Erkoreka: «Legea ezin da bortxatu interesen arabera»

Jaurlaritzarentzat «oso larria» da Espainiak 'Parot doktrinarekin' «ingeniaritza juridikoa» egingo duela esan izana

Erredakzioa
2013ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
«Oso larritzat» jo du Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak Parot doktrinari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiak hartuko duen erabakiaren inguruan agertu duen jarrera. «Ezin dira zuzenbidearen edukia eta legeen eragina bortxatu, estatuari momentu bakoitzean interesatzen zaionaren arabera», adierazi du Erkorekak. «Zuzenbide Estatuaren izenean» legearen irizpideak «nahastea» leporatu dio PPren gobernuari.

Izan ere, Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek esan zuen «ingeniaritza juridikoa» erabiliko dutela Estrasburgoko Auzitegiak 197/2006 doktrinaren aurkako epaia ematen badu. «Oso kezkagarriak» dira hitz horiek, Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen ustez. Erkorekak gaineratu zuen Juan Fernando Lopez Aguilar Justizia ministro ohiaren (PSOE) hitzak gogorarazi zizkiola Fernandez Diazek. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu presoak kaleratzea saihesteko; posible bada, akusazio berriak eraikiz», esan zuen Lopez Aguilarrek 2006an, 197/2006 doktrinaren oinarriak jartzen ari zirenean.

Barreras«mehatxatu» dute

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Oskar Barreras presoa mehatxatu eta iraindu egin dute Puerto III (Cadiz, Espainia) espetxeko funtzionarioek. Han preso duten Xabier Rey bakartze ziegan zuten urtarriletik, eta, haren berririk ez izatean, protesta egitea erabaki zuten euskal presoek: zenbaketan funtzionarioek zutitzeko eskatzen zietenean, ez zuten agindua betetzen. Joan den martxoaren 10ean, zutitzen ez zela ikustean, ziegan sartu zitzaizkion Barrerasi funtzionarioak. Salatu du beste ziega batera eraman zutela, besoa bihurritu, lepotik heldu eta bularrean ukabilkada bat eman ostean. Biluztera behartu zuten han, eta iraindu egin zuten. Etxerat-ek berri eman duenez, han ziren preso sozialek gose grebari ekin zioten Barreras ziega hartatik atera bitartean. Barrerasek salaketa jarri du espetxean bertan.

Bestalde, ekainaren 2an Lasterbidean sakabanaketaren aurkako lasterketa egingo dutela jakinarazi zuten atzo. Oiartzunen (Gipuzkoa) izango da, eta presoak ere «laster bidean» izatea espero dutela adierazi dute antolatzaileek: «Laster etxera bidean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.