitzatu ohi diete oharkabean, eta hiru milioi yen baino gehiago kobratu gero: 18.000 euro baino gehiago, soilik edaritan.

Biktimei laguntzen dieten erakundeetako bati esker, neska batek onartu egin du, anonimo aritzeko baldintza jarrita, bere esperientziaz hitz egitea. «Hasieran, klub horien gaineko jakin-minak erakarri ninduen: arreta, lilura eta emozioa hitzematen zituzten, eta tentagarria zirudien», azaldu du. Neskak kontatu duenez, idolo maskulino horiek «bezeroen zaurgarritasunaz» baliatzen dira: «Behar emozionalak eta diru falta aprobetxatuz, maileguak eta opariak ematen dizkiete eskuzabal itxura emateko, baina zenbait baldintza ere jarrita; hala, bezeroek ezin badute ordaindu, prostituzioan aritzera behartzen dituzte, zorra kitatzeko». Hunkituta mintzatu da.

Gazteak ziurtatu du guztiz harrapatua sentitu zela, ezer egin ezinik: «Beldurrez egoten nintzen egunero, zer etorriko ote zitzaidan ez banituen betetzen haiek eskatutakoak, eta hortik askatzeak ezinezkoa zirudien; lotsatuta nengoen, eta errudun sentitzen nintzen, bakartuta». Zorionez, klub horien biktima izandako neska hori gizon batekin jarri zen harremanetan kasualitatez, hain justu pertsonen salerosketa jasandakoei laguntzeko zenbait erakunderekin zerikusia zuen gizon batekin. «Salbatu egin ninduten, justu inoiz baino bakartiago eta etsiago sentitzen nintzenean», esan du.

Biktima horren hitzetan, jende askok ez daki zeinen arriskutsuak diren bai halako klubak eta bai idolo maskulinoek pertsona zaurgarriez aprobetxatzeko erabiltzen dituzten taktikak. «Kontzientzia publikoa areagotu beharra dago, eta poliziak eta gizarte langileak trebatu, esplotazio zantzuak antzemateko gai izan daitezen eta behartuta lanean ari direnei behar bezalako babesa eman diezaieten», salatu du gazteak.

Jarraibide liburua

Halako klubetan garai batean konpainiako gizon aritutako batek NHK Japoniako kate publikoari azaldu dionez —era anonimoan hark ere—, ligatzeko eta jendea ezagutzeko aplikazioak erabiltzera bultzatzen zituzten emakumezko bezeroak erakartzeko, eta, are, jarraibide liburu gisako bat ere bazuten, harreman horiek nola landu jakiteko eta tratu arauak eta estrategiak zehazteko. Eskuliburu horren arabera, aurkezteko orduan ez zitzaien komeni esatea egiatan zertan aritzen ziren: «Ez ezazu inoiz zeure burua konpainiako gizon gisa aurkeztu jendea ezagutzeko aplikazioetan… hala aurkeztuz gero, emakumeak konturatuko dira iruzur egingo diezula».

Prostitutu ohi horrek kontatu duenez, lehen-lehenik biktimari esaten diote gustuko dutela, eta haren bikotekide izan nahi dutela. Zenbait aldiz elkartu eta gero, gizonak biktimari aitortu behar dio maiz klub batean aritzen dela lanean, baina helburu jakin bat duela bere ametsa egia bihurtzeko; normalean, biktimarekin lotura erromantikoren bat eginda.

«Beldurrez egoten nintzen egunero, zer etorriko ote zitzaidan ez banituen betetzen haiek eskatutakoak, eta hortik askatzeak ezinezkoa zirudien».

PROSTITUITZERA BEHARTU ZUTEN GAZTE BAT

Hori gertatu eta gero, emakumeak sarritan onartu egiten du klubera joatea eta haren zerbitzuak eskatzea. Orduan, gizonak eta klubaren arduradunek zehazten dute zenbateko zorra pilatu dezakeen biktimak, eta zenbateko irabaziak sortuko dituen prostituzioan arituta.

Lekuko horrek esan du hilean 65.000 euro inguru irabazten zituela jardun horren truke. Haren hitzetan, hortik aurrera erraza da biktima engainatzea eta prostituitzera bultzatzea, esanez horrela harremanak aurrera segituko duela. Ziurtatu du ezen, esperientzia handia zuenez, gai zela emakumeak mota jakin batzuen arabera sailkatzeko. Neska gazteengana jotzen zuen gehienbat: sinesberak izan ohi dira, eta norberaren gauzetan gutxi gastatzekoak.

Atxilotuak, hiru halako

Gainera, haren arabera, emakumeak prostitutuaren eskaera guztiak onartutakoan, gizonak ingurukoengandik aldentzen du andrea, eta, beraz, erraza da biktima kale itsu batean harrapatuta geratzea. Gizonak behartu egiten du sare sozialetan dituen kontaktu guztiak ezabatzera, eta, are, sareetako profila ere kenarazten dio; biktimaren etxeko giltzaren kopia bat lortzen du, eta, kasurik larrienetan, klubak berak kontrolatutako etxe batean bizitzera behartzen dute emakumea.

Tokioko Polizia Metropolitanoak urtarrilean jakinarazi zuenez, iaz 140 emakume baino gehiago atxilotu zituen Kabukichon, ustez prostituzioan aritzeagatik: aurreko urtean atxilotutakoak halako hiru. Polizia Metropolitanoaren Departamentuak dio biktima guztiek ez dutela salatzen gertatutakoa, eta, horren ondorioz, segurtasun indarrei zailagoa zaiela jakitea zehazki zenbateraino dagoen zabalduta sare horiek martxan duten esplotazio jarduna.

Joan den urte bukaeran, Poliziak sarekada bat egin zuen Kabukichon, idolo maskulinoen 202 klubetan eta antzeko beste batzuetan; hala, frogatu zuten kluben %75ek legea urratzen zutela, gehienek ez baitzuten argi adierazia zenbat kostatzen diren haien zerbitzuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.