Erabakitzeko eskubidea. Kontzeptuen definizioa

Erabakiaren hutsa betetzen

Autodeterminazio eskubidea eta erabakitzeko eskubidea. Kontzeptu bi. Elkarrekin nahastuta agertzen dira gehienetan, eta gauza bera aipatzeko erabiltzen dira askotan. Baina zer da bata eta zer bestea?

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2013ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Nazioarteko legediaren arabera, autodeterminazio eskubidea herriei dagokien eskubide bat da; herriek beren estatus politikoa modu askean erabakitzeko duten ahalmena, alegia. Hala agertzen da 1966ko New Yorkeko Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean: «Herri guztiek dute askatasunez determinatzeko eskubidea. Eskubide horren arabera, askatasunez erabakitzen dute beren izaera politikoa, eta, aldi berean, garapen ekonomiko, sozial eta kulturalez hornitzen dira». Dena den, eskubide hori modu batera edo bestera garatu da eremu geografiko eta historikoetan. Aplikaziorik garbiena deskolonizazio prozesuetan izan zen, 60ko hamarkadan. Baina oraindik ere zalantzan dago fenomeno horretatik kanpo autodeterminazioaren printzipioa aplikatu den edo ez.

Eta erabakitzeko eskubidea zer da? Askotan autodeterminazioaren eufemismo gisa agertzen da. Hala ote? Erabakitzeko eskubidea osatzen ari den kategoria politiko bat dela adierazi du Mario Zubiagak, EHUko zientzia politikoetako irakasleak: «Eragileak beren diskurtsoan sartzen ari diren neurrian, edukiz betetzen eta kategoria gisa osatzen ari da». Asier Blasek, EHUko sail bereko irakasleak, adierazi du autodeterminazio eskubidea onartuko ez luketen herrialdeetan erabiltzen dela kontzeptu hori.

1. Kontzeptu bi

Kontzeptu ezberdin bi dira autodeterminazio eskubidea eta erabakizeko eskubidea. Subjektuan dago gakoa. Autodeterminazioak nazioa aldarrikatzen duela adierazi du Zubiagak. Etimologiak berak definizio hori ematen dio: nazioak bere buruaz erabakitzeko duen eskumena. Eskubidearen subjektua, hortaz, nazioa da. Hori oinarri izanda, nazioaren elementuetan bilatzen du justifikazioa: hizkuntzan, etnian, kulturan, historian... Ezberdintasunaren adierazle diren elementuak nabarmentzen dira. Horretaz gain, nazioa izatearen aitorpena nazioarteko zuzenbideak egiten dio. «Kanpotik onartzen diren subjektuek dute autodeterminazio eskubidea».

«Ez da nazio izan behar erabakitze eskubidea izateko», adierazi du Blasek. Hitzak ez du ematen subjektuaren definizioa; autogobernua duen komunitate politiko bat da subjektua. Zubiagak azaldu du deszentralizazio prozesuetan agertzen direla komunitate politiko «bereizgarri» horiek. Beren autogobernurako gaitasuna eta instituzio propioak dituzte: EAE, Nafarroa, Eskozia dira horietako batzuk. Hortaz, erabakitzeko eskubidearen subjektua komunitate politikoak berak eratzen du. Erabakitzeko eskubidea printzipio demokratikoan oinarritzen da: «Komunitate politiko batek, demokratikoki, bere buruaren inguruan erabakitzeko duen eskubidea da». Hortaz, komunitateak berak aitortzen du eskubidear, eta ez nazioarteko legediak. Gauza dadin, subjektuak borondatea besterik ez du behar.

2. Diskurtso aldaketak

«Diskurtso nazionalista batetik diskurtso demokratikorako jauzia eman da». Hala adierazi du Blasek. Diskurtso nazionalistaren arabera, nazioa da subjektua. Horrek «mugak» izan ditzake. Nekez bilduko dira herritarrak nazio proiektu jakin baten barnean: «Zure nazio ikuspegiaren parte izan nahi ez dutenek ez dute bat egingo zurekin». Demokratikoki, hori sostengatzea «zailagoa» da.

Diskurtso demokratikoa, berriz, printzipio demokratikoan oinarritzen da: «Nazio izateagatik baino gehiago, eskubide demokratiko bat delako duzu erabakitzeko eskubidea». Horren defentsa egitea errazagoa da. Ildo berari jarraitu dio Zubiagak. Esan du erabakitzeko eskubideak aukera ematen duela nazio sentimendu ezberdinak biltzeko. Euskal Herrira ekarrita, espainiar abertzaleak, frantziar abertzaleak eta euskaldun abertzaleak bildu daitezke erabakitzeko eskubidearen inguruan: «Komunitate politiko gisa, demokratikoki, etorkizunaren inguruan erabakia hartu nahi dutelako». Oinarri demokratikoa da.

Horretaz gain, autodeterminazio eskubidea sezesioarekin lotzen dela adierazi du Zubiagak. Estatu berri bat sortzea du helburu. Erabakitzeko eskubidea, aldiz, subiranotasunarekin lotzen da, boterearen kudeaketa propioarekin. Horrek ez du zertan independentzian bukatu.

3. Alde bakarrekoa

«Alde bakartasuna da erabakitzeko eskubidearen funtsa». Hau da, erabakitzeko eskubidea dagoela uste baldin bada, erabakia hartu egiten da. Aho korapilo gisa adierazi du Zubiagak: «Komunitate politiko batek erabaki behar duela erabakitzen baldin badu, erabakia hartzen du, eta kito». Ez da inoren baimenik behar erabakia hartzeko. Horregatik da erabakitzeko eskubidea alde bakarrekoa. «Erakutsi egiten da, ez eskatu». Zubiagaren arabera, erabakia hartu ondoren aitortzen da eskubidea. Adierazi du eskubide guztiekin gertatzen dela: manifestaziorako eskubiderik ez litzateke egongo aurretik inor legearen kontra manifestatu izan ez balitz: «Egiteak berak sortzen du eskubidea». Quebecen adibidea jarri du Blasek: Kanadako Auzitegiak Quebecen egin ziren bi erreferendumen ondoren arautu zuen eskubidea zuzenbidean.

