Katalunia. Independentziara bidean

'Bai' bikoitzak irabaz dezan lan egingo dute eragile zibilek

Galderaren formulazioarekin eta egunarekin konforme agertu dira ANC, AMI eta Omnium Cultural erakundeakGaldeketa azaroaren 9an egin dadin, «behatzaile» lanak egingo dituzte

AMIko Josep Maria Vila d'Adabal, ANCko Carme Forcadell eta Omniumeko Muriel Casals, atzo. R. CASSANY / VILAWEB.
Samara Velte.
2013ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
«Honaino iritsi bagara, pentsa noraino hel gaitezkeen». Alderdiek adostutakoaren berri izan ondotik, baikor mintzatu dira Kataluniako prozesu subiranista herritik bultzatu duten erakunde nagusiak. ANC Biltzar Nazional Katalanak, AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien Elkarteak eta Omnium Culturalek euren «mobilizazio ahalmen osoa» eskainiko diote datorren urteko azaroaren 9ko galdeketari, bozketan «baiezko bikoitzak» irabaz dezan. «Inoiz baino indar handiagoz lan egingo dugu Bai eta bai aukeraren alde», azaldu zuen atzo Carme Forcadell ANCko presidenteak prentsaurrekoan. Alboan zeuzkan Muriel Casals, Omniumeko presidentea, eta Josep Maria Vila d'Abadal, AMIkoa; nabarmen hunkituta ageri ziren hirurak.

ANCk eta AMIk zehaztuta zeukaten aurretik nolako galdera nahiko luketen. Bi baldintza eskatzen zituzten: independentziari buruzkoa izatea eta bi erantzun posible baino ez: baietz edo ezetz. ANCk diseinatutako bide orriak erreferendumerako eguna 2014ko maiatzaren 31 izatea proposatzen zuen. Hala ere, begi onez ikusi dute alderdiek erabakitakoa. «Bozkatu nahi genuen, eta orain erabakitzeko modua izango dugu», azaldu zuen Forcadellek. «Gertakarien bat-batekotasunak» presazko erantzuna ematera behartu dituela ere argitu zuen, eta, printzipioz, erakundeak babesten duela akordioa baina asteburuan eztabaidatuko dutela sakonago, biltzarrean.

«Eguna eta deialdia dauzkagu, bi aldiz baietz esateko aukera ematen digun galdeketa egiteko», esan zuen Casalsek, eta gizarteko mugimenduen lorpentzat jo zuen. «Gertuago gaude herrialde normal bat izatetik, eta hori gizarte zibiletik lortzen ari gara». Bereziki gogora ekarri zituen azken bi urteotan Diada egunean egindako manifestazio jendetsuak eta aurtengo Via Catalana.

Viceko alkate eta AMIko presidente Vila d'Abadalek txalotu egin zuen parlamentuko gehiengoak erakutsitako adostasuna. «Horrek itxaropena eman digu. Aurrera goaz, eta lanean ari gara. Hiru erakundeotatik behatzaile lanak egingo ditugu galdeketa azaroaren 9an egin dadin, eta baiezko bikoitzaren alde lan egingo dugu. Konplexuagoa da, baina ongi bukatuko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.