Abortatzeko eskubidea (III). Medikuen gaineko kontrola

Debekua nafar erara

Abortatzeko baldintzak murrizteaz gain, medikuen gaineko kontrola zorrotz dezake Espainiako Gobernuak, jarduna mugatze aldera. Nafarroakoak urteetan egin bezala.

Feministen martxa Iruñean, abortatzeko eskubidearen alde, Osasunbidearen egoitza aurretik pasatzen. I. URIZ / ARP.
Maite Asensio Lozano.
2013ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Legeak medikuak noraino estutuko dituen. Horren arabera abortatu ahal izango dute Hego Euskal Herriko emakumeek, Espainiako Gobernua prestatzen ari den erreforma aurrera ateratzen bada. 1985etik 2010era, haurdunaren osasun psikikoa irizpidetzat hartuta abortatu zuten milaka andrek, baina bide hori itxi egin dezake arau berriak, ginekologoen gaineko kontrola areagotzen badu. Garai bateko «segurtasun juridiko faltara eta tentsiora» itzultzeko beldur da Francisca Garcia (Granada, Espainia, 1957), ACAI haurdunaldiak eteteko baimena duten kliniken elkarteko presidenteordea. Egoera hori muturrera eramateak debeku faktikoa ekar dezakeela frogatu da Nafarroan, Pablo Sanchez Valverde ginekologoaren ustez (Zarrakaztelu, Nafarroa, 1950): «Hemen, urteetan ez dugu haurdunaldirik eten, osasun arlo publikoko kudeatzaileek ez dutelako nahi izan».

«Emakumerik ez da joango kartzelara abortatzeagatik. Andrea abortuaren biktima da, eta ez arduradun». Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak maiatzean egindako adierazpenok piztu zuten alarma: legeak andrazkoak zigortzeari uko egingo balio, medikuak soilik bihurtuko lituzke erantzule? Juridikoki egingarria al da emakumeak haurdunaldia etetearen erantzukizunetik salbuestea? Sanchez Valverdek zail ikusten du hitzok betetzea: «Pulpitutik emandako mezua da: ulertzera eman nahi du emakumeek ez dakitela zer egiten duten eta klinikek gehiegikeriak egiten dizkietela».

Garciak esan du despenalizazio legeetan —halakoa zen 1985ekoa, eta halakoa egin nahi du ministroak— abortua delitu dela. «Beraz, medikuak zein emakumeak zigortuko dituzte. Agian, ez da espetxe zigorra izango, baina andreei erantzukizun zibila egotziko diete, isunen bidez bada ere».

Gallardonek onartu nahi duen legea «atzerapausoa» dela uste dute biek. Emakumeentzat ez ezik, medikuentzat ere bai. «Kontserbadoreek ez dute gustuko andreek erabakitzeko gaitasuna edukitzea», adierazi du Sanchez Valverdek. «Baina justu egungo legeak ematen die segurtasun handiena emakumeei zein profesionalei. Bi osasun txosten behar ziren garaira itzultzeak babesgabe utziko ditu ginekologoak».

Ezaguna dute sentipen hori. 1985eko legea indarrean zela klinikek pairatutako jazarpena izan du gogoan ACAIko presidenteordeak: «Garai batean emakumeen bikotekide ohiek salaketa asko jartzen zituzten legez kanpoko abortuengatik, hisiak jota, mendeku hartzeko. Eta andreei zein ginekologoei zegokigun frogatzea abortuok legezko baldintzen barruan eginak zirela». Garciak berak presio handia jasan zuen Granadan (Espainia) zeukan klinikan, salaketa baten harira: «Epaiketan demostratu genuen haurdunaldia legez eten genuela, baina kasu hartatik aurrera, 5.000 txosten kliniko aztertu zizkiguten; osasun ikuskatzaileak egunero geneuzkan klinikan. Horrela lan egitea oso gogorra zen».

