Lekuak eta lekukoak (I). Koldo Mitxelena eta Errenteriako Goiko Kalea

Kale bihurri, mundu bihurri

Errenteriako Goiko Kalean bizi izan zen Koldo Mitxelena bere lehen 21 urteetan, 36ko gerra hasi zen arte. Kale bihurri eta aldapatsu hartatik gerrak markatutako bizitza are bihurri eta aldapatsuago batera irten zen orduan.

Koldo Mitxelenaren jaiotetxea, Errenteriako Goiko Kalearen 6. zenbakian. Atzo bete ziren 97 urte jaio zenetik GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Juan Luis Zabala
Errenteria
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Tumore zuri baten ondorioz, bost urteko haurrak ez zuen hanka lur gainean jartzerik. Halaxe eman zituen hiru urte, zortzi egin artekoak. Horregatik, etxean ematen zuen eguna, bere adineko ohiko jolas gehienetarako ezindua. Aitak sorbalden gainean hartuta eraman ohi zuen herriko bazterrak ikustera, begiak —eta burua— egurastera. Anekdota xume hori ekar daiteke gogora Errenteriako eliza nagusiaren ondoko Mikelazulo izeneko arku itxurako pasabidea zeharkatu eta, Goiko Kalean gora abiatuta, 6. zenbakira iritsi eta Koldo Mitxelena jaio zen etxea seinalatzen duen oroitarria ikustean: «1915-1987. Hemen jaio eta bizi izan zen Koldo Mitxelena jauna, hizkuntzalari ospetsua izan zena eta Errenteria Hiriko seme kuttuna. Errenteria, 1988ko urriaren 11n». Oroitarriaren ondoko balkoi txikian, etxea garbitzeko tresna arruntak eta butano bonbona bat. Eta etxe honen eta kale honen irudiekin jartzen da abian, hementxe, Lekuak eta lekukoak, BERRIAk aste honetan kaleratuko duen erreportaje saioa, euskal kulturaren munduan eragin handia izan duten hainbat pertsonaia ezagunek bakoitzak leku batekin —edo batzuekin— izandako loturaren berri emanez osatutakoa. Vicente Ameztoi, Txirrita, Axular, Maurizia Aldeiturriaga eta Mikel Laboa izango dira ondorengo egunetako protagonistak.

Aita, Manuel Jose Rafael Mitxelena —Larretxipi gurasoen baserritik hartutako ezizenez— saskigilea zen, xexteroa. «Bebarruan sartzerakoan ikusiko zenuen badela kale aldera jotzen duen leiho bat», esan zion Koldo Mitxelenak Martin Ugalderi, hura Goiko Kaleko etxera elkarrizketa egitera joan zitzaionean Hablando con los vascos libururako (Ariel, Bartzelona, 1974). «Aitak orain hutsik dagoen lokal horretan egiten zuen lan, leihoa zabalik zuela beti, eta pasatzen ziren guztiekin hitz egiten zuen; horrenbestez, oso ezaguna zen herrian. Ederki dakit hori, eskola joaten hasi orduko oin batean tumore zuri bat atera eta etxean gelditu behar izan bainuen, aitaren ondoan, hark lana nola egiten zuen ikusiz eta herrian kontatzen ziren istorioak entzunez».

Irakurketaren lagun min egin zen urte haietan Goiko Kaleko xexteroaren eta Joxepa Iñaxi Elissalten seme bakar eta arrebarik ere gabea. Jules Verne eta Emilio Salgarik idatzitako abenturen gaztelaniazko itzulpenez gain, Zeruko Argia eta eus-karazko beste hainbat argitalpen ere gustura hartu ohi zituen eskuen artean. Ez dago jakiterik urte haietan hanka biak lurrean jarri eta eskolara joaterik izan balu zer-nolako Koldo Mitxelena izango zen gerora ume hura, baina dudarik ez dago urte haiek arrasto sakona utzi zutela haren zaletasunetan eta munduari begiratzeko izan zuen moduan.

Gaitzak lehendik herabe zetorrena are herabeago izateko bidean jarri izana ere litekeena da. «Oso herabea nintzen, ikaragarri herabea», aitortu zion Mitxelenak, mutil koxkor garaiaz mintzatzean, beste elkarrizketatzaile bati, Eugenio Ibarzabali (Koldo Mitxelena liburuan, Erein, Donostia, 1977). «Oso neketsua gertatzen zitzaidan besteekin harremanetan sartzea. Asko sufritu dut horregatik, nahiz eta gero, adinean aurrea egitearekin eta zaplaztekoekin, herabetasuna eta lotsa galdu ditudan, biak aldi berean…».

Bihurgune aldapatsua parean

Oso kale laburra da Errenteriako Goiko Kalea. Eliza nagusiaren atariko Mikelazulo pasabidea baino pixka bat beheraxeago hasi, Merkatuzar gunearen parean, eta Jautarkol plazan Miguel Alduntzin kaleari lekukoa eman arte igotzen da, justu Mitxelenaren jaiotetxearen parean bihurgune itxi eta aldapatsua eginez.

