Nelson Mandela Hego Afrikako presidente ohiaren osasun egoera kritikoa da, Jacob Zuma egungo presidenteak jakinarazi duenez. Zuma gaur zen joatekoa Mozanbikera goi bilera batera, baina bertan behera utzi du bidaia, Mandelaren egoera dela eta.
Mac Maharaj Hego Afrikako Gobernuko bozeramaileak esan duenez, azken bi egunetan okerrera egin du Madibaren osasunak.
Ohar bat plazaratu zuen atzo Zumak, azalduz atzo gaueko hamarretan Mandela bisitatzera joan zela erietxera. Jakinarazi zuen egoera kritikoan jarraitzen duela Madibak, baina egonkor dagoela. Gaur, berriz, esan du atzo baino "askoz hobeto" dagoela.
Halaber, eskerrak eman dizkie Mandelaren sendiari babesa adierazi dioten hegoafrikar guztiei. Erietxe kanpoaldetik jendetza igarotzen ari da, eta babes mezu asko utzi dituzte sarreran.
Ekainaren 8an eraman zuten Pretoriako ospitalera Mandela, biriketako infekzio baten eraginez. Iazko abenduaz geroztik, lau aldiz erietxeratu dute. Iragan igandean, ordea, okerrera egin zuen.