Krisia Nafarroako Gobernuan

Ez du atera nahi

Yolanda Barcinak PSNri aurpegiratu dio «aitzakia bat» bilatu nahi izatea Bildurekin bat eginda UPN gobernutik kanporatzekoNievesen salaketaren harira, aho batez onartu dute ikerketa batzordea eratzea

joxerra senar
Iruñea
2014ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Gobernua mila puskatan apurtzen ari da, eta presidenteordea kolokan dago, baina Yolanda Barcinak irribarreari eusten dio.«Egoera hau kasik entretenimenduz bizi dut. Legealdi honetan jada bizi izandakoetatik bat gehiago izan da». Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari kudeatzaile ohiak egindako salaketa larrien ondotik, atzo goizean jendaurrean hitz egin zuen lehen aldiz Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak. Zuzenean PSNri mintzatu zitzaion. Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiaren hamabost eguneko ultimatumaren ostean, Barcina ez da kikildu. UPNren aspaldiko taktika da PSNren presioei presio handiagoarekin erantzutea. «Nafar guztiok eta espainiar guztiok ikusten ari gara PSNk UPN Nafarroako Gobernutik botako duela, eta Bildurekin akordiorik ez egiteko marra gorria gaindituko duela».

Barcinak ez du gobernutik atera nahi, bota egin beharko dute, eta horretarako giltza PSNk du. Haren irudiko, sozialistak «aitzakia bila» dabiltza, eta ikerketa batzordeak ahalbidetuko die estrategia politikoa: «Hamabost egun eman dituzte, baina emaitza aldez aurretik jarri dute, eta sinesgarritasuna eman diete gobernutik atera den pertsona bati».

Lourdes Goikoetxea defenditu du Barcinak. Haren zintzotasuna aldarrikatu du, eta paralelismo bat egin die kazetariei: «Pertsona baten aurka akusazioa bota eta errugabea bada, zein erraza litzatekeen zuei edo politikarioi zerbait gezurrezkoa egoztea. Lana utziko zenukete?». Barcinak esan du egia jakiteko interes handiena berak duela. «Ez daitezela, ordea, aitzakiarik jarri, edo frogarik gabe epaitu. Baina zer da hau? Frogarik gabe epaitzen dugu?».

Ikerketa batzordea, abian

Parlamentuan gutxitan egon ohi da erabateko adostasuna. Atzo,Idoia Nievesek egindako salaketaren harira, Nafarroako finantza publikoen egoera ikertzeko batzordearen alde bozkatu zuten aho batez 50 parlamentariek.

Bozketaren aurretik, PSNk UPNri gogorarazi zion eskandalua ez duela oposizioak eragin, baizik eta «gobernu barrutik» etorri dela. Jimenezek Barcinari erantzun dio ez dutela beste estrategiarik gordeta, eta gainerakoei errua botatzeari uzteko eskatu dio: «Nievesek egia esan zuela egiaztatzen bada, ezin zarete minutu bat bera ere egon. Ez daukagu esan beharrik ere». Ez badute hori egiten oposizioak egingo duela ohartarazi zion: «Ez baduzue beldurrik, egizue. Jada lasta bat zarete, baina ikerketak dioenaren arabera hartuko dugu guk erabakia. Zoazte, arrisku handia duzue erkidego hau gobernatzeko. Ez jarraitu bide horretatik».

Bilduko Maiorga Ramirezen arabera, legealdi honetan Nafarroan izandako iskanbila ugarietako bat aski litzateke beste edozein herrialdetan gobernuak dimisioa aurkeztu eta hauteskundeetara deitzeko. «Dirua xahutu duzue, erabilera bakarreko instrumentuak berrerabiltzeko eskatu duzue osasun arloan, bost kontseilarik dimisioa aurkeztu dute —horietako bi UPNkoak, bata Ekonomiakoa eta bestea dirua zuritzea egotzita—, hemeretzi zuzendari nagusik utzi dute kargua... Zer gertatu behar du begiak ireki eta porrot egin duzuela barneratu dezazuen?», deiadar egin du Ramirezek, besoak irekita. «Arrisku objektibo bat zarete Nafarroako etorkizunarentzat!».

Aralar NaBaiko Patxi Zabaletak gogora ekarri du Nafarroako Kutxari buruz eta Gurtel auziari buruz ikertzeko batzordea eratzeko eskatu zutela, baina haren aurka bozkatu zutela UPNk eta PSNk —bigarren kasuan, baita PPk ere—. Hala ere, oraingoan guztiak alde egotea «oso albiste ona» dela deritzo. Haren ustez, ikerketa batzordeak ez du mugarik izan behar. Ustelkeria aztarnak atzeman eta ogasunean «jokabide horiek ohikoak al ziren azkeneraino aztertu behar du». Era berean, Goikoetxeak CANeko kontseilarien inguruan informazio konfidentziala eskatu izanaren benetako helburua ere ezagutu behar dela deritzo. «Ikerketa azkeneraino eraman behar da, sekreturik gabe».

Ezkerrako Jose Miguel Nuinek, bestalde, gogoan du ekainean 18 urte beteko direla Javier Otanoren Suitzako kontuen berri eman eta hiruko gobernua hautsi zenetik. Geroztik UPNk agindu du. «Ezkerra koalizioan prest gaude garai berrietarako». Haren ustez, PSNk jarritako hamabost eguneko epemuga ez zen beharrezkoa, «ziurgabetasuna eragiten duen faktorea baita».

Geroa Baiko Manu Aierdiren arabera, berriz, ez da serioa krisi instituzional handi batean murgilduta dagoen gobernu batek krisiak eragindako erronkei aurre egin nahi izatea. «Argudio hori ezin dizue inork erosi. Gutxieneko egonkortasuna duen gobernua behar da, akordioa hitzartzeko gai dena». Nievesen salaketarekin jauzi kualitatiboa eman dela uste du. Gogora ekarri du BEZaren itzulketak atzeratzeko erabakiak kalte ekonomiko handia eragin diola Nafarroari. «Ezegonkortasun politikoa konponezina da».

PPk ere kritikatu du orain parlamentua eta gobernua denbora eta esfortzua bideratzen ari direla krisi instituzionala konpontzeko krisi ekonomikoa ahaztuta. Enrique Martinen ustez, orain PP da «zentro-eskuinaren ordezkaria», Nafarroako foru izaeraren defendatzailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.