Herrira-ren kontrako polizia operazioa

Eskubideen aldeko lanari hamaikagarren kolpea

'AABen eta Askatasunaren auzian' zigortutako 20 lagunek preso jarraitzen dute, preso eta iheslarien eskubideen alde egindako lanagatik. Abokatuen kontra ere egin izan dute.

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Euskal preso eta iheslarien eskubideak defendatzen lan egin dutenak zelatatzeko joera ez du berria Espainiako Auzitegi Nazionalak. Herrira-ren kontrako operazioaren aurretik ere egon da jazarpena. Esate baterako, Amnistiaren Aldeko Batzordeetan (AAB) eta Askatasunan lanean aritzeagatik preso daude oraindik 20 lagun. Eta ez haiek bakarrik: abokatuak ere pasatu dira presoak defendatzetik preso egotera. Arantza Zulueta, Jon Enparantza eta Iker Sarriegi preso egon ziren 2010eko apiriletik azarora; Iñaki Goioaga eta Unai Errea ere egon dira giltzapean; eta Haritz Escudero eta Haizea Ziluagaren kontrako sumarioak ere ireki zituzten. Ez hori bakarrik, Etxerat-en kontra egiteko imintzioak ere egin zituen Eusko Jaurlaritzak. Gainera, hainbat herritar anonimo ere epaitu eta zigortu dituzte euskal presoen argazkiak erakutsiz haien eskubideak defendatzeagatik.

2001ean eman zuen aurreneko kolpea Auzitegi Nazionalak. Dena ETA da teoriaren sortzaileBaltasar Garzon epaileak aginduta, AABetako eta Senideak-eko 13 lagun atxilotu zituen Espainiako Poliziak, urriaren 30eko gauean. Berrehun poliziak hartu zuten parte, eta Garzon ere Euskal Herrian izan zen. Hilabete beranduago AABak legez kanpokotzat jo zituen Garzonek, eta operaziotik urtebete ingurura 24 lagun auzipetu zituen, ETAko izatea edo hari laguntzea egotzita.

2008an egin zuten epaiketa, Madrilen, Auzitegi Nazionalak Casa del Campon zuen egoitzan. 27 lagun eserarazi zituzten akusatuen aulkian, eta haietako 21 zigortu, errepresaliatuen eskubideen alde egiten zuten lanagatik. Hamar eta zortzi urteko zigorrak jarri zizkien, «talde terroristako kide» izatea egotzita, eta AAB eta Askatasuna legez kanpo utzi zituzten. Zigorra jakin orduko, «errepresioa salatzea» debekatu zutela salatu zuen Julen Larrinaga auzipetuak. Baina, epaiak epai, elkartasuna ez zela etengo ohartarazi zuen: «Ziur gaude jendea jabetuko dela zein defizit politiko dagoen eta elkartasun dinamikak aurrera egingo duela». Zigortutako 21 lagunetatik 20ren kontrako epaia berretsi egin zuen Gorenak 2009ko urriaren 16an. Ekintza «terroristarik» egin zutenik frogatu ez arren, «talde terroristako kide» izatea leporatuta zigortu zituzten. Preso daude oraindik.

PSE-EE, Etxerat-en kontra

AABetako kideak Gorenaren epaiaren zain zirela egin zuen Etxerat-en kontra jotzeko imintzioa PSE-EEren esku zegoen Eusko Jaurlaritzak. 2009ko irailaren 25ean eman zuen abisu Rodolfo Aresek berak Eusko Legebiltzarrean. Euskal preso eta iheslarien senitarteko eta lagunen elkartea legez kanpo uzteko asmoarekin auzitegietara txostenak bidali zituela jakinarazi zuen.

Elkartearen webgunea aztertuta, horren helburuak presoak Euskal Herriratzeko eskatzea baino harago doala ondorioztatu zuen Herrizaingo Sailak. Horretaz gain, preso horien izaera politikoa eta lana aldarrikatzea eta omentzea ere badela. Txosten horrek ez zuen haragoko ibilbiderik egin, eta auzitegiek ez zuten jo Senideen kontra.

Espainiako Auzitegi Nazionalean aritzen diren abokatuen kontra, berriz, Auzitegi Nazionalak berak egin zuen. 2010eko apirilean Arantza Zulueta, Iker Sarriegi eta Jon Enparantza atxilotu zituzten, beste zazpi lagunekin batera. Fernando Grande Marlaska epaileak agindu zuen haiek espetxeratzeko, ETAko kide izatea edo hari laguntzea, ETAren helburuak zehaztea eta iraultza zergaren ordainketarako laguntza ematea leporatuta. Zazpi hilabete geroago atera ziren espetxetik, 60na mila euroko bermea ordainduta. Auzi horretan nahastuta, Unai Errea abokatua ere deklaratzera deitu zuten maiatzean, eta 10 mila euroko bermearekin libre utzi. Hala ere, aurretik ere preso egona zen Errea, Frantzian.

Iñaki Goioaga ere atxilotu zuten 2009ko ekainean, eta urte eta erdi preso eduki ostean, 60 mila euroko bermea ordainduta atera zen libre. Haren kontra nahiko froga ez zegoelako, absolbitu egin zuen Auzitegi Nazionalak, iazko azaroan kaleratutako auzian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.