Katalunia. Burujabetzaren bidean

Herrialde Katalanak, bai; gero

Mugimendu subiranistak argi eta garbi zehaztu du Katalunia dela martxan den prozesuko subjektu politikoa. Beste herrialde katalanetatik, oro har, ondo hartu dute hori. Baina ez dute nahi ahazterik beraiek ere hor direla.

Herrialde Katalanak, bai; gero.
Aritz Galarraga.
Bartzelona
2013ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Herrialde Katalanak errealitate kultural, linguistiko eta historikoa direla aitortu zuen Kataluniako Parlamentuak irailaren 27an, CIU, ERC, PSC, ICV eta CUP taldeen botoekin, ganberako 135 eserlekuetatik 106rekin. Horren aurretik, ordea, urtarrilaren 22an, CIU, ERC eta ICV taldeek eta CUP alderdiko diputatu batek —guztira 85 boto— Kataluniaren burujabetza adierazpena baietsi zuten, zeinean Kataluniako herria subjektu politiko eta juridiko gisa definitzen den. Herrialde Katalanak, beraz, izan badira, baina orain martxan den prozesu subiranistaren subjektu politikoa Katalunia da.

Mugimendu subiranista katalanek inoiz defenditu izan badute Herrialde Katalanak direla subjektu nazionala, beste garai batean izan zen. Gaur egunean, garbi dago inork kurritu behar badu independentziarainoko bidea hori Katalunia izango dela. Adibide argigarri pare bat, jarraian. Batetik, ERCk uztaileko Konferentzia Nazionalean adierazi zuen Herrialde Katalanak ez direla subjektu politiko. Eta bestetik, El Clauer egitasmoan biltzen diren erakunde zibilek —ANC Biltzar Nazional Katalanak eta Omnium Culturalek, besteak beste— irudikatu duten Katalunia independente horretan, behin bakarrik erabiltzen dute Paisos Catalans kontzeptua, hizkuntza-kulturari buruzko tartean: «Kontuan hartzeko beste faktore bat izango da estatu katalan berriak Paisos Catalans izenarekin ezagutzen ditugun hizkuntzaren gainontzeko lurralde historikoetako katalan hiztunekin izango duen harremana. Estatu katalan berriak lotura sendotu beharko du Valentzia, Balearrak, Aragoiko Zerrenda, Ipar Katalunia eta Alguer hiriko katalan hiztunekin, denon artean osatzen dugun komunikazio eremu linguistiko eta kulturala indartzeko».

Herrialde katalanen batasuna, baina, aspaldikoa da: Jaume I.a erregeak XIII. mendean Aragoiko Koroapean elkartu zituenez geroztikoa, gutxienez. Baina Jaume I.ak berak herrialde katalanen disoluziorako hazia erein ondoren —erresuma bi semeen artean banatuta—, eta sakabanaketa garai luze baten ondotik, XIX. mendean hasi zen atzera galdutako batasunaren berreskuratzea. 1876koa da Herrialde Katalanak izendapenaren lehen agerpena. Hala zioen, behintzat, Jaume Fusterrek, XX. mendeko saiakera egile katalan garrantzitsuenak eta Valentziako panorama kulturalaren berriztatzaileak. Herrialde Katalanak «errealitate sozial identifikagarri, heterogeneo, nahasi, ondorio hertsiki politikoetan eztabaigarria» zirela esan zuen, gainera.

Som Paisos Catalans plataforma iazko otsailean eratu zen, Mallorcan. Herrialde katalan guztietako jendea biltzen du, ordea, «eraikuntza nazional osoaz» kontzientziazio lana egiteko. Lurraldearen iraupen eta borrokaren beharraz jendeak eta erakundeek kontzientzia hartzea dute helburu. Kanpainak, hitzaldiak eta prestakuntza ikastaroak egiten dituzte horretarako, herrialde katalan guztien batasunaren alde gauzatzen diren ekinbideei babesa ematearekin batera.

Plataformako kide diren Maria Plana eta Marc Garciarekin elkartu gara, eta jakin nahi izan dugu gaur egunean Herrialde Katalanak zertan diren: «Herrialde Katalanen kontzeptua ez da azken urteotan gain behera joan. Are, eztabaidaren erdigunean dago. Katalunian Balearretako irakasleen aurkako erasoek izan duten erantzunak edo Valentziako gatazka sozialekiko izan den elkartasunak erakusten dute Herrialde Katalanak prozesu subiranistaren asmoetatik at eraikitzen direla».

Hori hala izanik ere, ez dute begi txarrez ikusten Kataluniaren independentziarako aukera: «Herrialde Katalanen independentziaren alde lanean ari garenok aukera gisa ikusten dugu herriaren zati batentzat hasi den prozesua. Nahiz eta ez izan herri osoa, nahiz eta ez izan helburu herri aske bat sortzea nazio libre baten barruan. Independentista gisa momentua baliatu behar dugu, sistemaren krisia, krisi horri eta sistema horri alternatiba gisa herri aske eta oso bat emateko».

