Neke kronikoa
Josu Sanjurjo | Hegazkineko low cost bertsoak
Lesakan (Nafarroa) jaioa, 1993an. Zortzi urterekin hasi zen bertso eskolan. 2005 eta 2007an Nafarroako Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen, txikien mailan, eta 2011an gazte mailan izen zen garaile. 2021ean lehenengoz sailkatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako, eta zazpigarren postua erdietsi zuen. 2023ko txapelketan ere finalean izan zen; seigarren izan zen orduan.
Protokolo gorpuztuak
Eraso matxistei aurrea hartu eta erantzuteko tresna gisa baliatzen ditugu protokoloak. Baina, zergatik dira benetan garrantzitsuak? Galdera horrekin abiatu dugu Berria FMren hirugarren denboraldiko azken saioa. Eta ez da edonolakoa izan: Hezkidetza eta Pedagogia Feministen III. Kongresuan grabatutako zuzeneko saio berezia izan da, jendaurrean partekatua. 'Protokolo gorpuztuak: komunitatean, hezkuntzan eta kirolean' izeneko solasaldian, lau ahots bildu ditugu mahaiaren bueltan: Marivi Fernandez Roldan, Donostiako Berritzeguneko zuzendaria; Laura García Rodriguez eta Lidia Latorre Bañares, Amarauna Basket Fem sareko kideak; eta Idoia Arraiza Zabalegi, Emagineko kidea. Elkarri entzunez, esperientziak eta erronkak josi ditugu, protokoloek erreparazioa, ardura kolektiboa eta babes eraginkorra bermatzeko zer behar duten elkarrekin hausnartzeko.
Ezusteko pozak
Zapato Azule osteko igande beltzari bukaera duina emateko, eta Mutrikun bainua hartu ondoren, pizza afaltzeko plana egin genuen. Ondarroako Basati pizzategira hurreratu ginen Mutrikutik bueltan. Han pizzak hartu eta autora berriz, etxera bidean. Gure autoak baditu urte batzuk, Volkswagen Touran bat da, eta aukeran zazpi lagun sar daitezke bertan. Hainbat eserlekurekin hartu genuen familian edo lagun artean txangoak egiteko. Umeak bertan hasi dira, ume txiki izatetik, aulki txikietan, nerabe izatera.
Baina Artabide kalean, Lekeitiorako bidean buelta hartzera nindoala gurpila zulatu zitzaidan. Ordezko gurpilaren bila hasi ginen semea eta biok. Zazpi aulkien azpian bilatu eta ezer ez, auto azpian begiratu eta ezer ez. Azkenean, Youtube-n aurkitu genuen bideo batek esan zigun Touranak ez duela ordezko gurpilik. Garabiari deitu behar izan genion.
Hantxe, Artabiden, bada plazatxo bat, nondik portua eta itsasoa ikusten diren. Hantxe eseri ginen garabiaren zain. Semeak esan zidan, “badakit zerri buruz egin behar duzun zutabea, gertatu zaigun honi buruz. Begira, gurpila zulatu eta garabiaren zain gaude gaueko orduetan. Baina beste alde batetik, pentsa, izarrei begira ari gara pizza afaltzen. Ezusteko poza esaten zaio horri. Gutxien espero duzunean datorren zorionari. Bestela ez genituen elkarrekin igaroko ordutxo hauek”.
Arrazoia eman nion. Hemen duzue beraz uda aurreko azken zutabea, ezusteko pozez. Iraila arte, izan zuek ere zoriontsu.
Arrazakeria karrikan dabil
Lo vimos en Irun taldea du hizpide Berriketan saioaren atal honek. Mezu eta irain arrazistak zabaltzen dituzte han, eta larunbatero herritar taldeak antolatzen dituzte komunitate magrebtarra biltzen den lekuetara joan eta bizilagun horiei jazartzeko. Antxeta irratiak ikerketa egin du gai horri buruz, eta Aimar Lopez Erasun kazetariak azaldu dizkigu xehetasunak.
