Abortatzeko eskubidea (IV). Malformazioak

Erabakirik zailena, delitu

Fetuen anomalia gehienak arinak dira, eta haurdunaldiarekin segitzea erabaki ohi dute andreek. Adituen arabera, soilik gaitz sendaezinak dituztenean eskatzen dute abortua.

Jorge Burgos obstetrikalaria, ekografo bat erabiltzen; tresna horren bidez antzematen dituzte malformazioetako asko. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Barakaldo
2013ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Abortuen %4 inguru baino ez dira egiten fetuaren malformazioak irizpide hartuta, baina Alberto Ruiz Gallardonen erreformari buruzko eztabaidaren arreta ia guztia bereganatzen ari da auzia. Espainiako Justizia ministroak argi utzi du esku artean duen lege berriak ezabatu egingo dituela malformazioak abortatzeko arrazoi gisa hartuko lituzkeen baldintzak. Umekien arazoak oso larriak edota bizitzarekin bateraezinak direnean ere ez du debekua altxatu nahi; Hego Euskal Herrian, haurdunaldiak amaieraraino eramatera behartuko ditu egoera horretan dauden andreak. PPren barruan kritika gogorrak eragin dizkio jarrera horrek, besteak beste, emakumeen errealitatea bazter uzten duelako. «Baldintza horietan haurdunaldia eteten dutenek beste aukerarik ez dutelako hartzen dute erabakia», azaldu du Jorge Burgos obstetrikalariak (Bilbo, 1975).

Izan ere, 2010ean PSOEren gobernuak onartutako legea indarrean sartu zenetik, andreen ia %95ek hamalaugarren astera arteko epe librearen barruan abortatzen dute. «Tarte hori pasatzen duten emakumeek haurdunaldiarekin aurrera jarraitu nahi dute». Gurutzetako ospitalean (Barakaldo, Bizkaia) fetuen medikuntza eta jaio aurretiko diagnostiko sailean aritzen da Burgos, eta baieztatu du erietxeko jarduneanarrazoi medikoengatik «oso haurdunaldi gutxi» eteten direla.

Baina zer dira malformazioak? Burgosen arabera, gutxi gorabehera haurdunaldien %4tan ager daiteke malformazio edo jaiotzetiko hutsen bat. «Horrek esan nahi du fetuaren osaketa prozesuan zehar zerbait ez dela behar bezala garatu. Baina gehienetan akats arinak dira; hau da, umeari ez diote eragozpenik ekarriko». Adibidez, hatz bat faltatzea, hanka okerra izatea, beharrezkoa ez den kartilagoren bat edukitzea... Edo giltzurrun batean garapen arazoak edukitzea: «Bestea erabat sanoa bada, ebakuntza egin beharko zaio, eta agian ohi baino infekzio gehiago edukiko ditu, baina bizitza normala izango du».

Badaude, ordea, malformazio larriagoak, sarri diagnostiko zehaztugabea dutenak: «Badakigu haurra jaiotzean operatu beharko dugula eta ondorioak geratuko zaizkiola, baina ondorio horiek lehen urteetako bilakaeraren araberakoak izango dira». Azkenik, malformazio «oso larriak» aipatu ditu Burgosek, sendaezinak, batzuetan fetuari heriotza eragingo diotenak, besteetan umearen bizi-itxaropena eta kalitatea ia hutsera murriztuko dutenak. Adibidez, burmuina ez garatzea: «Ezingo da inoiz osatu. Bizitzekotan, soilik arnasteko gai izango da; zunda bidez elikatu beharko dute, eta ezin izango du konorterik eta ezagutzarik izan, hitz egin...».

Baina malformazioez gain, haurdunaldian zehar fetuak ere gaixotu daitezke, eta eritasunek edota infekzioek ondorio larriak utz diezazkiekete; batzuetan gaixotasun kroniko bihur daitezke, eta beste batzuetan garapen intelektualean eragin dezakete.

