'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaia

Txaloek eten dute isiltasuna

Ehunka lagun bildu dira kalean Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpena zuzenean jasotzeko. Ines del Rioren aldeko epaiaren «irabazleak» giza eskubideak direla esan dute elkarretaratzeetan izan direnek.

Poztasuna, Bilbon, erabakiaren berri izan zutenean. Eskuinean, eguerdian Donostiako Bulebarrean eginiko elkarretaratzea. M. RAMIREZ / ARP - J. ETXEZARRETA / EFE.
Ainhoa Larrabe, Edurne Begiristain, Jenofa Berhokoirigoin
Bilbo. Gasteiz, Baiona
2013ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Txalo artean jaso zuten epaiaren ebazpena Bilboko Plaza Biribileko elkarretaratzean bilduta zeuden ehunka lagunek. Eta beste horrenbeste gertatu zen Euskal Herriko hainbat eragile, sindikatu eta alderdi politikok hiriburuetan egindako elkarretaratzeetan. Pozetik eta neurritik izan zuten atzoko ospakizunek proportzioa. 11:00etarako zeuden deituta elkarretaratzeak, eta asko izan ziren Ordua heldu da! minutu bat gehiago ez! 197/2006 doktrina eten zioten kartelak eutsiz erlojuaren orratzei edota sakelako telefonotik sare sozialei begira berria noiz iritsiko zain izan zirenak. Epaiaren berri izan zutenean, txaloek eten zuten isiltasuna elkarretaratze guztietan.

Plaza Biribilaren ingurutik pasatzen ziren autoen klaxon hotsak etengabekoak izan ziren Bilboko elkarretaratzean. Ordezkari politikoen artean EAko Pello Urizar, Alternatibako Oskar Matute, Sortuko Hasier Arraiz eta Aralarreko Dani Maeztu jarri ziren pankartaren atzean, besteak beste, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren egoitzara begira. Bildutakoek epaiaren aldeko ebazpena espero bazuten ere, urduritasuna eta tentsioa nabaria zen haien aurpegietan. 11:45 inguru elkarretaratzearen alde batetik txaloak entzun eta berehala orokortu zen soinu hotsa. Poza, txaloak, besarkadak eta euskal presoen aldeko oihuek hartu zuten berehala Plaza Biribila.

Deitzaileen ordezkari gisa Ibai Bilbaok eta Haizea Belzak hartu zuten hitza. Ikusmin handia zegoen adierazpenak entzuteko orduan. «Gaurkoan, giza eskubideak izan dira garaile», nabarmendu zuten. «Gaurko erabakiarekin salbuespeneko espetxe politikaren pareta pitzatzen hasia da, eta hori albiste ona da euskal gizartearentzat, baita Espainiako gizartearentzat ere». Antolatzaileen ustez, epaiak «mina arindu eta bidegabekeria zuzenduko du», eta konponbidea eta bakea lortzeko bidean, aurrerapausoa egiteko aukera emango du.

Giza eskubideen errespetua, bakea eta zigorrak beteak dituzten presoak berehala askatzeko lanean jarraitzeko deia egin zuten, halaber: «Konfiantza dugu herri honen gehiengoaren nahian, eta salbuespen neurriak gainditzeko gakoa guztion aktibazio sozialean datza», adierazi zuten. Horrekin batera, Espainiako Auzitegi Nazionalaren, Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren jokabideak erabaki politikoen menpe daudela salatu zuten, eta Espainiako Gobernuari prozesua «arduraz» kudeatzeko eskatu zioten. Iraganeko politikak baztertu, giza eskubideak errespetatu eta konponbidean nahiz bakean inbertitzeko garaia dela nabarmendu zuten. «Gizartean alarma sor lezakeen eta gatazka, gorroto edo mendekurako pizgarria izan litezkeen muturreko jarrerak albo batera utz ditzala eskatzen diogu Espainiako Gobernuari».

Bilbon ez ezik, Donostian, Gasteizen eta Iruñean ere antolatu ziren elkarretaratzeak epaia iritsi bitartean, eta denetan poztasun adierazpenak ikusi ziren Europako ebazpena jakin orduko. Donostiako Bulebarrean bildutakoek erabakia txaloka hartu zuten, eta besarkadak eta muxuak ere izan ziren epaia ospatzeko. Modu berean jaso zuten albistea Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan bildutako 200 lagun inguruk ere; han izan ziren, besteak beste, EH Bilduko legebiltzarkideak. Iruñean, kontzentrazioa egin beharrean, Arrano elkartean bildu ziren Estrasburgotik heltzen ziren berriak jasotzeko. Bertan ere ilusioz jaso zuten erabakia.

Goizeko mobilizazioek jarraipena izan zuten arratsaldean ere. 19:30ean elkarretaratzeak egin ziren Bilboko Plaza Eliptikoan, Gasteizko Bilbo plazan eta Donostiako Bulebarrean, eta 20:00etan, PPk Iruñean duen egoitzaren aurrean. 197/2006 doktrina ezarria duten presoen herrietan zein beste hainbat lekutan ere mobilizazioak egin zituzten iluntzean.

Giza katea Baionan

Baionan, adibidez, 140 lagunek giza kate bat osatu zuten Espainiaren kontsuletxetik suprefeturaraino. «Poztasuna» plazaratu zuten bukaerako hitzartzean Josune Eroak eta Ursoa Parotek: «Guztion lanari esker aurrera goazela frogatzen digu gaurkoak», adierazi zuten. Ines del Rio eta doktrina aplikatu dieten preso guztiak askatuz «bake prozesuaren alde pauso bat egiteko aukera» daukala ohartarazi zioten Espainiako Gobernuari. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren erabakia Frantziako Gobernuak ere kontuan hartu behar duela nabarmendu zuten, eta oroitarazi bizi osorako kartzela zigorra daukatela Frantzian diren euskal preso batzuek ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.