Sorturen legeztatzea. Erreakzioak

Legeztatzea txalotu dute alderdi denek, PPk eta UPNk izan ezik

Eragile politiko eta sozial ugarik pozez jaso dute Sorturen legeztatzea, eta normalizazio bidean urrats bat dela adierazi duteNafarroako Gobernuak eta PPk Sorturen eta ETAren arteko lotura egin dute berriro

Edurne Begiristain.
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Erreakzio soka luzea ekarri du Konstituzionalaren epaiak. Hona hemen horietako batzuk:

IDOIA MENDIA

Eusko Jaurlaritzako bozeramailea

«Erabakiak errealitate bati lege aitortza ematen dio»

«Erabakiak errealitate bati lege aitortza ematen dio, ezker abertzalea jada erakundeetan dagoelako Bildu eta Amaiurren bitartez», adierazi du Idoia Mendiak. Auzitegi Konstituzionalak «herritar guztien eskubideak» babesten dituela gogoratu du.

JOSE LUIS SANCHEZ DE MUNIAIN

Nafarroako Gobernuko eleduna

«Alderdi demokratikoa izatetik urrun dago Sortu»

Erabakia errespetatzen duela esan du Nafarroako Gobernuak, baina aitortu du nahiago zuela legez kanpo egotea. «Sortu, Bildueta antzekoek erakundeak baliatzen dituzte ETAkoak direnak erakundeetara gerturatu eta biktimen pare jartzeko. Alderdi normala eta demokratikoa izatetik urrun dago Sortu».

EZKER ABERTZALEA

«Ilegalizazio eta salbuespen aroaren amaiera hasi da»

Ezker abertzaleak gaur egingo du epaiairen balorazioa, baina atzosare sozialak erabili zituen lehen iritzia emateko. «Sortu dugu aukera, ez da zerutik erori dena, baizik euskal herritarrok irabazi duguna. Ilegalizazio eta salbuespen aroaren amaiera hasi da», idatzi zuen Maribi Ugarteburuk.

PATXI ZABALETA

Aralarreko koordinatzaile nagusia

«Albiste ona da demokrazia eta normalizaziorako»

Patxi Zabaleta Aralarreko buruaren ustez, Sorturen legeztatzea «albiste ona da demokraziarentzat eta normalizazioarentzat, eta, beraz, baita bakearentzat ere». Erabaki horrek biktimen, presoeneta elkarbizitza esparruan helburu berriak ezartzera eraman behar duela gehitu du.

PELLO URIZAR

EAko idazkari nagusia

«Prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoa zen»

«Konstituzionalarena espero zitekeen epai bakarra zen, gizarteak ez lukeelako ulertuko kontrakoa», Pello Urizar EAko buruak dioenez. Pozik agertu da EAkoa, legeztatzea ezinbestekoa zelako normalizazio prozesuan aurrera egiteko.Hala, Bateragune auzian zigortutakoak aske uzteko eskatu du Urizarrek.

JOSU ERKOREKA

EAJko diputatua

«Juridikoki normalizatu egin da politikoki normala zena»

«Erabakia, berandu etorri den arren, ona da», esan du Josu Erkoreka diputatu jeltzaleak. «Ezker abertzalearen parte hartze instituzionala normalizatuta zegoen, eta orain juridikoki ere normalizatu egin da».

JOSE ANTONIO PASTOR

PSE-EEko eleduna

«Indarkeriaren behin betiko bukaera azkartu egingo du»

Albiste ona da erabakia, Jose Antonio Pastorren ustez. «Indarkeriaren behin betiko bukaera lortzeko prozesua azkartu egingo du Sorturen legeztatzeak, eta Euskadiko bizikidetza indartu egingo du», esan du PSEkoak.

MIKEL ARANA

Ezker Anitzako koordinatzaile nagusia

«Bateragune auziko epaiak are eta logika gutxiago du orain»

Mikel Arana Ezker Anitzako koordinatzailearentzat «albiste ona» da legeztatzea, normalizazio prozesuan«aurrerapausoa» delako. Haren ustez, Bateragune auziko epaiak «are eta logika gutxiago du orain», eta, beraz, bost auzipetuak aske utzi beharko lituzkete.

LOKARRI

«Politika letra larriz egiteko garaia da, ez dago aitzakiarik»

Lokarri Akordioaren eta kontsultaren aldeko herritarren sareak pozez jaso du albistea, ilegalizazioa elkarrizketarako oztopoa zelako. «Orain ez dago aitzakiarik, politika letra larriz egiteko garaia da, inor baztertuta egongo ez den elkarbizitzan urratsak egiteko garaia da», adierazi du.

LAB

«Erabakia urrats garrantzitsu eta itxaropentsua da»

LAB sindikatuak ohar batean adierazi du Sorturen legeztatzea eta aurretik D3M eta Askatasunaeko auzipetuen absoluzioa «norabide onean» emandako pausoak direla. «Oraingoan Sortu legezkotuz herri honetako gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren exijentzia bete egin da, eta erabakia urrats garrantzitsua eta itxaropentsua da».

GEROA BAI

«Ez zen legez kanpo utzi behar, politika egin nahi zuelako»

Geroa Baik uste du Sortu ez zutela inoiz legez kanporatu behar, «haren nahia politika egitea zelako». Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak esan du Sortu «politika arloan politika besterik egin nahi ez duen alderdi bat» dela.

OSKAR MATUTE

Alternatibako bozeramailea

«Auzitegietan dauden prozesu politikoak amaitu behar dira»

Oskar Matuteren hitzetan, «norabide onean» doan erabakia da legeztatzea, baina ezinbestekoa da «auzitegietan oraindik martxan dauden prozesu politiko guztiak amaitzea», besteak beste, Bateragune auzia. Pertsona guztientzako «eskubide zibil zein politikoak» errespetatzeko exijitu du Alternatibako eledunak.

JOSE NAVAS

Ezker Batuko eleduna

«Sekula urratu behar ez zen eskubidea itzuli egin da »

EBko eledunak uste du Sorturen legeztatzearekin «sekula urratu behar ez zen eskubide bat» itzuli egiten zaiola gizartearen zati bati. Alderdien Legeak «aztoratutako» elkarbizitza berreskuratze aldera, lan egiteko eskatu die Navasek alderdiei.

IÑAKI OIARTZABAL

EAEko PPko idazkari nagusia

«Legeztatzeak ez du ETAren desegitean lagunduko»

PPk epaia errespetatu egiten du,baina ez du harekin bat egiten. Izan ere, Sortu legeztatzeak ez du lagunduko ETA desegiteko eta armak uzteko, Iñaki Oiartzabalen ustez. Alderdien Legeak balio osoa duela gaineratu du PPko idazkari nagusiak.

ANGELES PEDRAZA

AVTko presidentea

«Zapaterok hitzartutako bide orria darama Raxoik»

«Zapateroren gobernuak ETAren izandako negozioa bururaino eraman du PPrenak, eta haren bide orria darama Raxoik», kritikatu du AVTk.Pedrazak uste du Konstituzionalaren berritzea «geldituta» izan dutela epaia atera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.