Giltza, osasun psikikoa

Baina orain zein kontrol neurri ezar dezake Gallardonek? Baldintzen legea berreskuratzekotan, haurdunaren osasunaren irizpidean legoke giltza. Ministroaren ingurukoek gehien aipatu duten aukera bi txosten eskatzea izan da: mediku horiek ezingo lirateke izan abortua egingo duen osasun zentroko langileak. «Toki bakoitzean osasun arlo publikoko bi profesional jarriko dituzte txostenak egitera bakarrik?», galdetu du Garciak.

Bada beste aukera bat: buru osasunaren kontzeptua mugatzea, 1985etik 2010era gertatutakoa errepika ez dadin. «Osasunaren Mundu Erakundeak 'ongizate fisiko, psikiko eta sozial' gisa definitzen du osasuna, eta AEBetako DSM IV gidaliburuak dio nahi izan gabeko haurduntze batek estres emozionala eragiten duela eta arazoa konpontzen ez bada nahasmen psikiko sakonagoak sor daitezkeela. Kliniketan OMEren eta sozietate zientifikoen definizioak jaso genituen».

Kontzeptu horiek indargabetzea zail ikusten du Garciak, baina Europako zenbait herrialdek egin izan dute. Irlandak, adibidez, uztailean onartu du abortuari buruzko lehen legea, baina soilik baimendu du haurdunaren bizitza «benetan» arriskuan dagoenean, suizidio mehatxua barne hartuta. Portugalgo aurreko legea ere izan du hizpide Garciak: «Buru osasunaren inguruko interpretazio oso murritza egin zuten: patologiak zerrendatu zituzten; hau da, emakumeek buru eritasunen bat izan behar zuten haurdunaldia eten ahal izateko».

Hartara, arau mugatu bati medikuen gaineko kontrol zorrotza gehituta, de facto-ko debekua lor dezake gobernuak. «Praktikan kanpora jo beharko lukete andreek, ez legokeelako abortatzeko ia aukera legalik», ondorioztatu du Garciak. Sanchez Valverdek badaki zer den aborturik egin ezin izatea. 1988an Iruñeko Andraize emakumeen arretarako zentroan eta Bideko Ama ospitalean abortuak egiten hasi ziren ginekologoetako bat izan zen. «20-22 haurdunaldi eten genituen lege berriari jarraiki; lehenengoetan, hedabideetan agertu ginen. Provida taldeak salatu gintuen arte».

Aldaketak jarreran

Epaiketara heldu ziren, eta liskarrak izan zituzten lankide batzuekin, hedabideekin... «Oso garai gogorra izan zen. Ginekologoei egun baino esku hartze handiagoa eskatzen zien 1985eko legeak. Auziaren ostean, haurdunaldiak sare publikoan eteten jarraitu ahal izateko baldintza batzuk jarri genituen, baina ez zituzten bete: osasun arlo publikoko kudeatzaileek ez ziguten babes juridikorik bermatu».

Urteen poderioz, jardunean ez baina jarreran bai, aldaketak antzeman ditu Nafarroako sare publikoan. «Araua badago: aborturik ez egin. Baina seguru nago egun badaudela medikuak abortuak egiteko prest, gazteek normalizatuago dutelako. Presioa badago, baina murrizten ari da».

«Beste garai batean gaude», laburtu dute eragileek. Horregatik uste dute Espainiako Gobernuak atzera egin beharko duela hasierako asmoetan, ezingo duela oso arau murriztailea onartu. Abagune politikoaz mintzatu da Francisca Garcia: «Egoera zaildu zaio Gallardoni, PPko ustelkeria kasuengatik eta alderdi barruko desadostasunengatik». Gizarte presioa erantsi dio Pablo Sanchez Valverdek: «Ezin da hain atzera jo abortua onartua duen gizarte batean; legeak jendearen aurka egitea litzateke».

Bihar: Malformazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.