Abortatzeko eskubidea (eta VI). Basauriko 11 emakumeren aurkako epaiketa

Akusatuak akusatzaile bihurtuta

1982an 11 andre epaitu zituzten abortatzeagatik. Mugimendu feministak auzipetuak babestu zituen, eta plazara atera zuen abortuari buruzko eztabaida. Borroka hura historikotzat jotzen dute egun askok.

Auzipetuentzako amnistia eskatzeko, manifestazio jendetsuak egin zituzten feministek. Irudian, martxa horietako baten amaiera. EL CORREO.
Maite Asensio Lozano.
2013ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Sargori egin zuen 1982ko martxoaren 16an, Basauriko (Bizkaia) 11 emakume eta gizon bat abortatzeagatik epaitu zituzten egunean. Garai hartan, Bilboko Auzitegiak ez zeukan aire giroturik, eta epaiketa gela jendez gainezka zegoen. «Bero izugarria egiten zuen, eta leihoak ireki behar izan zituzten, giroa freskatzeko. Kanpoan elkartuta zegoen jendetzaren aldarriak eta leloak entzun behar izan zituzten: 'Amnistia', 'Epaiketa gehiago ez abortatzeagatik', 'Gure gorputza, gure erabakia'…». Basauriko andreen aurkako epaiketako defentsa abokatuetako bat izan zen Mertxe Agundez. Abortua legeztatzeko bidean, auzi hura historikoa izan zela nabarmendu du: «Akusatuak akusatzaile bihurtu ziren: emakumeen aukako prozedura gizartearen aurkako prozedura izan zen, halako jardunak zigortzeagatik, eta epaitegia eskubideak defendatzeko eta eskatzeko oholtza izan zen».

Eztabaida plazara atera zuen kasuak, eta abortuaren inguruko isiltasuna hautsi. Abagunea oso bestelakoa baitzen: 1976. urtean abiatu zuten auzia, Franco hil eta urtea betea ez zela, Espainian egungo konstituzioa oraindik indarrean sartu gabe zegoenean. Garai hartan, emakumeak seme-alabak zaintzeko bizi ziren, baina guraso ahala gizonek zeukaten. Bi urte falta ziren antisorgailuen erabilera legeztatzeko; abortua debekatuta zegoen, baina jakina zen andrazkoek abortatzen zutela, eta batzuk hil egiten zirela txarto egindako ebakuntzen ondorioz. «Espainiako Fiskaltzaren 1976ko txostenak adierazi zuen 300.000 emakumek abortatu zutela, atzerrira joandakoak kontuan hartu gabe. Nolabait, estatuakonartu zuen bazegoela beharra eta jarduna. Andreei haurdunaldia etetea debekatzeak ez zuen abortua desagerraraziko, klandestinitatera bultzatuko baizik».

Hala gertatu zen Basaurin: auzoan abortuak egiten zituen titulazio gabeko emakume batengana jo zuten, haurdunaldiak arrazoi ekonomiko eta sozialengatik eteteko. 1976ko urrian izan ziren atxiloketak: abortu egileaz gain, hamar andre atzeman zituzten abortu delitua egotzita, baita haietako baten gizonezko bikotekidea ere, abortatzera bultzatzea leporatuta. «Langileen emazteak ziren, pobreak, seme-alaba gehiago zituzten... Polizia etxera une batez joan behar zutela esan zieten, baina hiru egun eta lau gau eduki zituzten atxikita».

1972an eta 1973an abortatu zuten emakumeek, baina bazen 1968ko kasu bat, «iraungita zegoena». Prozeduran txertatu zuten. Ez zen akusazioetako bidegabekeria bakarra: auzipetuetako bat ez zen abortatzera heldu, eta umea eduki zuen, baina, hala ere, abortatzen saiatzeaz akusatu zuten. Beste batek arrazoi medikoak izan zituen irizpide: «Bere semeak osasun arazo oso larriak zituen. Fetuak arazo berdinak izango zituela esan zioten. Sineste erlijioso sakonak zituen, baina abortatzea erabaki zuen».

1976an premiazko prozedura abiatu zuten arren, epaiketa 1982an egin zuten —laugarren zitazioan—, eta auzia ez zen 1986ra arte erabat itxi. Zergatik atzeratu zen hainbeste? «Europako legeetan abortua baimentzen zuten baldintzak elkartu ziren kasuotan: arrazoi ekonomikoak, terapeutikoak, sozialak…», erantzun du Agundezek. Esparru horiek guztiak jorratu zituzten epaiketan: Basauriko Calero auzoko bizimodua, emakumeen sexu osasunaren gaineko arreta, nasciturus-ari (jaiotzekoa dena) buruzko eztabaida zientifikoa, Elizaren jarrera, estatuaren esku hartzea emakumeen bizitzan eta izaeran... «Abortua gizarteak ukatu ezin zien eskubidea zela pentsatzea izan zen andre haien delitua, eta euren amatasunaren ardura libreki hartu nahi izatea».

