'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaia

Indarra eta bultzada etorri beharko denari

Hogei urtetik gora eduki dituzte preso Gaztañaga, Rojo, Etxeberria eta Agirre, eta pozik hartu dute Estrasburgoko Auzitegiaren epaia, oraindik barruan dituztenak gogoan. «Jarraitu behar dugu borroka horretan».

Estrasburgoren epaiaren berri izan ondoren Gasteizen egindako manifestazioa, herenegun. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2013ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Badakite zer den urte luzez espetxean egotea, eta pozez hartu dute Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 197/2006 doktrinaren inguruan emandako epaia. Estrasburgoren ebazpenari jarraituz, legez kanpo preso izan dituzte eurak ere hainbat urtez, nahiz eta gehienak, helegite bidez, zigorraren luzapen osoa bete baino lehen atera.

Jose Inazio Gaztañagari 2006an ezarri zioten doktrina, eta iazko apirilean utzi zuten aske, 24 urtez preso eduki ondoren. Juan Ramon Rojori, berriz, iazko apirilean jakinarazi zioten zigorraren luzatzea, eta urtebete geroago irten zen kalera; 21 urte eman ditu kartzelan. Peio Etxeberriak sei urte gehiago egin ditu espetxean doktrinaren ondorioz: 2006ko irailean ezarri zioten, eta iazko maiatzean atera zen, 23 urteren ondoren. Azkenik, Jon Agirre Elurtxuri-k hiru hamarkada bete ditu preso. 2006ko irailean bost urtez luzatu zioten zigorra, eta 2011ko maiatzean atera zen kalera. Guztira, 100 bat euskal presori ezarri diete dagoeneko doktrina, eta 60 inguru kartzelan dituzte oraindik.

GALDERAK

1. Nola hartu zenuen Estrasburgoko Auzitegiak emandako epaiaren berria?

2. Zer ekar dezake, edo ekarri behar luke honek presoen egoerari dagokionez? Eta konponbide prozesuan oro har?

JOSE INAZIO GAZTAÑAGA Preso ohia. 24 urtez preso.

«Ez dugu ahaztu behar beste 500 preso geratuko direla. Egoerak okerrera egin du beti»

1. «Pozez hartu nuen berria, nahiz eta inoiz ez daukazun argi zein izango den erantzuna. Baina Estrasburgok esan du legez kanpokoa dela Espainiako Estatuak egiten duena».

2. «Honek kolektiboaren zati txiki bati eragiten dio soilik, 60 edo 70 presori soilik, eta ez dugu ahaztu behar beste 500 geratuko direla. Kartzeletako egoerak okerrera egin du etengabe. Gakoa da ea estatuak konpondu nahi duen Euskal Herriarekin daukan arazoa. Ez badu hori konpondu nahi, honek ez du hobera egingo».

JUAN RAMON ROJO Preso ohia. 21 urtez preso.

«Behar genuen horrelako berri bat; zain geunden. Bultzada bat da prozesuarentzat»

1. «Izugarrizko pozarekin hartu nuen. Info 7 irratitik deitu zidaten elkarrizketa bat egiteko, eta hor ari ginen hizketan, zain. Behar genuen horrelako berri bat; zain geunden. Bultzada bat da prozesuarentzat. Preso batzuen arazoa da, kolektiboa zabalagoa baita, eta jarraitu behar dugu borroka horretan. Berri ona da, eta pertsonalki, oso hunkigarria. Hainbeste urte han emanda, gogoratu nintzen barruko lagun guztiekin, nola ariko diren bizitzen dena».

2. «Gure borroka izan da beti, abokatuena batez ere, oso borroka judizial luzea izan baita, nahiz eta gizartearen mobilizazioa ere hor egon. Baina kontuan eduki behar dugu estatua ez dela mugituko, ez duela mugitu nahi. Horregatik, aztertu behar dugu zer dugun aurrean, nola bultzatzen dugun prozesua aldebakartasunetik. Presoen egoera hor dago. Atzo, adibidez, Justizia eta Barne ministroek oso argi esan zuten errepresioarekin jarraituko dutela; beraz, guk bultzatu behar dugu prozesua hemendik».

PEIO ETXEBERRIA Preso ohia. 23 urtez preso.

«Belarrondokoa eman diote estatuari; beste gauza batzuk mugitzeko ere balioko du»

1. «Oso pozik nago atzokoarekin [herenegungoarekin]. Ines jada kalean egongo da, ezta? Oso ilusionatuta jaso nuen. Espero nuen ia erabat, baina hortik jasotzera aldea dago. Ezagututa zelakoak diren estatuak, ez zaie erraza hori onartzea. Legez hala izan behar zuen».

2. «Bultzada bat izan liteke. Orain arte geldirik zegoen, eta indarra emango du. Orain arte dena oztopatu dute estatuek, eta orain ireki egin behar dira, bidea behintzat markatu die Estrasburgok. Orain beste gauza batzuk ere jarri behar dira martxan, hiru laurdenak beteak dituztenak, gaixo daudenak... Horiek ere oraindik hor daude preso, nire ustez legez kanpo. Baina estatuak oso gogor dabiltza, batez ere, Espainiako Estatua. Bultzada izango da. Daturik ez daukat, nola izango den prozesua ez dakigu, baina behar zen horrelako bat.

Nire herrian, behintzat, ikusi dut jendearen poza. Herriak behar zuen horrelako berri bat. Argi eta garbi dago legez kanpokoa izan dela. Ea urratu dituzten eskubideak berehala betetzen dituzten. Niri sei urtez luzatu zidaten zigorra, eta batzuek zazpi urte eta erdi daramatzate dagoeneko. Asko da. Ea laster hasten diren askatzen; zigorra betea dutenak, behintzat, derrigorrean askatu beharko dituzte. Gure kalterako izan bazen epaia, aplikatuta egongo zen dagoeneko. Jurisprudentzia ezarri beharko du. Gaixo daudenak eta hiru laurdenak beteak dutenak ere automatikoki askatu beharko lituzkete; automatikoki ez agian, baina poliki- poliki martxan jarri beharko dira gauza horiek ere. Estatuari izugarrizko belarrondokoa eman diote, eta uste dut beste gauza batzuk mugitzeko ere baliagarria izango dela».

JON AGIRRE 'ELURTXURI' Preso ohia. 30 urtez preso.

«Egin egin beharko dute orain. Baina nola? Horiekin ez dago jakiterik»

1. «Espero zen gauza bat zen, hauek azken ordura arte itxaron zuten arren. Estatuak ezin du ez helegiterik ez ezer jarri, eta bete beharrekoa da. Pozik hartu nuen, normala denez. Hori [Del Rio askatzea] izango da bat, baina beste gauza bat izango da gero hor dagoen zerrenda osoarekin zer egiten duten. Hor ari dira, banan- banan joan beharko dutela, ikusiko dela... betiko kontua. Egin egin beharko dute orain, baina nola? Asteak pasatu, hilabeteak pasatu edo urteak pasatu... Horiekin ez dago jakiterik».

2. «Oso erraz daukate Espainiako agintariek, eta agintariak ez direnek ere bai, normal samarrak badira behintzat: 'Honetara behartu gaituzte, hau egin behar dugu, eta gero jarraituko dugu beste aldaketa batzuk egiten'. Gaixo daudenenak, eta beste guztienak aldatzeko bidea badago. Ikusi behar egingo duten ala ez, jakinda nolakoak diren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.