Europako hauteskundeak. Nafarroa

Hautetsontzi ikusezina

PSOEren erabakiaren ondorioz, Nafarroan ez da bigarren hautetsontzirik izango. Europako hauteskundeek ez dute zerikusirik parlamenturako bozekin, baina emaitzak inkesta erraldoi baten antzera jokatuko du.

Iruñeko Anaitasuna kiroldegian EH Bilduk larunbatean eginiko ekitaldiko une bat. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
joxerra senar
Iruñea
2014ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Nafarroan hautetsontzi bakarra egongo da. Oposizioko alderdiak ahalegindu ziren bigarren hautetsontzi bat izaten, baina, PSOEren erabakiari esker, ez zuten lortu. Yolanda Barcinak lasai asko bozkatuko du maiatzaren 25ean, botoek ez baitute bere gobernua arriskuan utziko. Azken finean, Europako Parlamenturako bozek ez dute inongo zerikusirik Nafarroako legebiltzarrerako hauteskundeekin. Hasteko, Europako gai nagusiek Nafarroari eragin arren ez dutelako zuzenean zerikusirik bertako politikagintzarekin. Bestetik, UPN eta Geroa Bai ez dira aurkeztuko, eta lehiatzen diren gainerako indarren borroka nagusia abstentzioaren aurkakoa izango da.

Horrek ez du esan nahi emaitzak Europako egoerara soilik mugatu behar direla. Bi errealitate aldera ezinak izan arren, alderdiek luparekin aztertuko dituzte emaitzak 2015eko hitzordu erabakigarriari begira. Europakoarekin batera, bigarren hautetsontzi ikusezina egongo da Nafarroan, eta maiatzaren 25ekoak inkesta erraldoi baten lagina utziko du. Diferentziak diferentzia eta ñabardurak ñabardura, Europako ispiluari begiratuko dio Nafarroako politikagintzak.

Datuak aztertzeko orduan, parte hartzea erabakigarria izango da. Europako Parlamenturako azken hauteskundeetan boto-emaileen %43k parte hartu zuen, eta 2004ko aurreko deialdiarekin alderatuta, parte hartzea ia lau puntuan jaitsi zen. Horregatik, ikusi beharko da joera aldaketarik ba ote den. 2004ko eta 2009ko parte hartzea handituz gero, aditzera eman dezake botoa emateko interesa badutela herritarrek. Beste lurraldeekiko diferentziarik baden edo ez ere ikusi beharko da. Hala ere, litekeena da abstentzio handia izatea, eta horrek ere distortsionatu egingo du alderatzea. Horregatik, maiatzaren 25eko inkesta erraldoiak errealitatearen argazki finko eta zehatza baino gehiago, joeren berri emango du batik bat.

1. UPN

Hauteskunde mahaietan hutsune handi bat egongo da: ez da UPNren zerrendarik aurkeztuko. Alderdiak arrazoitu duenez, bere kabuz parlamentaria lortzeko ezintasun objektiboak eraman du hautagaitzarik ez aurkeztera, baina sakonean bere ahuldadea ezkutatu nahi izan du. Nafarroako alderdi guztiek ezin dute bere kabuz parlamentaririk lortu, baina hauteskunde barruti bakarra denez, horietako batzuk aliantzak egitera eraman ditu.

UPNk ere bide bera har zezakeen. Esate baterako, 2012ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan ez zuen erreparorik izan PPrekin batera aurkezteko, nahiz eta koalizio gobernuko beste bazkideak, PSNk, erabaki hori oso gustuko ez izan. Oraingoan ez du trabarik jar diezaiokeen PSNrik gobernuan, eta, hala eta guztiz ere, PPrekin itunik ez egitea nahiago izan du.

Erabaki horrek zerikusi gehiago du UPNren barne egoerarekin. Maiatzaren 11n bere 35. urteurrena ospatu zuen alderdiak, eta bi pertsona esanguratsu ez ziren agertu: Miguel Sanz lehendakari ohia eta Carlos Garcia Adanero parlamentuko eleduna. «Familietako ospakizunetan bezala, beti falta da norbait», zioen Barcinak garrantzia kendu nahirik. Konpondu gabeko arazoa du barruan UPNk. Azken gobernu krisian, alderdiaren zatiketa ageriko egin zen. Barcinak PPrengana hurbiltzea nahiago badu ere, beste sektore batek uste du PSN oraindik ere giltzarri dela gobernatzen jarraitzeko. Auzi hura atzeratu egin zen, eta hauteskundeetara ez aurkezteko erabakiak egoera horri erantzuten dio.

