Eskozia. Independentziari buruzko eztabaida (II)

Hizkuntzen korapiloa

Hizkuntza errealitate aberatsa du Eskoziak gaur egun ere, baina herrialdearen independentziari buruzko eztabaidan garrantzi periferikoa du debate linguistikoak.

Gaelikoa, ingelesa eta keinu hizkuntza dira Eskoziako hizkuntza ofizialak, eta gaelikoz eta ingelesez ageri dira errepideetako kartelak. BERRIA.
Inigo Astiz
Aberdeen
2014ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Biblian «sandalia» hitza bilatzearen moduko zerbait da. 670 orri ditu Eskoziako Gobernuak independentziaren nondik norakoak zehazteko kaleratutako Paper Zuriak, baina hamalau bider baino ez da ageri «language» hitza. Ingelesari buruz aritzeko horietariko hirutan. Izan ere, periferikoa da hizkuntzaren gaia Eskoziako independentziari buruzko eztabaidan, baina horrek ez du esan nahi korapilorik ez daukanik. 1707an Ingalaterrako eta Eskoziako parlamentuek Batasunerako Agiria sinatu zutenerako, ingelesa zen nagusi Eskozian, eta 60.000 hiztun baino ez ditu gaelikoak egun. Ingelesa, gaelikoa eta keinu hizkuntza dira herrialdeko hiru hizkuntza ofizialak, baina bestelakoa da eskozieraren egoera, zeinak hizkuntzatik dialektorako lerro osoa hartzen duen. 2011n egindako erroldaren arabera, 1,5 milioi eskoziarrek identifikatzen dute beren burua eskoziera hiztun gisa, baina hizkuntzak ez du estatus ofizialik. Hizkuntza tradizionala izendapena du. Zeharka baino ez da heltzen mihiraino independentzia proiektua.

«Hizkuntza ez da eskoziar nortasunaren marka nagusietariko bat». Michelle McLeod Aberdeengo unibertsitateko Gaeliko departamentuko irakaslearena da diagnosia. Urteak daramatza hizkuntzaren iraupen eta pizkunderako lanean, eta gaelikoaren aldeko Eskoziako Gobernuaren Bord na Gaidhlig zentroan aritu da hizkuntza plangintzan lanean. Dioenez, Eskozia independentean egungo egoera paretsuan egongo litzateke gaelikoa. «Independentziarekin ez dugu hiztun igoera ikaragarririk ikusiko, baina, orain bezala, hizkuntza baloratu eta mantendu egingo da. Eskoziako hizkuntzetariko bat izango da, ez Eskoziako hizkuntza. Agian, irailaren 18ko erreferendumean baietzak irabaziz gero, hizkuntzak pisu handiagoa hartuko du nortasunaren marka gisa».

Azken ehun urteetan, 200.000 hiztun inguru galdu ditu gaelikoak Eskozian. 1891koa da Erresuma Batu osoan egindako lehen errolda, eta 250.000 gaeliko hiztun kontatu zituzten orduan. 60.000 dira egun. «Gaelikoa gutxietsi egin dute urte luzez. Gaelikoz aritzeak ez zuen inolako baliorik, eta idiotatzat hartzen zintuzten gainera. Eta estatuak bultzatu zuen jarrera hori neurri handi batean». Orain egoerak buelta eman duela dio. Hizkuntzak badu babes eta bultzada ofizialik. «Gutxiengo ñimiño bat gara gaeliko hiztunok. Eskoziako populazioaren %1a baino ez gara, eta, halere, hizkuntza ofiziala da gurea. Azken urteetan, gobernuaren sostengu handi xamarra izan dugu, eta Westminster ere hasi zen sostengu apur bat azaltzen 1980tik Eskoziako parlamentua bueltatu zutenera arte. Orain bost urtetik hona, Language Act bat badugu, eta euskarak Espainian duen pareko estatusa du gaelikoak». Baina estua da oraindik egoera. «2001ean mendebaldeko zenbait irlatan populazioaren %70ak egiten zuen gaelikoz. 2011n egindako kontaketan, ordea, behera egin du kopuru horrek. Orain, biztanleen %50ek egiten dute gaelikoz gune horietan».

Etxekoak eta eskolakoak

Komunitate horietan galtzen dena hirietan irabazten dela dio McLeodek. «Glasgowen, Edinburgon, Invernessen... Hiri horietan ez dago gaelikoa hitz egiten duen komunitaterik, baina gaeliko eskolak sortu dira guztietan, eta jendea ikasten dabil. Urrituz doa gaeliko hiztun tradizionalen komunitatea, baina hazten ari da beste zenbait gunetan». Badira unibertsitatera arteko hezkuntza osoa gaelikoz egiteko aukera eskaintzen duten eskolak, eta unibertsitate askotan sortu dituzte gaelikoari buruzko departamentuak. Glasgowko eskola gaelikoa aipatzen du adibidetzat. «Mila ikasle baino gehiago ditu, eta gai gutxi batzuk salbu, gaelikoz ikasten dute dena. Sekulako lana egiten dute. Pare bat aldiz aldatu dute eraikinez, izena ematen duen jende guztia hartu ahal izateko».

