Ezarian. Euskal Herriko portuak (IV). Bilbo

Hiriaren tamainako portua

Bilboko portuak betitik izan du garrantzi handia hiriaren garapenerako, merkataritza eta industria haziz joan diren neurrian hazi baita berarekin hiria. Bien arteko lotura horrek egin ditu handi hiria eta portua.

Abrako portuak 2,6 km koadro kendu dizkio itsasoari, eta 3,2 kilometroko kaia eraiki dute bertan. Gaur egun, itxura hau dauka Bilboko portuak. BILBOKO PORTUA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Bilboren historia Bilboko portuarekin lotuta dago. Horrenbeste, ezin baita hiriaren garapena ulertu portuarenari begiratu gabe. Duela zazpi mende sortu zuen hiria Don Diego Lopez Harokoak, baina ordurako leku horretan merkataritzak tradizio handia zeukan. San Anton zubiaren inguruan nabigazio eta merkataritza gune bat zegoen, eta XIII. mendearen amaieran garrantzitsua zen. Hiri sortu berriak bere izena portutik hartu zuen, gainera, hartan ordurako Bilboko portua deitzen baitzitzaion merkataritza guneari. Horren lekukotasuna Lopez Harokoak izenpetu zuen hiri gutunean dago: «Con placer de todos los Vizcaínos fago en Bilvao de parte de Begoña nuevamente población e Villa que le dicen Puerto de Bilvao» (Bizkaitar guztien gozagarri, Begoñaren bidez Bilbo berriz ere herri egingo dut, Bilboko portua deitzen dioten lekuan). Hiriaren historiaren hastapenetan, portuak berebiziko garrantzia izan zuen, eta lotura horrek gaurdaino irauten du.

Batasun horren lekuko da une honetan Bilboko portuak sortzen duen aberastasuna. 9.000 lanpostu inguru mantentzen ditu Abrako zabalgunean dagoen kanpoko portuak. Eta han dauden enpresek Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako BPG barne produktu gordinaren %1 sortzen dute; era berean, Bizkaiko BPGaren %1,9aren sorburua da portua. Euskal kostako porturik garrantzitsuena da, eta horren lekuko da munduko 800 porturekin loturak dituela. Edozein modutan, krisiak ere eragina izan du bertako jardueran, Petronor eta ArcelorMittal enpresek euren lan ildoa gelditu baitute urte honen hasieran eta horrek eragina izan baitu: lehen seihilekoan, Bilboko portutik 13,5 milioi tona produktu igaro dira, 2011n baino %21 gutxiago. Bi enpresa horien jarduera, ordea, suspertzen ari da, eta portu agintaritzakoek urtea ondo amaitzea espero dute. Baina Bilboko portuak daukan garrantzia ulertzeko, iraganera egin behar da salto.

1300. urtean Bilboko hiria sortu eta berehala, portuak lehen abantailak lortu zituen. Lopez Harokoak, lehenbizikoz, itsasadar guztiaren agintea eman zion hiriari, San Anton zubitik hasi eta Abran itsasoratzen den arte. Fernando IV.a Gaztelako erregeak, berriz, garraioaren zerga kendu zien bilbotarrei, Gaztelako erreinu osotik ibiltzeko. Era horretan, ibaiari esklusibotasuna emateaz gain, Gaztelako edozein bidetatik joateko askatasuna zeukaten bilbotarrek. Ondorioz, XIV. eta XV. mendeen artean Bilboko portuak garapen handia izan zuen, eta Europako merkatuetan presente egoten hasi zen. Hainbat mendetan iraun duen indar merkatariak lehen sustraiak bota zituen garai hartan.

Garrantzi horren jakitun izan zen Joana I.a Gaztelako erregina, eta 1511. urtean Bilboko kontsulatua sortu zuen. Erakunde horren gain geratu zen itsasadarraren gaineko agintaritza guztia, eta hango mantentze lanak aurrera eramateko ardura ere bazeukan. Horien artean, lanik garrantzitsuena itsasadarra dragatzeko lanak izan ziren. Izan ere, ordura arte itsasontziak Bilboko porturaino iristeko zailtasunak zeuzkaten, itsasadarrean ur sakonik ez zegoelako. Behin lan horiek amaituta, Bilbon zeuden nasetara iristea erraztu zen.

Ordura arte Bilboko portuaren jarduera ekonomikoa lehengaiak esportatu eta inportatzean oinarritu zen, baina XIX. mendean, jarduera hori aldatu egin zen. Industrializazioa hasi zen, eta bertako jarduera ekonomikoa aldatu egin zen.

Oparotasun garaiak

1860ko hamarkadan, Europan burdina eskaerak izugarri egin zuen gora. Industrializazioa martxan jarri zen, eta, ondorioz, burdinaren ustiapenak berebiziko garrantzia hartu zuen. Horrek zuzenean eragin zien Bilbori eta portuari. Bizkaiko hiriburuan eta inguruko mendietan burdin mineral ugari zegoen; kalitate handikoa, gainera. Horren ondorioz, burdin meatzaritzak sekulako bultzada jaso zuen Ezkerraldean, eta horrek portuaren azpiegiturak goitik behera aldarazi zituen. Izan ere, minerala ontzietan kargatu ahal izateko baliabide eskasak zituen Bilboko portuak. Asmo horrekin, burdina meategitik ontzietara garraiatzeko lehen trenbidea eraiki zuen Bizkaiko Foru Aldundiak.

