Estali ezin dena tentuz azalduz

'Lasa eta Zabala' pelikula filmatzen hasi dira, eta GALek hildako bi ETAko kideen hezurrak hilerrira ekarri zituzteneko uneak birsortu dituzte. Pablo Malo zuzendariak adierazi du istorio intimo bat kontatu behar duela.

Lasa eta Zabala pelikularen irudi batzuk filmatu zituzten atzo Tolosako hilerrian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Tolosa
2014ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
ETAren kontrako gerra zikinean, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren aurkakoa izan zen GALek gauzaturiko lehendabiziko ekintza. Felipe Bayo eta Enrique Dorado guardia zibilek bahitu eta hil zituzten bi gazte tolosarrak 1983an, eta Bussoten (Alacant, Herrialde Katalanak) lurperatu. Hobiak karea biziz tapatzeaz ere arduratu ziren bi guardia zibilak. Baina Pablo Malo (Donostia, 1965) zinemagileak zerbait «lehorragoa» kontatu nahi du Lasa eta Zabala pelikulan. «Ez da nire asmoa biolentziaren pornografia egitea». Narrazio intimo bat osatu beharra daukala irizten dio. Ikuspegi politikoari alderdi humanoak gaina hartuko dion kontaketa ontzen ahaleginduko da, horregatik. Arduraz jokatuta. «Ez dut ez alde batera ez bestera jo nahi, eta ez da nire nahia historiari buruzko panfleto bat sortzea». Bi gazte haien bizitza erakutsi asmo du gertatu zenari helduz, baina haien familiaz eta semeak «hain modu lazgarrian» galdu izanak sorrarazten duenaz hitz eginez. Minaz. Kareak ere estali ezin duena tentuz azaltzea da zinemagilearen helburua.

Baionan hasi ziren filmatzen igaro den astean, eta 1995eko ekainaren 21ean bi ekintzaileen hezurrak haien jaioterriko, Tolosako, hilerrira ekarri zituzteneko momentuak birsortu dituzte azkeneko bi egunetan. Hilkutxak hilerrira heldu zireneko eta Ertzaintzako kideak bildutakoei bortizki oldartu zitzaizkieneko uneak filmatu zituzten herenegun, eta atzo, berriz, lurzoruan zulatutako hobi komunetan zerraldoak hilobiratu zituztenekoa.

Errealitatean minutu batzuetan egiten denak orduak behar ditu film bateko fotogrametara behar bezala eramateko. Hilerriko sekuentzian, Lasa eta Zabalaren familiako kideen rolak jokatuko dituzten figuranteak azalduko dira batez ere. Filmatzen hasi aurretik, kaperaren kanpoaldean zeuden atzo 50 bat estra hamaiketakoa egiten —bezperan 140 inguru izan ziren—, pelikularen talde teknikoko kideen aginduen zain.

Astebete baino ez da igaro planoak biltzen hasi zirenetik, baina bi errefuxiatuek Baionan zuten bizitza birsortzen egin beharreko lana oso nekagarria izan zela adierazi du Malok. «Hotzez ibili ginen, eta euria kameran ondo geratzen den arren, asko zailtzen du lana, eta estresa eragiten du». Emaitzarekin pozik dago, halere. Hura ere hoztu zen, eta fular eta bufanda lodi bana daramatza jantzita.

Zirudien baino askoz ere korapilatsuagoa izaten ari da filmaketa, haren hitzetan. Lokalizazio eta aktore asko —50etik gora—, euskaraz eta gazteleraz filmatu beharra... Gainera, benetako gertaeretan oinarritutako gidoi batekin ari da estreinakoz lanean. «Arduraz jokatu beharra daukazu historiatik ez aldentzeko». Maloren hirugarren film luzea izango da, Frio sol de invierno (2004) eta La sombra de nadie-ren (2006) ondoren. Lehendabizikoagatik, zuzendari onenaren Goya saria eman zioten.

«Izugarrikeria bat izan zen»

Badaki historia «enblematiko bat» daukala esku artean. «Kontatzen dena delikatua da, eta batzuek esango digute ea zergatik ez dugun sartu hau edo bestea... Hau da gure herrialdean urte askoan gertatu den guztiaren kapitulu bat, eta kontu jakin horren berri emango dugu». Ekilibristarena egin beharko duela badaki Malok, baina oraingoan argi du zein aldetan dagoen, non kokatzen den. «Izugarrikeria bat izan zen». Kasuaren sumarioari heldu dio kontaketa egiteko, baina historiaren zati bat fikzionatu dute, «zinematografikoa izan dadin, hain zuzen».

Eta nahiz eta zinemak azalpenak ere behar dituen, batez ere irudien beharrean dago. Unax Ugalde aktorearekin —Iñigo abokatuarena egingo du— plano batzuk egin zituzten atzo, baina hilkutxek familiako kideen sorbaldetan hobira arte panteoien artean egin beharreko 100 metro pasatxoko bideak zentratu zuen eguna. 15-20 segundoko hartualdi bat filmatzeko ere, prestakuntza lana harrigarria da. «Isildu, mesedez!», Aitor Vitoria Maloren ohiko zuzendaritza laguntzailearen agindua. Entsegu bat. Beste bat. Zuzendariari iruditzen zaio hilkutxek pega-pega eginda joan beharra daukatela. «Ados». Orain bai, orain filmatzen, bigarren saialdia. «Argazkirik ez egin, eta sakelakoak itzali!», Vitoriaren iradokizuna. Klaketa soinua. «Accion!». Isiltasuna. Hilkutxak gorantz, eta estrak, familiako kideena egiten, atzetik. «Moztu!», aditu da zuzendariaren behin-behineko etxola mugikorretik. «Oso ondo. Honek balio du», esan du, gogobeteta.