Detekzioa, errazago

Edonola ere, fetuaren garapena etengabea da. «Hau lerro bat da, jarraia. Ezin da puntu batean edo bestean moztu». Burgosek onartu du 2010eko arauak malformazioen detekzioa erraztu eta malgutu zuela. Izan ere, 1985eko testuak hogeitabigarren astean jartzen zuen muga; handik aurrera ezin zen haurdunaldirik eten, edozein zela ere fetuaren arazoa.

Epe hura ez zetorren errealitatearekin bat: gorputz adarretako garapen arazoak eta malformazio kromosomikoak —Downen sindromea eta antzekoak— izan ezik, anomalia gehienak justu hogeigarren astetik aurrera antzematen dituzte. «Hogeigarren astera arte ezin dugu bihotza ikusi: aurretik txikiagoa da, eta ekografoek ez dute behar adina erresoluzio. Hogeigarren astean ere hasten gara garuna aztertzen, eta orduan %20 baino ez da garatu». Eritasun larrietako asko ere azken hiruhilabetean agertzen da.

Egun Hegoaldean indarrean dagoen legeak, berriz, haurdunaldia malformazioen ondorioz eteteko aukera ematen du, baina baldintzatuta. Libreki abortatzeko hamalau asteko epearen ostean, 22. astera arte prozesua eteteko eska dezake emakumeak, fetuak malformazio larriak baditu —baita andrearen bizitza edo osasuna arriskuan badaude ere—; bi medikuk egiaztatu behar dituzte.

22. astetik aurrera ere eska dezakete, fetuak gaixotasun oso larri eta sendaezina badu, edo bizitzarekin bateraezinak diren malformazioak baditu; epe horren barruan, baina, batzorde klinikoak du azken hitza. Fetuaren bideragarritasunean oinarrituta jarri zuten azken epea: 22-24 asteetatik aurrera haurra autonomo izan daiteke umetokitik kanpo. «Demagun 30. astean dagoen andre batek auto istripua duela eta ebakuntzak egin behar zaizkiola; halakoetan, haurdunaldia eten ordez, erditzea eragiten dugu».

Epeak eta baldintzak xedatzearekin batera, malformazioen nolabaiteko sailkapena egin zuen 2010eko legeak: haurrarengan ondorio larriak izango dituzten malformazioak eta gaixotasunak dira haurdunaldia eteteko irizpide. Gallardonen tesia, beraz, ez da betetzen: andreek ezin dute edozein anomaliarengatik abortatu. «32. astean fetu batek giltzurruneko arazo bat badu, gurasoentzat atsekabea izango da, baina ez da haurdunaldia eteteko arrazoia», berretsi du Burgosek.

Dena den, onartu du arauak zalantza batzuk uzten dituela, 14-22 asteen arteko epean, batik bat: «Hamabosgarren astean ikusten badugu fetuari ez zaiola esku bat garatu, malformazio hori arrazoi nahikoa da haurdunaldia eteteko?». Legeari erreparatuta, anomalia larritzat har daiteke? «Arauak ez du zehazten, eta ez dago horri buruzko protokolorik».

Praktikan, halere, duda horiek gutxitan izaten dira arazo: fetuari malformazio arinak antzematen dizkioten gehienetan, haurdunaldia jarraitzea erabakitzen dute andreek. «22. astera heltzen den andre batek ez du haurduntzea eten nahi». Haurdunaldiok desiratuak direla argudiatu du, eta arrazoi medikoengatik etetea oso gogorra egiten zaiela. «Dena ondo doala entzutera etortzen dira 22. asteko ekografiara. Zerbait gaizki badoa, euren lehen aukera ez da haurdunaldia etetea izaten; diagnostikoa zehaztea zaila denean ere, balizko tratamenduei buruzko informazioa jaso nahi dute».

Soilik muturreko egoeretan eskatzen dute abortua. «Andre batzuentzat, haurdunaldia hala etetea beren bizitzako erabakirik zailena da. Diagnostikoa oso txarra izateak bakarrik laguntzen die».

Bihar: Abortatzera, Iparraldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.