2. PP

Nafarroako eskuinari neurria hartzeko modua Alderdi Popularraren botoek adieraziko dute. Azken finean, UPNren botoen zati handi bat bilduko du ziurrenik, eta hori ere arriskutsua izan liteke UPNrentzat. Boto-emaileak sortzezko markaren aterkipean egotera bultza ditzake, nahiz eta Mariano Rajoyren politikek ere nahikoa sumin pizten duten eskuin sektorean. Duela bost urte PPk 76.629 boto bildu zituen Nafarroan, eta 2004an, berriz, 90.336. Beheranzko joera hori berretsiko balitz, kezkatzeko moduko arrazoiak lituzkete Nafarroako PPk, baina bereziki Barcinak.

3. PSN-PSOE

Jarraitu beharreko beste alderdia PSN-PSOE da. Ferrazek Barcinaren aurka zentsura mozioa aurkezteko aukerari betoa jarri eta PSNk men egin ostean, Nafarroako azken krisi politikoaren galtzaile nagusia da. Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari nagusiaren salaketaren ostean, Roberto Jimenezek egindako adierazpenek eta estrategiek kale itsu batera eraman zuen alderdia, eta itxuraz zigor handia jasan dezake hautetsontzietan.

Dena den, sozialistak PSOEren markarekin aurkezten direnean, Nafarroan soilik aurkezten direnean baino emaitza hobeak lortzen dituzte. Hori oso argi geratzen da Gorteetarako bozetan. Boto kopurua bikoiztera iristen dira. Europako Parlamentuetan joera ez da hain handia, baina bai kontuan hartzeko modukoa: Duela bost urte 63.848 boto lortu zituen, 2004n baino ia 6.000 boto gutxiago. 2011n, berriz, foru parlamenturako bozetan, 51.000 lortu zituzten, eta, horrenbestez, emaitza horren azpitik beherako edozein emaitza oso albiste txarra izango da PSNrentzat.

4. EH Bildu

Lehen aldia da koalizioa elkarrekin aurkezten dena Nafarroan, eta PPri aurrea hartzea zaila den arren, lehen indarra izateko aukera badu. Nahiz eta bozek zerikusirik ez izan, EH Bildu lehen indarra izateak are gehiago urduritu dezake Nafarroako eskuina. Zerbaitegatik Pablo Zalba PPko hautagaiak kanpainan emandako lehen mezua honakoa izan zen: «Ez geratu etxean eta bozkatu. Ez utzi Bilduk Nafarroan hauteskundeak irabazten».

Duela bost urte EH Bilduko indarrak bi plataformatan aurkeztu ziren. Batetik, Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasuna (ezker abertzalea) eta, bestetik, Herrien Europa (Aralar eta EA). Bien artean, 37.241 boto bildu zituzten, eta orain, EH Bilduk emaitza hori nabarmen hobetu beharko luke lehen indarra izateko.

5. EAJ

EAJ bakarrik aurkeztuko da. Nafarroan horrek kalte egin diezaioke. Duela bost urte ere bakarrik aurkeztu zen, eta soilik 3.691 boto bildu zituen, Geroa Baik lortzen dituen emaitzetatik urrun. Litekeena da hurrengo bozetan emaitza hobeak lortzea, baina Geroa Bairen markarik gabe aurkezteak kalte egin diezaioke.

6. Ezkerra

Ezkerra koalizioko bi indarrak, IUN eta Batzarre, Ezker Anitza taldean aurkeztuko dira. Nafarroan ikusi beharko da alderdi sozialistaren zenbat boto eskuratzen dituen. Duela bost urte, 6.775 boto lortu zituen guztira, eta emaitza hori hobetzea izango dute xede.

7. UPD

Alderdi populista izaki, batik bat eskuineko sektoreen haserrea aprobetxa dezake. Inkestek Espainian emaitza ona iragartzen diote, eta aztertzekoa izango da Nafarroan agertzen duen joera. PPren botoen zati bat har dezake, Vox-en modura. Duela bost urte, 4.302 boto lortu zituen, eta 2004an ere antzeko emaitzak izan zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.