Baina burdin guztia ez zen atzerrira joaten. Bilboko itsasadarrean bertan, minerala lantzeko lehen labe garaiak garatzen hasi ziren. Garapen horren guztiaren ondorioz, itsasadarraren bi aldeetan enpresa ugari sortu ziren urte horietan: ontziolak, tailer mekanikoak, makinen lehengaiak, eta abar. Eta siderurgia haziz joan zen heinean, gainerako sektoreak ere industrializatu egin ziren. Hala nola papergintza, zementu fabrika, egurgintza, argindar fabrikak, ehungintza, eta abar.

Jarduera ekonomikoak hazkunde ikaragarria izan zuen urte horietan, eta hori Bilboko portuan ere sumatu zen. 1870eko hamarkadan burdin mineralaren zamalanetarako iristen ziren ontziak itsasadarrean pilatzen ziren, eta denbora asko behar zuten Bilbora iristeko. Hori ikusita, 1872. urtean merkatari, meatzari, armadore eta enpresaburuek, elkartu, eta Bilboko itsasadarreko eta portuko lan batzordea osatu zuten. Era horretan, 1887. urtean Evaristo Txurruka ingeniariak Bilboko portuko lehen lan garrantzitsua amaitu zuen: Portugaleteko burdinazko kaia. Lan horri esker, itsasadarrean sartzeko oztopoak gainditu zituen. Baina lanek aurrera jarraitu zuten, eta 1902an kanpoko portua inauguratu zuten. Bilboko portuaren segurtasuna bermatu zuen lan horrek, Santurtzin dike bat eraikita eta beste bat Algortan (Getxo). Azpiegitura horiekin, Bizkaiko Golkoko porturik seguruena eta onena bihurtu zen.

Bilboko itsasadarreko eta portuko lan batzordeak, urte gutxian, itsasontziak atrakatzeko baldintza egokiak lortu zituen. Egindako lanen ondorioz, ontziak itsasadarraren 18 kilometroan zehar porturatu zitezkeen. Era horretan, portuan hiru gune sortu ziren, leku bakoitzean jarduera ekonomiko batzuk elkartzeko: portu komertziala Bilbo inguruan kokatu zen, eta han zeuden biltzen ziren egur, ardo, bakailao eta abarrak; portu industriala, itsasadarraren erdigunetik hasi eta Portugaleteraino —burdin minerala, industria siderurgikoa, ontziolak, industria kimikoa eta beste han elkartu ziren—; azkenik, Abrako kanpoko portua ontzi handientzat egokitu zen, merkantzien gordailu gisa, bertan ekoitzitakoak zein kanpotik ekarritakoak izan. Erraztasun horiekin guztiekin, nazioarteko eskalak erraztu ziren Bilboko portuan.

Oparoalditik aldaketara

Bilboko itsasadarreko jarduera ekonomikoa sendotu egin zen urteekin, eta egoera horrek XX. mendera arte iraun zuen. Oparotasun garai handiena 60ko eta 70eko hamarkadetan iritsi zen Bizkaiko hiriburura. Garai horretan egin zen, esaterako, Deustuko ubidea, itsasadarreko zirkulazioa arintze aldera. Garapen hori, ordea, 1973ko krisiarekin amaitu zen. Izan ere, euskal industria sarea gogor astindu zuen nazioarteko krisiak, eta 80ko eta 90ko hamarkadetan desindustrializazioa gertatu zen. Era horretan, industria sektoretik zerbitzuen sektorera igarotzeko lehen pausoak eman ziren. Eta horrek, beste behin, portuan eragin zuen.

Aldaketa hirian bertan sumatu zen lehenbizi. Arriaga, Areatza, Abandoibarra eta Uribitarteko kaiak kendu egin zituzten, eta apurka portuaren jarduera kanpoko aldera eraman zen. Hau da, Abrako kanpoko portura. Prozesu hori 1992an hasi zen, eta lehen fasean eraikita zeuden bi nasen artean babeslekuak sortzen hasi ziren. Apurka, babesleku horren barruan jarduera ugaritarako kaiak sortu ziren, eta hogei urte geroago oraindik amaitu gabe daude. Une honetan, Bilboko portuak itsasoari 2,6 km koadro irabazi dizkio, eta 3,25 kilometro kai eraiki da horretarako. Lan horiek aurrera eramateko, portu agintaritzak 750 milioi euro inbertitu ditu, eta enpresek 1.900 milioi euro inbertitu dituzte.

Bilboko portua, beraz, goitik behera aldatu da XX. eta XXI. mendeen artean, hiritik kanpoko aldera mugituz. Era horretan, nazioarteko merkataritza sustatu da, baita turismoa ere, gero eta gurtzeru gehiago iristen baitira Bilbo ezagutzera. Izan ere, portuaren bilakaeraren eskutik Bilbo bera ere goitik behera aldatu baita. Duela ez horrenbeste urte merkataritzara bideratutako kaien partez, gaur egun, museoak, paseoak eta eraikin garaikideak altxatu dituzte. Bilboren garapena gaur egun zerbitzuen eta turismoaren sektorera bideratu da, nahiz eta portuak oraindik baliabide ugari eskaintzen dizkion. Bien arteko harremanak luzaroan iraungo du oraindik.

BIHAR: Euskal Herriko portuak (V). Donibane-Ziburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.