Biztanleria (IV). Familiako aldaketak

Familia berriak eta 'sandwichak'

Eredu berriak eratzen ari dira: lautik bat bakarrik bizi da, hamarretik bat da guraso bakarra, seme-alabarik gabe bizi dira bikote gehiago... Zahartzeak beste erronka bat jarri du mahai gainean: adinekoen zaintza nola bideratu.

Erretiroa hartu duten askok, bilobak ez ezik, gurasoak edo osaba-izebak zaindu behar izaten dituzte. JUANAN RUIZ /  ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Krisiaz mintzo dira. Familiaren krisiaz. Edota iraultzaz. Familian gertatzen ari den iraultzaz. «Eredu baten gainbeheraz ari dira, baina, azkenean, sortzen ari diren molde berriak eredu horren garapen edo ondorioak dira». Aldaketak bai, baina iraultzarik ez. Euskal herritarrak gero eta gehiago bizi dira, gizartea zahartzen ari da, eta horrek, nahitaez, aldaketak dakartza familiara. Batez ere horrek ekarri du aldaketa, Marta Luxan EHU Euskal Herriko Unibertsitateko soziologoaren ustez. Onartuago daude beste eredu batzuk. «Baina familia beti hor dago. Familiari buruz ez, familiei buruz hitz egin behar da orain. Baina pisu handia izaten jarraitzen dute».

Datuei erreparatuta, eredu klasikoa esaten diotenak segitzen du buru Euskal Herrian: aita-amak eta seme-alabak teilatupe berean. Nabarmen galdu du indarra urte gutxian, ordea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak hartuta adibiderako: 1991n, eredu horretakoak ziren familien erdiak baino gehiago, eta hogei urteren buruan, hiru senditik bakarra da. Luxanek ohartarazi du beste egitura klase batzuk indartu direlako galdu duela pisua eredu horrek.

Zein eredu dira horiek? Bat: seme-alabak dauzkan guraso bakarra. «Egitura hori gaur egungoa dela dirudi, eta ez da horrela. Egia da, edonola ere, diskurtsoan onartuago dagoela», azaldu du Luxanek. Hamar senditik bat da Euskal Herrian horrelakoa. Bi: seme-alabarik gabeko senar-emazteak. Hogei urtean ia bikoiztu egin da kopurua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bost senditik bat da estilo horretakoa. «Hustutako habiak dira gehienak, seme-alabak independizatu diren familiak». Kontuan hartzekoa da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan handiagoa dela bikote soilen proportzioa. Erretreta hartzean etorritako gehiago dago Iparraldean.

Bakarrik, eta zaintzarik gabe

Bestelako ereduen goraldi hori azaltzeko, joera berriek daukaten eragina maiz hartzen dute hizpide. Luxanek uste du, ordea, gizartearen zahartzea dela oinarria: «Postmodernizazio prozesuekin bainoago, bizi-itxaropenaren demokratizazioarekin harremanetan ulertu behar ditugu familia egituran gertatutako aldaketak».

Bakarrik bizi direnen egoera da adibidea. Esanguratsua da kopurua: herritarren laurdena baino gehiago bizi da bakarrik. «Egia da bakarka bizi diren gazteen kopurua handitu dela, baina batez ere adineko emakumea da bakarrik bizi dena», azaldu du Luxanek. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, adibidez, bakarrik bizi direnen %60 dira andrazkoak. Ez dira gutxi: 80 urtez gorakoak hartu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hirutik bat dago bakarrik.

Zaintza. Gizartea zahartzeak mahai gainean jarri du erronka. Laugarren adina kontzeptua erabiltzen hasi dira adituak. «Dudarik gabe, aurrerapausoa da gehiago bizitzea, ona da. Baina laugarren adineko pertsonek zaintza bereziak behar dituzte», ohartarazi du soziologoak. Noren gain ari da geratzen horren ardura? «Sandwich belaunaldia sortzen ari da. Bilobak zaintzen dituzten aitona-amonak, eta orain gurasoak edo osaba-izebak ere zaindu behar dituztenak». Erdian harrapatuta geratu dira. «Estresa sortzen die horrek. Zahar etxera joatea nahiago dutela esaten dute, euren alabak hala egotea baino».

Alabak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin duten inkesta batek berretsi du oraindik ere emakumeek zaintza lanean denbora bikoitza ematen dutela, eta seme-alabak izandakoan areagotu egiten direla desberdintasun horiek.

Zaintzaren beharra areagotuko dela ziur jakinda, gogoeta egiteko garaia dela nabarmendu du Luxanek. «Gizarteak aurre egin behar dio egoera horri». Ezikusia egin izan dio sarri askotan, ordea. «Atzerritarrak kontratatu ditugu zaintza lanetarako, guk ez baitugu denborarik. Bizitza zeren arabera antolatzen dugun erakusten du horrek». Beharra izango da zaintzarako, heldu beharko zaio erronka horri. Baina arriskua badago lan hori emakumeen bizkar lagatzeko. «Eta beldur naiz dena egina dagoela pentsatzea ez ote den ari sortzen eragin ezkorra».

Hitzez onartzen baitira aldaketa asko, baina ekintzaz, gutxiago. «Inork ez du esaten: 'Ez dut ezer egiten etxean, dena neska-lagunak egiten du'. Baina gero horrela izaten da maiz». Aurrerapausoak izan diren beste gai batzuetan ere bai. Amatasuna. «Onartzen dugu 35 urteko emakume bat parrandan ibiltzea, baina galdetzen diogu ea umeak non utzi dituen».

Bi ezkontzako, banaketa bat

Aldaketak badira, hala ere. Ezkontzak nabarmen jaitsi direla maiz-maiz aipatzen dute estatistikek. Kontua da ezkontza gehien izaten den adinean jende gutxiago dagoela. «Egia da, ordea, beste aukera batzuk ere badaudela: ezkondu gabe bizitzea onartua dago, izatezko bikoteak daude...». Eboluzioa: Hegoaldean jaiotako umeen artean, 1975ean %1ek zuten ama ezkongabea; 2000n, %14k; eta 2011n, %33 pasatxok. «Ezkontzak pisua badu, oraindik ere. Ezkontza zibilak ugaritzeak erakusten du errituen beharra dugula».

Eta banaketak. «Oraindik ere badu porrot kutsua, zerbait gaizki egin dela». Asko ugaritu dira, ordea: Hegoaldean, bi ezkontzako, banaketa bat baino gehiago dago gaur egun. «Onartua dago, baina segun eta norentzat. Adinaren arabera. Onartzen ote dugu 70 urteko bikote bat banatzea?».

Bihar: Immigrazioa-emigrazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.