Thriller politikoa izango da, haren esanetan. Oso zinematografikoa. «Gure historiaren zati bat kontatzen dugu, eta hala jarraituko dugu, irlandarrek eta ingelesek egin duten moduan. «Terrorismoaren amaieraren ondoren», pentsatzen du sanoa dela beste ikuspuntu batetik hitz egiten hastea. «Leihoak ireki eta horietatik airea sartzen uzteko garaia da».

Hain zuzen, gatazkari buruz Irlandan eta Ingalaterran egin diren filmei erreparatu die berea osatzeko ahaleginean. Ken Loachenak, Jim Sheridanenak, Bloody Sunday (2002, Paul Greengrass)... «Bisualki zerbait indartsua egin nahi dugu». Izan ere, dokumental bat izan beharrean, zinema egitea da haren asmoa. «Familiako kideei ohartarazi nien ez zituztela haien semeak ezagutuko ez keinuetan, ez ibileran, ez hitz egiteko moduan. Dena fikzionatzen ari gara. Errealitatea erakusteko, hor daude dokumentalak. Denok dakigu zer gertatu zen».

Gertuko tratua izan du Malok Lasa eta Zabalaren familiekin. Maiz solastatu da haiekin. «Emozionalki inplikatzen hasten zara, eta horretatik alde egin nahi izan dut, argi nuelako zer eta nola kontatu». Familiako kideek atseginez hartu dute haien semeei buruzko pelikula bat egitea, Maloren arabera. «Haietako dezentek, aldiz, adierazi zidaten ez zutela pelikulaz ezer jakin nahi, tristea eta mingarria delako historia hori guztia berriro gogoratzea».

Filmak erakutsiko dituelako, besteak beste, jasan zituzten torturak; eta baita nola hil zituzten ere. «Bartzelona eta Madrildik etorritako aktoreek galdetzen zidaten ea jostarazi behar nintzen haiei eta beste hainbat torturaturi egin zizkieten izugarrikerietan. Horrekin zeuden arduratuta. Tonuari eutsiz eta familiarekiko errespetuz jokatu dut, baina ez dut torturaren anekdotan geratu nahi izan», aitortu du pelikularen zuzendariak, eta modu grafikoan osatu azalpena: «Ez da nire asmoa Donostiako Beldurrezko Asterako pelikula bat osatzea». Tiroketak ere, adibidez, «oso modu errealistan» erakutsiko ditu, eta ez dute ikusgarritasunik edukiko.

Xehetasunak mimo handiz zaintzen saiatu da. Paco Etxeberriarekin harremanetan jarri da, esaterako, erabiliko dituzten hezurrak benetakoen berdin-berdinak zirela ziurtatu nahi zuelako. Eta auzitegi medikuak baiezkoa eman dio. Ezezkoa esan diote, ordea, Donostiako La Cumbre jauregian eszena batzuk filmatzeko baimena eskatzean. Han torturatu zituzten Lasa eta Zabala. «Uler dezaket eta errespetatzen dut babesle batzuek gu lagundu nahiz ez izatea, ETAren mehatxuak jaso zituztelako. Baina La Cumbrekoa ez dut ulertzen. Ezustean harrapatzen nau. Demokrazia heldugabe bat da hau». Ez diete uzten ez lorategian ez eraikinaren kanpoan filmatzen, eta Maloren iritziz, ez du zentzurik. «Horrek adierazten du oraindik oso gertu sentitzen dugula gertatutako guztia».

Aldaketak gidoian

Publiko orokorrarentzako ezezagun samarrak diren aktoreak aukeratu ditu bi ETAko kideen rolak jokatzeko, eta esker ona adierazi die. «Baionako eszenak izan ezik, gainontzekoak oso desatseginak ziren haientzako. Zorte handia izan dut haiekin topo egitean». Eskatu dien bakarra izan da burua haien tokian izan dezatela, eta saiatu daitezela ulertzen zer ari diren antzezten.

Joanes Urkixok idatzitako gidoiaren gainean ari dira lanean, baina Malok ere eskua sartu du horretan: aldatu ditu elkarrizketak, egoerak, gehitu ditu gauzak... «Nirea egin beharra neukan... Hasieran arraroa egin zitzaidan, ez bainengoen beste baten gidoiarekin lan egitera ohituta. Lantzen ari naizen hau sinesteko, zenbait eremutan parte hartu beharra neukala erabaki genuen».

Filmaketan, talde teknikoan, 50 bat lagun dabiltza lanean. Heldu da hilkutxak hobietan sartzeko unea, eta lekualdatu dituzte traste guztiak, zuzendaritzaren etxola mugikorra barne. Vitoria hasi da aginduak ematen. «Accion!». Xabier Ortuzarrek egingo du Zabalaren anaiarena. «Filma garrantzitsua izan daiteke gazteentzat, zer gertatu zen jakin dezaten». Estali ezin dena azaltzen saiatuko da Malo. Baina tentuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.