Kataluniaren balizko independentzia beste herrialde katalanentzat onuragarria edo kaltegarria izan daitekeen galdetuta, hau diote: «Egun Espainiako eskualdea den Kataluniako Erkidego Autonomoa hartuko lukeen estatu katalan baten sortzeak ez du zertan aurrerapausoa izan Herrialde Katalanen eraikuntza nazionalari begira. Erraz egiazta daiteke baieztapena: Andorrak—estatu katalana, subiranoa eta Herrialde Katalanen barrukoa— ez du pausorik eman Herrialde Katalanak erreferentzia esparru gisa hartuko dituen estatu berri baten sorrera errazteko. Katalunia estatu bilakatzeak ere, ordea, ez du eragozten Herrialde Katalanak geroan errealitate gisa gauzatzea, Andorrak galarazi ezingo duen bezala. Betiere hango eta hemengo katalanek hala nahi badute, noski, eta lan egiten badute nazio osoa eraikitzeko».

Hala mintzo dira Herrialde Katalanen gaurkotasunaz: «Gaur egunean herrialde osoa aintzat hartzen duen independentista gehiago dago duela bi, lau, hamar urte baino. Asko hazi da mugimendu independentista azken hamar urteotan Herrialde Katalanetan. Egia da batzuek herrialde jakin baten independentziaren aldeko apustua egin dutela orain, baina aurretiko pauso gisa. Gero, denborak esango digu apustu hori benetan aurretiko pauso bat zen, edo azken geltokia».

Herrialde Katalanak eraikitzen jarraitzeko lana zein den ere argi dute Planak eta Garciak: «Eraikuntza izan dadila jendearen borroketatik abiatua, beti herritik, eta ez boteretik bertatik. Jendeak sentitzen du berea balitz bezala Herrialde Katalanen proiektua. Herrialde Katalanak existitzen dira; ikusgarri egin behar ditugu, eta politikoki egituratu. Eta hori jendearen borondatearen araberakoa da».

Valentzia, Rosello, Balearrak

Kataluniaz besteko herrialde katalanetako jendearen iritzia ere kontuan hartzekoa da. Vicent Sanchis kazetaria valentziarra da sortzez, eta Avui egunkariko zuzendari izana da. Herrialde Katalanak proiektu nazional gisa existitzen direla onartu du, «baina herritarren zati oso txiki batentzat». Baina, iruditzen zaio proiektua mantendu egingo dela, identifikatuta sentitzen direnentzat ez duelako iraungitzeko datarik, «eta horrek ez du zertan aldatu Katalunia estatu independente bilakatzen bada ere».

Joan-Lluis Lluis idazlea, berriz, Perpinyan jaio zen, Ipar Katalunian. Pausoz pauso joatea iruditzen zaio bide bakarra: «Lurraldeen arteko aldeak handiak dira, eta errespetatu beharrekoak. Derrigor egon behar dute erritmo diferenteek; bestela inork aurrera ez egiteko arriskua legoke». Kataluniaren independentzia garaipen erraldoia izango litzateke Lluisentzat, «transzendentala, herrialde katalan guztientzat».

Mallorcarra da Rosa Calafat hizkuntzalaria, Andratxekoa. Lurralde bakoitzak bere berezitasunak dituela onartu du, baina kritiko agertzen da: «30 urtean entzun izan diegu botere autonomikoaren organoei lurralde bakoitzak behar zuela bere erritmoa; erritmoak beren kasa ezarriko balira bezala. Herritarrekiko pedagogia politiko izugarria falta izan da Herrialde Katalanen inguruan, testuliburuetan, hedabideetan, diskurtsoetan… ez gara aski gardenak izan».

Kataluniaren independentziak ekar litzakeen ondorioez galdetuta, Sanchisek dio ziur eragingo lukeela Espainiako Estatuaren erreakzio bat, «mesfidantza handiagoa, susmo txarra, intrantsigentzia». Kutsatzea saihesteko. «Baina, era berean, irekiko lirateke orain imajinatzen zailak diren horizonteak. Kataluniak independentzia lortuko balu, aukera horrek ez luke jarraitzailerik irabaziko valentziarren eta balearren artean?».

Lluis baikorragoa da: «Oso onuragarria izango da, nahiz ez den segur aski erabakigarria izango. Eta Espainiatik izango dute tentazioa Aragoiko Zerrendari, Valentziari, Balearrei ordainarazteko Kataluniaren independentzia. Baina Katalunia izango da estatu bat, ministerioekin, diplomaziarekin, eta buruz buru hitz egin ahal izango du Espainiarekin».

Calafatek, berriz, ez ditu ahazten eginbeharrak: «Kataluniak katalantasunaren izenean erantzuteko ardura etikoa du. Nazio zati baten independentziak balio behar du lege babesa, duintasuna eta laguntza emateko oraingoz kanpoan geratzen garenoi».

