'Parot doktrinari' buruzko epaia 21ean jakingo da

Konstituzionalak ebatzi du Jaengo espetxeak intimitate eskubidea urratu zuela preso bat biluzarazi zuenean

Erredakzioa
2013ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak astelehenean jakinaraziko du Parot auziari buruzko azken epaia. Ines del Rio presoari doktrina ezarrita eskubideak urratu zitzaizkion erabakiko du Estrasburgoko auzitegiak: zuzenbidearen oinarriak hautsita atzerako eraginez ezarri zitzaion neurria, edo modu egokian luzatu zitzaion espetxealdia. Del Rioren egoerari buruzkoa izango da epaia, baina 192/2006 doktrina ezarria duten gainontzeko 70 presoei eragingo die zuzenean.

Del Rioren defentsak jaso duerabakiaren berri emango den dataren jakinarazpena. Astelehenean argituko da azken erabakia, 11:30ean.

Del Rioren defentsak badu esperantza doktrinaren ezarpena bertan behera utziko dutela, iazko ebazpena mantenduta. Bat-batean irizpide berria ezartzeak oinarrizko eskubideak urratu zizkiola argudiatuta, presoa berehala askatzeko agindu zuen Estrasburgok iazko uztailean. Espai- niak ez zuen bete agindua, eta erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen. Astelehenean erantzungo zaio eskaera horri, eta horixe izango da azken epaia, helegite gehiagorik onartuko ez duena.

Miaketen urraketak

Juan Carlos Balerdi euskal presoari intimitaterako eskubidea urratu zitzaion Jaengo espetxean, erabat biluzarazteko agindu ziotenean. Horixe ebatzi du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, presoaren babes eskeari arrazoi emanda. 2010eko azaroan aurrez aurreko bi bisita izan zituen presoak, eta, konstituzionalak azaldu duenez, «miaketa integralak» egin zizkioten bi bisiten ondoren.

Auzitegiaren arabera, halako miaketak «beharrezkoak» izan daitezke egoera batzuetan; betiere, segurtasuna jokoan dagoenean. Espetxearen argudioen arabera objekturen bat gordea izan zezakeelakoan biluzarazi zuten presoa, baina auzitegiak ohartarazi dionez, espetxeak ez ditu segurtasun arrazoiak aipatu miaketaren beharra azaltzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.