Oinezkoentzako kalea da gaur egun, autoentzako sarbiderik gabekoa, baina autoek eman dute han ere sustorik inoiz, Koldo Mitxelenaren gaztetako adiskide batek, Jose Miguel Mitxelenak, Oarso aldizkarian 1988an kontatu zuena egia baldin bada behintzat. Auto istripu bat gertatu omen zen Goiko Kalean, eta orduan: «Gainerako bizilagunak leihoetatik begiratzera irten ginenerako, Koldo lasterka zihoan jada, aurrena, laguntza emateko prest bi aldiz pentsatu gabe».

Koldo Mitxelenaren orduko lagunek Oarso-ko erreportaje berean diotenez, Oiartzun ibaiaren presara joaten ziren bainatzera udan. Donostia gertu zuten oraingo ikuspegitik begiratuta, baina orduko gaztetxoek gutxitan izaten zuten Donostiara joateko tranbia ordaintzeko dirurik.

Maitea zuen Errenteria Mitxelenak, eta beti izan zuen jaioterriaren inguruko aldarri bat, hari buruzko uste oker bat zuzentzeko grina bat. «Errenteria, Tolosaren neurrira iritsi gabe, herri industrial garrantzitsua zen ordurako», esan zion Ibarzabali, «eta hori ahaztu egiten da askotan. Xabier Letek esana du inoiz: Xenpelar bertsolaria fabrikako langilea zen, eta nekazari eta arrantzaleen kontu hori guztia… hori gezurra da. Neure aita bera ere, otarren denda jarri aurretik, Real Compañía Asturiana de Minaseko langilea izan zen».

Elkarrizketa egitera Mitxelenaren etxera igo zenean, Martin Ugaldek zurezko eskailera zaharren estutasunari erreparatu zion. Gero, bere etxeko bulegoan jada, Mitxelenari egindako elkarrizketa idazten hastean, estutasun hura gogoratu eta Mitxelenaren «bizitzaren bidea» eskailera haien antzekoa izana zela bururatu zitzaion: estua, bihurria, zaila. Konparazio hori eginez hasi zuen Ugaldek elkarrizketaren testua.

Estu-estua izan gabe ere, zabala ez da behintzat, bai ordea bihurria eta aldapatsua, bere laburrean, Goiko Kalea, Parte Zaharreko kale tipiko bati dagokion moduan. Etxeak hala moduz daude antolatuta, elkarri bultzaka ari balira bezala, bakoitza bere aldamenekoek utzitako lekuari kostata eusten, ordena argirik gabe eta simetria aztarna ororen etsai. Etxe estuak, okerrak, apalak. Etxerako eskailerak bezala, Mitxelenari egokitu behar zitzaizkion oztopo eta zailtasunen aurrekaritzat hartzeko modukoa izango zen kale hau haren mutil koxkor garaian. Kale bihurri batetik irten zen Mitxelena bizitzaren bihurrikerietara.

Gogoz kontrako pausoak

Bizitzako lehen 21 urteak eman zituen Mitxelenak Errenteria dagoeneko nahiko industrial hartan, Goiko Kaleko etxean aterpetua. Harik eta, aterpe oro mehatxatuz eta gehienak suntsituz, 36ko gerra iritsi zen arte. Ezin gogoz kontrakoago zeregina izanagatik, armak hartu zituen, EAJkoekin lerratuta, faxisten erasoari aurre egiten saiatzeko. Preso hartu zuten, baita heriotza zigorra ezarri ere. «Bitxia da», komentatu zuen Ibarzabalen liburuan, heriotzera zigortuta egon zen egunak gogoan. «Oroitzapen ona dut egun haietaz. Kostatu egin zitzaidan hil egingo nindutelako ideia neureganatzea, baina lortu nuenean sosegu sentimendu gozoa izan nuen, lasaitasunekoa, gauzen pixka bat gainetik bezala banengo bezala…».

Baina kondena aldatu zioten eta, hainbat espetxetatik pasa eta gero, sei urte baino gehiagoren buruan itzuli zen Goiko Kaleko etxera gerraoste ilunean, kanpoan pasatako denbora horretatik ia dena preso emanda. Hila zen ordurako aita, berak oinik lurrean jartzerik ez zuenean sorbalda gainean eramaten zuen saskigilea. Amak etxera itzuli zen egunean egin zion harrera Mitxelenari buruzko idazki askotan dago aipatua eta azpimarratua: «Etorri altzea?».

Lanak eta zeregin politiko klandestinoek horretara behartuta, Madrilen eman zituen hurrengo urteak, eta beste kartzelaldi bat ere pasatu behar izan zuen, harik eta 1949an, ama ordurako hila zelarik, Errenteriako Goiko Kaleko jaiotetxean bizitzera itzuli zen arte, Matilde Martinez de Illarduiarekin ezkondu eta gero. Goiko Kalean hazi ziren bien seme-alabak, Itziar eta Rafael.

Salamanca eta Parisen bizi izan zen gero —itzal handiko hizkuntzalari laudatua ordurako—, eta azken urteetan Donostian. Han hil zen, 1987ko urriaren 11n; laster izango dira 25 urte. Donostian bizi dira gaur egun alaba eta semea. Koldo Mitxelena jaio zen etxean ez da haren familiakorik bizi aspaldian. Oroitarria gelditzen da, balkoi txikiko erratzaren, lanbasaren, uretako baldearen eta butano bonbonaren ondoan. Eta oroitzapenak eta lanak, horietako asko liburu eta aldizkarietan jasoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.