Bilbon izan da bi hilabetez Federico Giuliani argentinarra (1975, Rio Cuarto, Cordoba). Argentinako ATE Estatuko Langileen Elkartea sindikatuko idazkari nagusia da Cordoba eskualdean, eta borrokaren lehen lerrotik pixka bat aldentzeko etorri da Euskal Herrira, «arnasa hartzera». Hala ere, ez ditu alde batera utzi militantzia eta borroka politikoa, eta hainbat jardunalditan eta elkarrizketatan aritu da, Argentinara itzuli aurretik, «justiziaren aurrean kontu ematera».
Zer moduz zaude? Zein izan da zure borroka?
Labur esanda, justizia sozialaren alde borrokatzeagatik nago hemen. Duela bi urte, protesta sozialen kriminalizazioa areagotzen hasi zen Argentinan, Javier Milei presidente bihurtu zenean. Protestatzea eskubide bat da, eskubide guztien oinarria. Hainbat kargu leporatu zizkidaten zenbait mobilizaziotan protestatzeagatik.
Eta horiengatik kartzelatu zintuzten, ezta?
Hori da. Karguak pilatuz joan zitzaizkidan, eta, iazko abuztuaren 28an, Cordoba hiriburuan egindako mobilizazio baketsu batean, Poliziak gure kontra jo zuen, eta hamabost lagun atxilo hartu, ni barne. Besoa hautsi zidaten, eta segurtasun goreneko kartzela batean sartu. Jendearen mobilizazioei esker atera nintzen handik. Behin-behinean espetxeratu ninduten, eta horrek bidea ematen dio judizializazioari. Buruzagi politikoa naizelako atera nintzen kartzelatik; bestela, barruan egongo nintzateke oraindik. Kartzelak jende gaztez beteta daude, gazte txiroz, eta nabarmen urratzen dira barruan daudenen giza eskubideak.
Orain Bilboko Martin Etxean egon zara bizitzen, errefuxiatu gisa. Zer-nolako egonaldia izan duzu Euskal Herrian?
Sare asko ehuntzea lortu dugu. Misio politikoa bete dugu, eta ikaskuntza handia izan da. Munduko hainbat lekutako borroken berri eman diogu elkarri, eta ulertu dugu zapalkuntzaren kausa bera dela toki guztietan: kapitalismoa.
Ultraeskuinak irabazi zituen Argentinako Legebiltzarrerako hauteskundeak urrian. Eta ez da Argentinako kontua bakarrik; duela aste batzuk, Txileko presidentetzarako bozetan, ultra bat nagusitu zen.
Bai. Lehen aldiz, herriak hala bozkatu duelako daude ultraeskuina eta faxismoa Argentinako gobernuan. Langile klaseak bere borreroaren alde bozkatu du.
Nire ustez politikan ez dago fenomeno bakanik. Fenomenoak globalak dira. AEBak eta Txina lehia estuan ari dira, eta AEBak, atzeraka ari direnez, behartuta daude Latinoamerikako eta Karibeko lurraldeetara gerturatzera. Ikusi besterik ez dago zer gertatu den Txilen, Bolivian, Perun, Ekuadorren, El Salvadorren eta Paraguain, adibidez.

Hiru elementu nagusi ikusten ditut eskuineko mugimendu horien sorburuan. Lehenik, segurtasunaren aldeko diskurtso gogorra; jokabide gogorra, kartzelak. Bigarrenik, diskurtso arrazista. Tamalgarria da. Latinoamerikan eta Kariben beti izan gara esku zabalak immigrazioarekin, baita Europatik etorritakoekin ere. Eta hirugarrenik, krisi ekonomikoa. Hain zuzen, ezkerreko gobernu progresistek eragin diguten krisi ekonomikoa.
Hortaz, ezkerraren porrotarekin ere lotzen duzu ultraeskuinaren gorakada?
Bai, sistema demokratikoaren krisiarekin. Sistema honek ez dio bermerik eman herriari. Ez ditu bermatzen etxebizitza, janaria… eta hezkuntza eta osasungintza publikoa ere ez dira nahikoak.
Ezkerreko gobernua aldendu egin da erdigunean egon beharko lukeen oinarri batetik: justizia sozialetik. Jendeak ez du diskurtso apaindu baten alde. Zuriaren edo beltzaren garaia da, eta grisak galdu egiten du. Mileik proposatzen duenaren antitesia eraiki behar da, eta ez haren bertsio apaindua osatu; bestela jendeak bertsio originalaren alde bozkatuko du. Hau da, sakoneko ezker batekin aurre egin behar zaio ultraeskuinari, langile klasearen programa politikoa onduz.
Horrekin lotuta, aipatu izan duzu garrantzitsua dela langile klaseak politika berreskuratzea.
Hori da. Inperialismo yankia eta kapitalismoa dira etsaiak, eta nabarmen gailentzen ari zaizkigu borroka kulturalean. Langile klasea zatituta dago, eta bada jendea ez dena klase horren parte sentitzen. Apurtu egin dute langile klasearen ikuspegi orokortua. Sinetsarazi dute ondokoak lehiakideak direla.
Demokrazia berreskuratu genuen bozkatzeko sistema gisa, baina gure herriari eskubideak bermatu gabe. Liberala, burgesa eta neokoloniala da egungo sistema, eta, hartan, lau urtetik behin bozkatzean baino ez datza herriaren partaidetza. Horrek aldendu du jendea politikatik.
«Liberala, burgesa eta neokoloniala da egungo sistema, eta, hartan, lau urtetik behin bozkatzean baino ez datza herriaren partaidetza. Horrek aldendu du jendea politikatik»
Gainera, ikusten dugu alderdi politiko guztiak direla demokrazia liberalaren parte. Ohartu beharra dugu talde horiek ez dutela politikatik behar. Nahi dutena erosten dute. Herria da politika behar duena, askapenerako eta partaidetzarako tresna gisa, eta langile klasearen programa osatzeko bide gisa.
Horren inguruan, nola ikusten duzu Argentinako egoera?
Ni ez naiz gazteak galduta daudela pentsatzen dutenetakoa. Gazte askok eta askok ez du bozkatzen, uste baitute kondenatuta daudela eta ez dutela bizi proiekturik izango. Lehenik eta behin, hunkitu egin behar dira, eta haiekin batera proiektu bat sortu. Eta beste kontu bat. Argentinako herritar gehienek ez zuten Mileiren alde bozkatu; gehienak abstenitu egin ziren, edo boto zuria edo baliogabea eman.
Protesta eskubideari berriro helduta, uste duzu orain sistemak badituela eskubide horren aurka egiteko zeharkako tresna batzuk, modua ematen diotenak indarkeria zuzenean erabili behar ez izateko? Sare sozialak, agian?
Gramsciren hitzak baliatuta, esango nizuke etsaiak hegemonia kultural bat eraiki duela, dena maneiatzen baitu. Kontakizun etsigarria da hori, eta deseraiki beharra dago. Kontrabotere bat sortu. Nik pentsatzen dut langile klasearen programa politikoak gune guztiak okupatu behar dituela: sindikatuak, lantegiak, auzoak, politika alderdikoia…
Sare sozialak ere tresna erabilgarriak dira, baina osagarriak, betiere. Milei kargutik kenduko badugu, kaleak izan behar du gure artean harreman indartsuak egiteko lekua; langile klasearen programa bat sortu behar da, eta gizakiak duen baliorik preziatuena kontuan hartu: klase elkartasuna. Behetik hasita jardun behar da, eta ezkerretik.