Lehen ikustaldian, zuzenekoan, zaila izan da jarraitzea, zehaztea Jerry Blackwell akusazioko abokatuak zenbatetan errepikatu duen «bederatzi minutu eta 29 segundo» esaldia. «Entzungo dituzuen zenbakirik garrantzitsuenak dira». Denbora tarte horretan izan zuen Derek Chauvin poliziak bere belauna George Floyden lepoan jarria, presio egiten, atxilotua arnasarik gabe geratu zen arte; iragan urteko maiatzaren amaieran gertatu zen, Minneapolisen (AEB). «Ezin dut arnasa hartu esaldia 27 aldiz esan zuen; hori ere hainbatetan entzungo duzue», adierazi du behin baino gehiagotan Blackwellek. Jarraian jarri du mundu osoan ibili den bideoa: Floyd, Chauvin gainean duela, itotzen, gero eta indar gutxiagorekin, ahotsa itzaltzen ari zaiola, eta gainontzeko poliziak inguruan dituela, oinezkoen eskariei ezezkoa ematen.
Irudi gogorrekin eta mezu indartsuekin hasi dira Chauvinen aurkako epaiketako lehen argudiatzeak, eta, ziurrenik, prozesu judiziala aztertuko dutenek eta horretan parte hartzen ari direnek ez dute soilik behin ikusiko Floyden heriotza betirako gorde duen klipa. «Zure begiek ikusten dutena sinets diezakezu: hori homizidio bat da, hilketa bat da», ziurtatu du Blackwellek.
Zauriak irekita daude oraindik, haserrea ez da inoiz joan sendien eta milioika herritarren artetik, heriotzatik ia urtebete pasatu den arren; gizon afro-amerikarra sinbolo bilakatu da Black Lives Matter mugimenduaren garaian, beste hainbaten hilketarekin gertatu ez den bezala. Iaz, esaterako, 1.127 lagun hil ziren segurtasun indarrekin izandako hartu-eman baten ostean, eta soilik hamasei agente inputatu zituzten; biktimetako %28 beltzak ziren, AEBetako biztanleriaren %13 diren arren, Mapping Police Violenceren arabera.
Sendien eta abokatuen arabera, Floyden heriotza kopuru horien parte da, eta ez zen droga gaindosi baten ondorioz hil, Eric Nelson defentsako abokatuak argudiatu duen bezala, toxikologia probek erakutsi baitzuten biktimak aurrez metanfetamina eta fentaniloa kontsumitu zituela. «Areto honetan ez dago kausa politiko edo sozialik. Frogetan oinarritzen gara».
Horietako bat, orain arte inoiz ikusi gabea, Cup Foods dendaren kamerek grabaturikoa izango da. Han hasi zen dena, Floydek ustez hogei dolarreko billete faltsu bat erabili zuelako zigarretak erosteko: «Argi eta garbi, kasu hau bederatzi minutu eta 29 segundo baino luzeagoa da. 50.000 froga baino gehiago daude».
Akusazioak, Blackwellek azaldu bezala, argudiatuko du Floyd armarik gabe zegoela, eskuak lotuta eta «erabat polizien kontrolpean», eta, halere, Chauvinek bederatzi minutu inguruz izan zuela bere belauna biktimaren lepoan: «Polizien jarrera kodeak dio ez dela inoiz erabili behar beharrezkoa ez den indarkeria edo indarrik». Nelsonek, horri erantzuteko, agenteek soinean zituzten eta autoaren barruan zeuden kamerek grabaturikoa erakutsiko du, akusatuaren jarrera biktimak izan zuenaren ondorio izan zela frogatzeko.
Bi abokatuak gauza bakarrean jarri dira ados hasierako deklarazioan: Andrew Baker medikuaren testigantza garrantzitsua izango dela, Floyden heriotza zerk eragin zuen argitu nahi baitute harekin, gaindosiak eta bihotz arazoek ala poliziaren belaunak. Akusazioak dio Chauvinek «gehiegizko indarkeria erabili» zuela; defentsak, ezetz. Horretan egongo da borroka judiziala.
«Amerikari buruzko erreferendum bat»
AEBetako Poliziaren arrazakeriari eta erakunde horren ereduari buruzko eztabaida azaleratu zuen Floyden hilketak, eta hainbat manifestazio eragin zituen nazioartean. Hilabeteotako adierazpenak aztertuta, AEBetako afro-amerikar askok itxaropen gutxi dute epaiketan eta hortik aterako den sententzian, etxean eta munduan oihartzun handia izango duen arren. Floyd familiaren abokatu Ben Crumpen arabera, «Amerikari buruzko erreferendum bat» izango da.
Autopsia ofizialak dio «bihotz-biriketako geldialdi» baten ondorioz hil zela Floyd; sendia kritiko agertu zen horrekin, eta beste autopsia bat eskatu zuten, beraien kabuz. Azken horrek ondorioztatu zuen asfixiatuta hil zela. Chauvini bigarren graduko erailketa, hirugarren graduko erailketa eta nahi gabeko hilketa delituak leporatzen dizkiote, eta 41 urte eta erdiko espetxe zigorra jaso dezake.
Akusazioaren eta defentsaren argudioak entzun aurretik, Floyden sendiak adierazi du AEBetan ez liratekeela «bi justizia sistema» egon behar: «[Chauvinek] Arima atera zuen nire anaiaren gorputik. Justizia behar dut Georgerentzat; kondena bat behar dugu», esan du Philonise Floyd Georgeren arrebak. Iragan martxoan, Minneapolisko Udalak 22,9 milioi euro eman zizkion familiari, heriotzak eragindako «kalteengatik», eta espero du asteak iraungo duen epaiketatik zigor «justu eta proportzional bat» aterako dela. Sinbolo bilakatu dena egin dute hori adierazi ostean: belaunikatu egin dira.