Bost begirada hezkuntzari (I). Hizkuntza

Etengabe gora eta geldirik

Goranzko joera du D ereduak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, geldialdian da azken urteetan; ingelesezko ereduak sustatzen ari da gobernua, eta arrakasta izan dute.

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Banaketa administratiboak eta lege gerizpe ezberdina izateak zeresan handia hartu dute hizkuntz ereduen garapenean. Bi alde oso ezberdin badira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskarazko D eredua da nagusi, eta indar hartzen segitzen du urtez urte. Beste kontu batzuk dira Nafarroan: gora egin du euskarazko ereduak, baina geldialdian dago azken urteetan. Ingelesezko ereduak bultzatzen ari da Iruñeko gobernua. Arrakasta lortzen ari da.

Euskararen Legearen altzoan, nabarmen indartu da euskarazko irakaskuntza EAE Euskal Autonomia Erkidegoan: ikasleen %63 ari dira euskaraz gaur egun. Hutsuneak badira, nolanahi ere: derrigorrezko alditik kanpo, erdal ereduak nagusi dira. Konparaziorako: hiru herrialdeak hartuta, Haur Hezkuntzan lau estudiantetik hiru ari dira D ereduan; Batxilergoan %57ra jaisten da kopuru hori, eta Lanbide Heziketan, lautik bat ere ez da euskaraz ari ikasten. Urteetako joera da, gainera: derrigorrezko irakats-aldian beste indar ez du euskarak handik at.

Herrialdeen artean ere nabariak dira aldeak, egoera soziolinguistikoaren ispilu. Gipuzkoan du indar gehien D ereduak: bost ikasletik ia lau ditu. Gaztelania hutsezko A eredua oso bazterrekoa da herrialde horretan; ez da hamarretik bat ere ari. Bizkaian hamarretik ia sei dira D eredukoak, eta hurbil daude gainerako bi ereduak: %20 A ereduan, %24 B ereduan. Araban aurrerapauso handia eman du azken urteetan euskarazko irakaskuntzak: D eredua bihurtu da nagusi. %44ren eredua da gaur egun. %32 ari dira B ereduan, eta %24 A ereduan.

Datu horiek xeheago aztertuz gero, bistakoa da egoera sozialak baduela lotura ereduekin. D eredua da pluralena; guraso erdaldunak eta euskaldunak dituzten umeak ditu. A eredura, berriz, batik bat etorkinen seme-alabek jotzen dute, eta adituek ohartarazi dute ghetto bihurtzeko arriskua ere badaukala. Hara: hiru herrialdeak hartuta, A ereduan ari dira estudianteen %17 eskas; etorkinak soilik hartuta, %33 ari dira gaztelania hutsezko ereduan. Eskolatze batzordeen aholkuei segitzen diete familiek askotan. A eta B ereduetara bideratzen dituzte.

Euskalduntzea da beste kezka iturria. ISEIren azken ikerketa: euskara maila eskasa dute A ereduko ikasleen %86k, B eredukoen %42k eta D eredukoen %25ek.

Datuak ez dituzte eman nahi

Izen emateen gorakada mantsoak, azken urteetan D eredua izaten ari den geldialdiak, sortzen du kezka Nafarroan. Aurtengo daturik ez dago —Nafarroako Hezkuntza Departamentuan behin eta berriro eskatu ditu BERRIAk, baina ez dizkiote helarazi; eragile hainbati ere ez dizkiote bidali, nahiz eta era ofizialean eskatu—, baina joera nabari da azken urteetan: 2006tik, puntu erdi bat soilik handitu da ikasleen portzentajea.

Aldi hori giltzarria da azken urteetako garapena ulertzeko. Garaitsu hartan hasi zen Iruñeko gobernua ingelesezko ereduak bultzatzen indar handiz: British eredua izan zen lehena, eta 2009an TIL delakoa. Denbora gutxian indar handia hartu dute: bien artean ikasleen %4,2 badituzte dagoeneko. 5.700 estudiante pasatxo. Eta gorakada handia izan dezake datozen urteetan: Haur Hezkuntzako aurtengo aurrematrikulazioan, adibidez, izen emateen %28 zituzten British eta TIL ereduek.

Ingelesezko eskolek aurrera egiteak panorama berria zabaldu du Nafarroan: G ereduak izandako geldialdia mantsotu egin da, eta eusten ari da azken urteetan; nagusi da oraindik ere (ikasleen %55). A eredua behera ari da, urte batzuetan igotzen aritu ondotik. B ereduak oso-oso bazterreko izaten segitzen du. Eta D eredua motelaldian dago, igoerari eutsi ezin.

Bihar: Kataluniako murgiltze eredua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.