Joseba Zulaika Irureta: Mikel Reparazen 'Amerikaren arrakalak'
Hamaseigarren ataleko gonbidatua Joseba Zulaika Irureta antropologo eta idazlea izan da. Eta aukeratu duen liburua Mikel Reparazen Amerikaren arrakalak (Alberdania, 2024).
Atal honetan erabilitako kantuak:
· BILLIE HOLIDAY - Strange Fruit
· WOODY GUTHRIE - All You Fascists
· JOSEBA B. LENOIR - Hamabi lagun hilkor · THOMAS NEWMAN - American Beauty
· BOB DYLAN - Masters of War
· THE DRONES - Oh My
Israel, Iran eta AEBen mutur luzea
Ekialde Hurbileko egoera du hizpide Berriketan saioaren atal honek. Israelek Iran eraso ondotik, bi herrialdeen arteko eraso katea hasi zen, harik eta AEBk muturra sartu eta Irango gune nuklear garrantzitsuenen kontra bonbak jaurti zituen arte. Egoera korapilatsu horren analisia egin digu Arantxa Elizegi Egilegor BERRIAko editoreak.
Denon bizitza
JFK aireportura goiz iritsi ginen kontrol guztiak garaiz igarotzeko. Uda bezperetan, bidaiari andana bildua zen bertara eta ilarak luzeak ziren. Kontroletik pasa eta gero, halako batean, konturatu ginen arten pare bat ordu genituela Atlantikoa zeharkatuko zuen hegazkina hartu orduko. Jatetxe batean eseri eta zerbait afaltzea otu zitzaigun. Batean eta bestean begiratu ondoren, amerikar itxurako batera bildu ginen azkenean, badakizue, garagardoak, hanburgesak, patatak eta horrelako litxarkeriak eskaintzen dituzten horietako bat; bezeroak barran eserita kirola ikusten telebistetan, tipo horretako bat.
Baina tabernara sartzeko ere ilara luzea zegoen. Arraroa zen, jatetxe barrura begiratu eta ez baitzen ikusten beteta, mahai asko zeuden hutsik. Halako batean, zerbitzari bat hurreratu zitzaigun ilarara. “Ez bota niri errurik, Trump presidenteari eskatu kontuak. Mahaiak libre daude baina ez daukagu nahikoa langile haiek zerbitzatzeko ezta sukaldean lan egiteko ere, eta horregatik itxaron beharko duzue. Migratzailerik gabe ez dago afaririk”, bota zigun haserre, “Trumpi esan”. Nonbait langileek ez zuten handik agertu nahi deportazioen beldur, nahiago zuten lanik ez egin kanporatuak izatea baino.
Erabaki politikoek aldatu egiten duten bizitza. Denon bizitza.
Itzalaldia argitu nahian
Apirilaren 28ko itzalaldiaren arduradunak ditu hizpide Berriketan saioaren atal honek. Espainiako Gobernuaren arabera, Red Electricaren eta argindar konpainien erantzukizuna izan zen itzalaldia. Egun horretan gertatu zena eta eskura ditugun datuekin zer ondorio atera ditzakegun azaldu digu Irune Lasa BERRIAko Ekonomia saileko kazetariak.
Gazara ezin iritsi
Gazarako mundu martxa du hizpide Berriketan saioaren atal honek. Mundu osoko 4.000 aktibista inguru Egiptora joan dira, basamortua oinez zeharkatu eta Rafahko pasabidean protesta egiteko. Egiptotik Palestinan sartzeko bidea da hori, eta Israelek ez du muga horretan prest dagoen laguntza humanitarioa Gazan sartzen uzten. Martxa ezin izan dute egin, poliziaren errepresioa dela eta. Maite Gartzia aktibista Egipton da, martxan parte hartzeko asmoz joan zen, eta gertatutakoa kontatu digu.