Feministek babestuta

Atzerapen hark, ordea, 11 auzipetuen aldeko elkartasun mugimendu sendoa eraikitzeko astia eman zien feministei. «1970eko hamarkadaren amaieran Bizkaiko Emakumeen Asanbladan oso ondo antolatuta geunden, herrietan eta auzoetan», azaldu du Isabel Otxoa EHUko Zuzenbide irakasleak. Garaian langileen abokatu ziharduen; lantokian izan zuen epaiketaren berri, 1979ko lehen zitazioa hurbiltzen ari zela: «Albistea zabaldu genuen. Bilboko Aste Nagusian, Mamikiren lehen txosna aprobetxatu genuen panfletoak banatzeko».

Mobilizazio ugari etorri ziren jarraian: hitzaldiak, manifestazioak, pintaketak... baita desobedientzia ekintzak ere: «Behin diputazioan kateatu ginen; handik atxilotuta eraman gintuzten. Beste behin, 200 emakumek gau osoko itxialdia egin genuen Bilboko udaletxean; Nafarroa eta Iparraldekoek ere parte hartu zuten».

Baina protestarik gogoangarriena autoinkulpazioak izan ziren. «Desafio ekintza bat» izan zen, Otxoaren hitzetan: «Orduan ez zegoen hain ahitua borroka tresna gisa». 1979ko urrian, mila sinadura baino gehiago aurkeztu zituzten epaitegian: «Autoinkulpazio bakoitzean, andre batek idatziz adierazten zuen abortatu zuela, eta lekuko bat edo bi eramaten zituen —normalean senarra zen bat—, esateko andreari abortatzen lagundu ziotela».

Lege abagunea aldatuta

Elkartasunak eragina izan zuen auzipetuengan ere. Agundezek azaldu du emakumeentzat «oso gogorra» izan zela prozesua hainbeste luzatzea: «Azkenean, euren egoera pertsonalen gainetik, andreen eskubideak defendatzen ari zirela ulertu zuten. Batzuek hitzaldietan eta manifestazioetan parte hartu zuten». Otxoak erantsi du eskutitz ireki bat ere argitaratu zutela: «Abortua oso gauza lotsagarria zen; haietako lauk bakarrik sinatu zuten».

Epaiketa iritsi zenerako, gainera, lege abagunea aldatuta zegoen: 1978ko konstituzioa indarrean zen, eta abortuari buruzko legea, bidean. Epaitegian abortatzeko eskubidearen «legezkotasunaz eta konstituzionaltasunaz» mintzatzeko aukera eman zion horrek defentsari. «Garaiari egokitutako erantzuna eman nahi zuen epaitegiak: frankismoko legedia aplikatzera behartuta zegoen, baina konstituzioaren parametroekin uztartu nahi zuen».

Irizpideoi jarraikiz, 11 auzipetuetako bederatzi errugabetzat jo zituzten —akusatuetako bat ihes eginda epaitu zuten—. Gizonari hilabeteko zigorra jarri zioten, eta abortu egileari lau urtekoa, baina, halere, indultua eskatu zuten harentzat. Epaiaren esaldi bat du gogoan Isabel Otxoak: «Txostengileetako batek aipatu zuen ez zela zilegi emakumeak amatasunera hertsatzea. Aitorpen bat iruditu zitzaigun, guk defendatu genuelako abortatzeko arrazoiek ez zutela soilik sozialak edo ekonomikoak izan behar: emakume batek seme-alabarik nahi ez bazuen, eskubidea zuen».

Amaiera gazia

Garaipenaren ostean, ordea, errebantxa etorri zen: epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen fiskalak. Kasua Espainiako Auzitegi Gorenera heldu zen, eta gero Konstituzionalera. Auzipetuak zigortu zituzten. «Hainbeste esfortzuren ostean, andreentzat oso kolpe handia izan zen». Ez ziren kartzelara joan, baina: indultatu egin zituzten. 1985ean, Konstituzionalak ebazpena argitaratu zuenean, indarrean sartzear zegoen abortuari buruzko legea, «eta hura aplikatuta ez zituzketen kondenatuko», Agundezen arabera.

Dena den, abokatuak berretsi du Basauriko emakumeen auzia funtsezkoa izan zela legea lortzeko: «Agerian utzi zuen babes sozial eta ekonomikorik txikiena zuten andreengan erortzen zela zigorra, eta hura ez zela zilegi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.