Kontzeptuak «mugak» dituela jakinda ere, Zubiagak aitortu dugarrantzitsua dela erabakitze eskubidearen inguruan jendea biltzea: «Lehen pausoa gai hau gizartean errotzea da». Ahalik eta indar gehien bildu behar da erabakitzeko eskubidearen inguruan ahalik eta adostasun zabalena lortzeko.

4. Legeak zer dio?

Autodeterminazio eskubidearen garapena ez da oso argia izan nazioarteko legedian. Hala adierazi du Iñigo Urrutiak, EHUko zuzenbide doktoreak. Horretaz diharduten testu ugari dago. Baina Urruitiak azpimarratu du zuzenbidearen jarrera «anbiguoa» dela, oro har. Autodeterminazio eskubideaz gain, estatuek lurralde batasuna bermatzeko araua dute nazioarteko zuzenbidean. Bi printzipio horiek talka egiten dute: herriek autodeterminazio eskubidea dute, eta estatuek lurraldetasuna bermatzeko araua dute. «Nazioarteko legediak ez ditu gauzak argi esaten», adierazi du Urrutiak.

Nazioarteko legedian dagoen hutsune horrek subiranotasun prozesuak beste bide batzuetatik bideratzea ekarri du, Urrutiaren arabera: «Autodeterminazio eskubideaz harago doan printzipio bat josten ari da». Erabakitzeko eskubidea jarri du horren adibidetzat. Herrien etorkizuna horren inguruan zehaztuko dela dio: «Herriak bere etorkizunaren inguruan erabakitzeko duen gaitasuna oinarri demokratikoa da». Esan duenez, nazioarteko zuzenbidean jasota egotea izango litzateke egokiena, erabakitzeko eskubidea modu adostuan erabiliahal izateko. «Baina blokeatzen baldin bada, herriak gauzatu egin behar du». Prozesu demokratiko batean, gehiengo argi batek erabaki bat hartzen badu, jatorrizko estatuak onartzea beste erremediorik ez du. Nazioarteak jarrera neutrala izan du hainbat kasutan, baina neutraltasunak ez du babesik adierazten.

5. Bide bi, biak ezberdin

2014. urtea erabakitzeko eskubideari lotuta dator. Eskoziak jarria du erreferenduma egiteko eguna: irailak 18. Erresuma Batuak erreferenduma egiteko eskubidea aitortu dio. Jatorrizko estatuak, hortaz, herrialdea onartzen du. Eta, onartzeaz gain, Eskoziako Parlamentuari ahalmena eman dio beren etorkizunaz erreferenduma egiteko. Adosturik egiten ari dira prozesua. Eskoziaren etorkizunaren inguruan bere lurraldeko biztanleek erabakiko dute, eta ez Erresuma Batuak.

Katalunian erreferenduma noiz egingo den ez dago argi, baina datorren urteari begira dagogizartea. Kataluniak ez du Espainiarekin adostasunik: ez dio erreferenduma egiteko eskubiderik aitortzen. Espainiako Konstituzioaren 92.1 artikuluan agertzen da erreferendumak estatuak arautzen dituela. Baina hori ez da mugiezina. Izan ere, 150.2 artikuluan estatuak dituen funtzioak autonomia erkidegoei eskualdatu ahal dizkiela jasotzen da. Oraingoz, ez dirudi adostasunik izango denik. Dena den, herritarren artean zabaldu eta errotu egin da erabakitzeko eskubidea dutela eta, egin, egingo dutela. Gizarte zibilak eta oro har alderdi politikoak horren alde agertu dira. «Modu demokratikoetan» egiten ari dira aldarrikapena, Zubiagak dioenez.

6. Euskal Herrian zer?

Espainia eta Frantziak lurralde batasuna ondo gordeta daukate beren konstituzioetan. Biek dute nazio bakarra oinarri, eta «banaezinak» direla diote biek. Hortaz, Euskal Herriari ez zaio bere estatus politikoaren inguruan erabakitzeko gaitasunik ematen. Estatu biren artean egoteak zaildu egiten du egoera. EHUko hiru irakasleek aipatu dute lurraldetasunaren arazoa. Nafarroak eta EAEk egitura instituzional propioak dituzten komunitate politikoak dira. Baina Ipar Euskal Herriko lurraldeak egituratu gabe daude. «Lurraldea egituratuta dagoenean, askoz errazagoa da erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrak biltzea», adierazi dute Zubiagak eta Blasek. Bideak modu eta erritmo ezberdinetan egin daitekeela adierazi du Urrutiak. Kataluniako prozesuak irakaspenak ekarriko ditu Euskal Herrira. Blasek adierazi du erabakitzeko eskubidearen mugimendu sozial eta politiko aktibo bat sustatuko duela.

Protesta ziklo bat ixten ari da oraindik Euskal Herria. Hori dio Zubiagak. «Erabakitze eskubidearen afera ez da lehentasuna». Azken urteetako gatazkak Euskal Herriko gizartearen segmentazioa ekarri du, eta orain arteko kultura politikoa apurtzea zaila da. Esan du modu teoriko edo abstraktuan alderdi eta sektore asko bat datozela erabakitze eskubidearekin: «Indar horiek bildu eta gaia gizartean trinkotu behar da». Urrutiak argi du: «XXI. mendeko Euskal Herriak printzipio demokratikoari begiratu behar dio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.