Abortatzeko eskubidea (V). Ipar Euskal Herrira abortatzera

Bidasoako ihesbidea

1975ean Ipar Euskal Herrian abortua legeztatu ostean, Hegoaldeko ehunka emakumek jo zuten mugaren bestaldera, nahi gabeko haurdunaldiak etetera.

Miarritzeko eta Baionako kliniketara joaten ziren Hego Euskal Herriko andre gehienak. BOB EDME.
Maite Asensio Lozano.
2013ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Garai batean, emakumeek kanpora joan behar zuten abortatzera. Gazteek ez dakite, eta heldu askok ez dute gogoan, baina duela 40 urte, haurdunaldia etetea legez kanpokoa zen Euskal Herrian; antisorgailuak ere debekatuta zeuden, eta ugalketaren gaineko kontrolik ez zuten andreek. Ipar Euskal Herrian arautu zuten lehenbizi abortua, 1975ean. Hala, amatasun behartua onartu ez zuten Hego Euskal Herriko emakumeei ere ihesbide bat eskaini zien Bidasoak. «Guk aukera izan genuen hemen bizi ginelako, eta bestaldera pasatzea oso erraza zelako, baina Burgos edo Madrildik etortzea zailagoa zen; hangoek edozein modutara abortatu behar izaten zuten, bizitza arriskuan jarrita ere bai. Hori ahaztu egin zaigu».

Iparraldean, haurdunaldiaren hamargarren astera arte —gerora hamabigarrenera luzatua— libreki abortatzeko aukera ematen zuen Veil Legea deiturikoak. Hegoaldean 1985eko araua indarrean sartu arte, mugaren alde batetik besterako bidaiak antolatu zituzten inguruko talde feministek. Errenteriako (Gipuzkoa) Emakumeen Asanbladako kidea zen Andone —abizenik ez du eman nahi—: «Andre asko geratzen ziren haurdun nahi gabe; batzuk oso gazteak, beste batzuk ezkonduak... Astero-astero joaten ginen bestaldera».

1960 eta 1970eko hamarkadetan ohikoagoa zen Ingalaterrara edo Herbeheeretara joatea, baina abortua Ipar Euskal Herrian legeztatzeak prozesua erraztu zuen. «Oiartzualdeko mugimendu feminista Iparraldeko klinikekin harremanetan zegoen: emakumeei laguntza ekonomikoa ematen zien, kliniketara eramaten zituen...», azaldu du Mertxek —abizenik ez du eman nahi—, garai hartan abortatu zuen andreetako batek. Babes horren bidez, «emakumeen arteko elkartasuna eta goxotasuna» garatu zutela erantsi du Andonek: «Elkarrekin joaten ginen, baina han gertatutakoa han geratzen zen. Neska baten senideek ezer ez bazekiten eta kalean ikusten bagenuen, ez genuen agurtzen, ezagutuko ez bagenu bezala».

Miarritzeko eta Baionako kliniketara joaten ziren, batik bat. «Pasaportea behar zen bestaldera pasatzeko, eta neska gazte gehienek ez zeukaten. Mugako poliziei esaten genien galtza batzuk erostera gindoazela Miarritzera, eta asanbladako beste kideen pasaporteak erabiltzen genituen, antza fisikoaren arabera, ez zituztelako banan-banan begiratzen».

Funtsean, Londres eta Amsterdameko aukerekin alderatuta, Iparralderako bidaia antolatzea eta gauzatzea azkarragoa zela azaldu du Andonek. Merkeagoa ere bai, hegazkin edo tren txartelik ordaindu eta ostatu hartu beharrik gabe: «Autoz egiten genuen: arratsalde berean joaten eta itzultzen ginen. Hartara, abortatu behar zutenen etxeetan ezer ez bazekiten, aitzakia handirik ere ez zuten asmatu behar». Ebakuntza, ordea, garestia zela gogoratu du Mertxek: «Soldata baten erdia baino gehiago pagatu nuen. Baina abortatu behar zuenak baliabiderik ez bazuen, talde feministek ordaintzen zuten».

Ziur, baina beldurrez

Logistika errazagoa izateak, ordea, ez du esan nahi prozesua mingarria ez zenik. «Abortua antisorgailu gisa erabiltzen dugula esaten dute; bada, ez, oso gogorra da, eta kanpora joan behar izanez gero, are gogorragoa». Andonek berak birritan abortatu zuen. Lehenbizi, 1982an, Herbeheeretako Leiden herrian: «Oso gaizki pasatu nuen. Bidaiak okertu egin zuen: horrenbeste ordu trenez hara heltzeko, ospitalean eguna igarotzea, hotel batean gaua eta bueltako bidaia».

Beldurrez joan zela aitortu du: «Pentsatzen nuen ez nuela inoiz halakorik egin beharko, eta horretara nindoan. Erabakia argi izan arren, buruari bueltak ematea normala da». Feminista gisa ere ezinegona sentitu zuen: «Emakumeei esaten genien antisorgailuak kontuz erabili behar zituztela, eta azkenean ni geratu nintzen haurdun». Ebakuntzak egin ziezaiokeen min fisikoaren beldur ere bazen, Ipar Euskal Herrian anestesiarik gabe egiten baitzuten. Baina 1983an senarraren basektomiak huts egin eta berriro haurdun geratu zenean, Miarritzera joatea erabaki zuen: «Emakumeak hara lagundu ostean ohartu nintzen ez zutela inolako arazorik izaten».

Mertxek ere beldurra aipatu du. 1984an geratu zen haurdun, 26 urterekin: «Oso lan prekarioa nuen, eta, bizimodua aldatu nahian, unibertsitate ikasketak abiatu nituen. Ama izatea ez zegoen nire orduko proiektuan». «Haserre eta kezkaz» egiaztatu zuen haurdun zegoela, eta «lehenbailehen» bilatu zuen abortatzeko modua, Miarritzen.

«Sekulako beldurra sartu zitzaidan gorputzean, baina ez nuen inoiz zalantzan jarri abortatzeko ideia. Ez nuen neure burua ikusten ama izaten egoera hartan, dirurik gabe, bizi proiektuak bertan behera utzita». Haurdunaldia eteteko trabak topatzeko aukerak izutzen zuen Mertxe. «Klandestinitatean egiten zen, delitu zelako legez. Abortatzeagatik emakumeak epaitzen eta kartzelaratzen zituzten, Basaurin [Bizkaia] bezala».

Dena ondo atera zela gaineratu du. «Abortatu eta gero, beldurrak eta kezkak desagertu ziren, eta nire bizi proiektuarekin jarraitu ahal izan zuen». Hurrengo urteetako borroka gogora ekarrita, Andonek nabarmendu du abortua «oinarrizko eskubidea» dela, andreek beste irtenbiderik ez dutenean hartzen duten erabakia: «Abortatzea oso gogorra da, baina are gogorragoa da haurra izatea zuk nahi ez baduzu».

BIHAR: Basauriko emakumeen aurkako epaiketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.