Herrialde Katalanen gaurkotasunaz hitz egiterakoan, Sanchisek dio beti izan dela kontzeptu labaina, «onartzen zaila valentziar eta balearrentzat». Batez ere valentziarren kasuan, «botere eta interes jakin batzuek antikatalanismoa bultzatu dutelako, desertzio propioen zurigarri gisa». Ez da ideia edo proiektu erraza izan sekula: «Jaume I.aren garaian ere, monarkia katalana izan zen ahula eta paktista». Gaur egun ere jarraitzen dute proposatzen eta aldarrikatzen, «baina gutxiengo batek soilik sinesten badu, nola ez utzi beranduagorako?».

Lluis kontziente da hainbat sektorek uko egin diotela Herrialde Katalanei: «Errealitate konplexua da, azken batean pertsonek erabakitzen dutelako zer izan nahi duten, zer nazioren parte izan nahi duten. Herrialde Katalanen proiektua, ordea, ez da sekula hil, eta Kataluniaren independentziatik aurrera, partida berri bat hasiko da jokatzen». Katalunia independente bilakatzen bada, Calafatek uste du «kultura historikoagatik dagokiona aldarrikatzeko indarra» izan behar duela: «Munduari erakutsi behar dio, bai eta katalanei ere, nazio dela, hizkuntza dela. Katalunia ezin da bertan goxo egon».

Subjektu politikoa

Puntu batean, ordea, erabatekoa da kontsentsua: Kataluniak izan behar du orain subjektu politikoa. «Kataluniarrek itxaron nahi badute beste lurraldeetako katalanek aldarrikapen nazional gradu bera lortu arte, eserita itxaron beharko dute», dio Sanchisek. Kataluniako prozesu subiranista, izan ere, azkartu egin da: «Prozesu serioa da, gainera. Homologazioa eta nazioarteko aitorpena nahi baditu, errealitate kolektibo batean oinarritu behar da; eta Kataluniako Parlamentuak ordezkatzen du errealitate hori. Gustatu edo ez, nazio politiko katalana orain Kataluniara mugatzen da».

Lluisek ere defendatzen du hori dela orain aukera: «Horrexegatik dago beste lurraldeetako hainbeste jende independentzia horren alde denbora eta energia emateko prest. Kataluniako jendeak galdetzen didanean zer egin dezakeen Ipar Katalunia laguntzeko, esaten diet galdera orain alderantzizkoa dela: nik galdetu behar dut zer egin dezakedan Kataluniaren independentziaren alde. Oso positiboa izango baita Ipar Kataluniarentzat, akaso hizkuntza hemen goian heriotzatik salba dezakeen gauza bakarra».

Calafatek, berriz, «beldurra» ikusten du besterik planteatzeko, egoerak posibilismora daramatzala: «Oraingo egoera mentalitate arrotz eta arriskutsu batekin egindako trantsizio baten emaitza da. Mendeetako menderakuntza, ebaste eta erasoen ondorioa. Bat-batean nazio handi baten zati txiki batek zulotik ateratzeko abiada hartu duela ikusteak, seguru, Herrialde Katalan eta independentzia terminoak lotzeko ahotsak itzali ditu. Ahotsok orain aukera gauzagarriaren alde ari dira».

Kataluniako prozesu subiranista modu berean ere ez dute bizi herrialde katalan bakoitzean. Valentzian, «gehiengo batek jakin-minez, beste gehiengo batek indiferentziaz, gutxiengo batek oldarkortasunez, eta beste gutxiengo batek esperantzaz» jarraitzen du, Sanchisen iritzirako. «Valentzia hiriko eta erdiguneko eskualdeetako antikatalanismoa behintzat ez da, oraingoz, berpiztu», Sanchisen esanetan. Kataluniarekin gehien identifikatzen den valentzianismo politikoa, berriz, «beste gauza batzuetara dago».

Ipar Katalunian, oro har, «jakin-min adiskidetsu batekin» bizi dutela onartu du Lluisek, baina «eszeptizismo handia» dagoela: «Jendeak ez du uste Katalunia independente izango denik». Eta ez da gertaeretan oinarritutako analisi baten ondorioa, «haien mentalitatearena» baizik: «Frantziatik, mugak inoiz eta inon aldatzen ez direlako ideia inposatu da. Konformismo hutsa da. Segur aski, orain 'Kataluniaren independentzia ezinezkoa da' diotenek gero 'Kataluniaren independentzia ezinbestekoa zen' esango dute».

Calafatek azaldu du Balearretako ikuspegia: «Ilusioarekin bizi du jendeak, helmuga bat izatearen esperantzarekin. Balearretan gogor ematen digute. Badakite normaltasun katalan baterantz egin dugula, eskolaren bitartez». Zigorra jasotzen ari omen dira orain, «deskribaezina» demokrazia terminoetan: «Lan egiten dugu katalanez, katalanagatik. Herri katalana garenez, asko dugu jartzeko gu kolektibo horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.