Euskal presoak. EPPKren bitartekarien kontrako polizia operazioa

Zubi bat itsasoaren erdian

EPPKren bozeramaileen eta Euskal Herriko zein nazioarteko eragileen arteko komunikazio lanak egin eta prozesuan sakontzeko sortu zen bitartekari taldea, kolektiboak berak hala eskatuta.

EPPKren bitartekari taldea osatzen duten 25 lagunak, 2012ko uztailaren 2an eginiko aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
jokin sagarzazu
2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Esan zuten EPPK-ko presoek abenduaren 28ko agirian. Egoera zailetan eta jazarpenari aurre eginez hartu dutela erabakia. Urteetako egoerarik «zorrotzenean». Euskal presoen kolektiboko kideek, baina, beti izan dituzte oztopoak eztabaidarako eta hartutako erabakiak euskal gizarteari helarazteko. 25 bete dira aurten euskal presoak sakabanatzeko erabaki politikoa indarrean sartu zenetik, eta euskal presoak ehun bat espetxetan izateaz gain, kartzela barruan ere inoiz baino banatuago dituzte: modulu batean bi edo hiru euskal preso izaten dituzte, eta espetxe berean dauden besteekin harremanak, debekatuta. Presoek euren artean ia ikusi ezinik eta kaleko harremanak beste presoek baino baldintzatuagoak. Egoera horretan egin dute eztabaida EPPK-ko kideek. Eta hartu dute ia eragile guztiek txalotu duten erabakia.

Baina kolektiboaren hausnarketak garrantzia badu, izan du konponbidearen alde lanean ari diren beste eragileekin batera eta norabide berean hartutako erabakia izan delako. Eta, horretarako, komunikazioa beharrezkoa da. Hori izan da, hain justu, espetxeetako harresiak gainditu eta zubigintzan aritu den bitartekari taldearen zeregina. «Urratsak egiteari buruz hitz egiten ari den honetan, kolektiboari ahalbidetu beharko zaio egoera bat non gaiei sakon heldu ahalko dien; proposamenetan sakondu eta babesteko eskatzen ari bazaio, ahalbidetu beharko zaio hori egin ahal izatea», adierazi zion BERRIAri bitartekari taldeko Aintzane Orkolagak, uztailean eginiko elkarrizketa batean. Atzo atxilotu zuten.

Harremanak sakontzen

Presoekin lotura handia duten pertsonek osatzen dute taldea: preso ohiek eta espetxea ezagutu duten abokatuek. Denera, 25 lagun. Horietatik zortzi atxilotu dituzte. Duela urte eta erdi sortu zen bitartekari taldea, EPPKren mintzaidetzak berak hala eskatuta. Eta denbora tarte horretan taldeko kideen lana izan da presoen kolektiboak hartutako jarrerak gizarte eragileei aurkeztea, eragile horien iritziak jasotzea eta horiek presoei helaraztea.

Lokarrirekin egin zuen jendaurreko lehen bilera, eta ordutik hainbat gizarte eragile eta alderdi politikorekin izan da, modu diskretuan, gehienetan. Denbora horretan ere, presoek gatazken konponbide prozesuetan zein ekarpen egin dezaketen aztertzeko mintegi bat antolatu du bitartekari taldeak. Aurtengo apirilean izan zen, Bilbon, eta bertan izan ziren Irlanda, Hegoafrika, Palestina, Kolonbia eta Kurdistango ordezkariak.

Iazko maiatzean, berriz, Harremanetarako Nazioarteko Taldearekin bildu zen, Brian Currinen taldeak Euskal Herrira eginiko azken bisita ofizialean. Mahai berean eseri ziren HNTko Currin, Alberto Spektorowski, Pierre Hazan eta Raymond Kendall eta bitartekari taldeko Oier Gonzalez, Arantza Zulueta eta Mitxel Sarasketa. HNTk balorazio baikorra egin zuen presoen kolektiboaren jarreraz, eta mintzaideekin espetxeetan biltzeko nahia agertu zion bitartekari taldeari.

Iazko martxoan Iruñean eta Bilbon eginiko Foro Sozialaren gomendioen berri jaso ostean izan zen Currinen taldea Euskal Herrian. Bitartekari taldeak foro horretan parte hartu zuen eta han adostutako gomendioak helarazi zizkien Espainia eta Frantziako espetxeetan preso diren kolektiboko mintzaideei. Maiatzaren 27an aurkeztu zituzten eskakizunak Aieteko Bakearen Etxean, eta zazpi hilabete geroago eman zuen bere erabakiaren berri presoen kolektiboak. Gomendioekin bat egin eta horien inguruan adostasunak eraikitzeko eta gomendioen puntuen garapenerako formulazioak bilatzeko, Euskal Herriko eragileekin harremanak irekitzeko nahia agertu zuen.

Hori nola bideratu aztertzen ari zirela egin dute bitartekari taldearen aurkako polizia operazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.