2011n egin zuen Eskoziako Gobernuak hizkuntzen inguruko azken azterketa. Han ageri zenez,eskoziarren %80 ziren beren herrialdean gaelikoa hitz egiten zen jakitun, eta populazioaren %39ak du kontakturen bat hizkuntzarekin. Eta telebistaren bidezkoa da kontaktu hori kasurik gehienetan. «Egunero sei bat ordu emititzen ditu gaelikoz Eskoziako BBC kanalak orain urte batzuez geroztik, eta oso esperientzia arrakastatsua da. Gaelikorik hitz egiten ez duen jendeak ere ikusten ditu programa horiek. Musika saioek eta kirol saioek, adibidez, nahiko publiko handia izaten dute». Eta hor dator paradoxa. McLeodek dioenez, hizkuntzarentzako arrakasta txiki bat izan da Glasgowko Ranger futbol taldearen porrota.«Jarraitzaile piloa ditu taldeak, baina beheko mailetako ligetara jaitsi da azken urteetan, eta, hain zuzen ere, horiek dira telebista gaelikoek emititzen dituzten partidak. Jende mordoa heldu da horri esker gaelikoarekin lehen kontaktua izatera!».

Gaelikoz mintzo diren etxeetan sortutako hiztun komunitate tradizionala eta eskolatik ateratako hiztun komunitate berriak bateratzea da orain erronka, McLeoden ustez. Hori da hurrengo hamar urteetan hiztun kopuruan dagoen beherakada geldiarazteko egin beharreko bidea, dioenez. «Demografikoa da kontua. Hiztun zaharrak hil ahala, hiztun berriek hartu behar dute haien lekua. Eta eskoletan ikasitakoak dira hiztun berri horietariko gehienak, ez etxean ikasitakoak. Hori da azken urteetako beheranzko joera zuzentzeko erabili beharreko tresna nagusietariko bat. Gaelikoz aritzeko gai diren irakasleak beharko dira hurrengo urteetan, horregatik. Eta jende heldua hizkuntza ikastera bultzatzea izango da beste erronka».

Eztabaidaren periferian dago eskoziera ere, Robert McColl Millar Aberdeengo unibertsitateko irakaslearen ustez. Eskozia eta Ulsterreko Hizkuntzen Ikerketarako Forumeko zuzendaria ere bada, eta eskozierari buruzko hainbat ikerketa egin ditu. Eta onartzen du: baliteke independentziak hizkuntzaren egoeran eraginik izatea. «Eskoziera akaso apur bat hobeki egongo litzateke Eskozia independentean. Azken finean, ozeanoan tanta bat baino ez dira egun Erresuma Batuko administrazioarentzat 1,5 milioi hiztun horiek. Londresko biztanleriaren hamarrena baino ez. Eta,agian, lagungarri izan daiteke jarrera hori ez duen administrazio baten pean egotea». Urrats erraldoirik ere ez du espero McColl Millarrek, ordea. «Ez dut uste aldaketa handirik egongo denik, boterean dagoena dagoela ere, Eskoziako hizkuntza politikak birplanteatzen ez badira».

«Hizkuntza dialektalizatu bat». Horra zer den eskoziera egun, McColl Millarren hitzetan. Gorteko eta legeetarako hizkuntza zen garai batean, baina XVI. mendean heldu zitzaion beherakada. Gortea Londresera mugitu zuten 1603an, eta ingeles estandarra nagusitu zitzaion eskozierari idatzizkoan. 1983an kaleratu zuten lehen biblia hizkuntza horretan, eta literaturan dirau bizirik oraindik. Poesian, nagusiki. Konplexua da, ordea, hizkuntzaren egoera. Alderik alde doan lerro moduko batean irudikatzen du McColl Millarrek. «Continuum bat dago tradiziozko eskoziera sendotik eskoziar ingeles estandarrera, eta jende gehiena puntu batetik bestera mugitzen da egunero, testuinguruaren arabera». Estandarizatu gabe dago hizkuntza.

Erdi dialekto, erdi hizkuntza

Izan dira horretarako saialdiak 1920az geroztik, baina ez du emaitzarik izan. «Ez da adostasunik izan estatuko hizkuntza potentzialtzat hartzen dutenen eta beren eskualde aldaera erabiltzeko gogoz direnen artean. Azkenean, 1990ean egin zuten porrot idazkera sistema bakar bat sortzeko asmoek». Egun, presentzia txikia du eskoletan hizkuntzak, eta irakasle bakoitzaren borondate eta interesaren arabera lortzen du lekua ikasgeletan. Antzezlanetan erabiltzen dute, literaturan, eta baita tokian tokiko zenbait erakunderen web orrietan ere.

Erabat ebatzi gabeko eztabaida da oraindik eskoziera benetan hizkuntza ote den edo dialekto ote den, baina azaldu du bere iritzia McColl Millarrek. «Iraganeko hizkuntza, eta etorkizuneko hizkuntza potentziala da. Gaur egun zentzuzkoa da, ziur aski, hizkuntza bernakularra dela esatea, baina nik hizkuntza ere deitzen dut normalean». Hizkuntza izateko dialektoegi, eta dialekto izateko hizkuntzegi irudikatzen du eskoziera. «Heins Kloss hizkuntza soziologoak 'dialekto normal' deitzen zituenak baino testuinguru gehiagotan erabiltzen da eskoziera. Haren ustez, 'dialekto garatua' zen eskoziera. Dialekto 'normalen' eta hizkuntza estandarizatu bereizien arteko erdibideko zerbait».

Eskozieraren etorkizunaz galdetuta, baikorra da hizkuntzalaria. Erdiz baikor. «Gaelikoaz haragoko eskoziar nortasun linguistikoa gorde ahal izango dela uste dut. Ez dakit, baina, berezitasun horrek zer esan nahiko duen».

Bihar: Eztabaida ekonomikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.