Manhattanen gertatu zen erasoa, atzo, Euskal Herrian 21:00ak jo baino lehenago. Bidegorri batean sartu zen kamioneta bat, eta aurrean harrapatutakoak zanpatu zituen. Dozenaren bat pertsona daude zaurituta.
New Yorkeko Udaleko agintariek adierazi zuten "terrorismo ekintza bat" izan dela, baina ez zuten beste xehetasunik eman.
World Trande Center eraikin berritik ez oso urrun gertatu zen erasoa. Stuyvesant eskola publikoa ere gertu dago, eta eskola horren autobus bat ere jo zuen gidariak. Bi heldu eta bi ume zauritu zituen hor.
Pick-up horren gidaria oinez atera zen, eta, tiro egiteari ekin zion, balinak jaurtitzen zituen arma batekin, eta pinturazko pelotak botatzen zituen beste batekin. Poliziek tiro egin, eta zauritu egin zuten gizona. 29 urte ditu, eta erietxera eraman zuten, atxilotuta.
Andrew Cuomo gobernadoreak adierazi zuen "otso bakarti" baten erasoa izan dela, baina inork ez du beste detailerik jakinarazi. Ikerketa zabalik dago. Lekukoren batzuek adierazi dute erasotzaileari entzun diotela "Ala handia da" oihu egiten.