Etxepareko ikasleek baxoa euskaraz egitea aldarrikatuko dute Parisen

Etzi protesta eginen dute, Frantziako Hezkuntza Ministerioak ikasleen kexua entzun dezan

Aitor Renteria.
Baiona
2014ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Paris hautatu dute Baionako Etxepare lizeoko ikasleek beren haserrea adierazteko. Aspaldiko eskaria molde berritzailean gauzatuko dute aurten. Parisek Euskal Herriko ikasleen aldarriari ihardesten ez dioenez, protesta Pariseraino eramatea deliberatu dute. Bi aldarri nagusi ukanen ditu protestak: batetik, baxoa euskaraz egin ahal izatea eskatzea, eta, bigarrenik, ikastolentzako legea aldarrikatzea.

Urtarrilaren 21ean egin zuen agerraldia Baxoa Euskaraz taldeak. Gogoratu zuten borrokari esker erdietsi zela baxoko historia-geografia eta matematika azterketak euskaraz egin ahal izatea. «Eskubide urraketa da ikasketa prozesu osoa euskaraz egin ondoren frantsesa baliatu beharra ikasketak segitu ahal izateko funtsezkoa den azterketan», nabarmendu zuten ikasleek. Koherentziaz jokatzea eskatu zioten Frantziako Gobernuari eta Hezkuntza ministroari.

Orain artean bezala, astero gutunak igortzen dizkiote Hezkuntza ministroari, eskaria berresteko. Ez dute erantzunik ukan. Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatariekin biltzen hasi dira. Colette Capdevielle Baionako diputatuak (PS) sostengua helarazi die. Gisa berean, izenpetze kanpaina bat egin dute, eragile politikoen sostengua lortzeko.

Aitzinaren elkartasuna

Aitzina gazte antolakundeak Bernat Etxepare lizeoko ikasleen aldarriarekin bat egin, eta Parisko ekintza sinbolikoan parte hartzera deitu du. Euskararen aldeko zinezko hizkuntza politikarik ez dagoela salatu du taldeak. Oro har, Parisek euskara bigarren mailako hizkuntza gisa hartzen duela gaitzetsi du.

Aitzina-k Frantziako Gobernuaren erantzukizuna nabarmendu du. Euskararen garapena oztopatzen duela azaldu du, gaur egun indarrean dagoen legedia baliatzen duelako eragileei trabak ezartzeko eta. «Euskara babestu behar dela erraten du gobernuak, baina ikastola proiektuak auzitan ematen ditu, eta EEPri diru laguntzak gutxitzen dizkio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.