Albistea entzun

Krisia Nafarroako Gobernuan

Bozak egiteko beharra berretsi dute txostena babestu dutenek

Taldeek diote agerian dagoela Yolanda Barcina presidentearen eta Lourdes Goikoetxea presideonteordearen «erantzukizun politikoa»

Salaketak ez direla frogatu diote UPNk eta PPNk, eta ondorioak aurretik erabaki zirela
Carlos Garcia Adanero (UPN), Txema Mauleon (Ezkerra), Bikendi Barea (Bildu) eta Manu Aierdi (Geroa Bai), atzo, parlamentuan.
Carlos Garcia Adanero (UPN), Txema Mauleon (Ezkerra), Bikendi Barea (Bildu) eta Manu Aierdi (Geroa Bai), atzo, parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / ARP

Edurne Elizondo -

2014ko martxoak 1 - Iruñea

Idoia Nievesen salaketak frogatutzat jo dituzte PSNk, Aralar-NaBaik, Bilduk, Ezkerrak eta Geroa Baik; kontrako iritzia dute, berriz, UPNk eta PPNk. Ondorioz, bi mezu jarri dituzte Nafarroako Parlamentuko taldeok, ikerketa batzordeak bere txostena onartu eta gero: agiriari babesa eman diotenek bozetara deitzeko beharra berretsi, eta Yolanda Barcinak eta Lourdes Goikoetxeak duten «erantzukizun politikoa» nabarmendu dute; UPNk eta PPNk, berriz, batzordearen ondorioak «aurretik erabakita» zirela.

CARLOS GARCIA ADANERO UPNko parlamentaria

«Batzordearen helburua zen UPN gobernutik botatzea, eta aurretik hitzartuta zegoen»

«Ikerketa batzordea egin dugu, hamabost egun lehenago hitzartutako ondorioak jartzeko mahai gainean. Batzordearen helburu politikoa aurretik hitzartuta zegoen, eta helburu hori zen UPN botatzea. Zilegi da helburu hori izatea; ez, ordea, helburu hori lortzeko aitzakiak erabiltzea. Ezin dituzte herritarrak engainatu».

«Batzordean frogatu da ustelkeriarik ez dela izan, eta inolako legerik ez dela urratu. Hainbat talde hauteskundeak egin ziren une beretik ari dira Yolanda Barcina presidentearen dimisioa eskatzen. Bertze hainbatek geroago egin dute bat eskaera horrekin. PSN aitzakia baten bila bertzerik ez dabil, denbora amaitzen ari zaiolako. Sozialistek azaldu beharko dute noren botoak izanen dituzten, nola lortuko duten behar duten gehiengoa».

PEDRO RASCON PSNko parlamentaria

«Maiatzean hauteskundeak izateko hartu beharreko neurriak hartuko ditugu»

«Batzordeak agerian utzi du ustelkeria izan dela. Zenbaterainokoa izan den auzitegiek erabakiko dute; horretarako igorriko dizkiogu fiskaltzari batzordeko agiri guztiak. Frogatu diren gertaeren aurrean, irtenbide bakarra da Nafarroaren bidea aldatzea. Hurrengo urrats logikoa litzateke Yolanda Barcinak dimisioa ematea, eta bozetara deitzea. Egiten ez badu, PSNk hartu beharreko neurriak hartuko ditu, maiatzean hauteskundeak egin ahal izateko. Ez dago bertze aukerarik. Gure esku badago, hauteskundeak izanen dira maiatzean. Aukera hori nola gauzatuko den datorren astean argituko da. Autonomia dago, eta nik dakidala Madrildik ez da presiorik izan. Baina PSOEren barruan gaude, akordioa lortzen saiatuko gara».

MAIORGA RAMIREZ Bilduko parlamentaria

«Irregulartasunak egin dituzte, eta bada garaia Nafarroan bertze aro bat hasteko»

«Idoia Nievesek salatu zituen irregulartasunak frogatu ditu ikerketa batzordeak, eta argi gelditu da Nafarroan bertze aro bat hasteko garaia dela. UPNren aro beltza atzean utzi behar dugu. Batzordearen txostena ikusita, bide bakarra du Yolanda Barcinak: parlamentuaren ebazpena onartu eta hauteskundeetara deitzea; herritarrei ematea hitza. Ezin dugu bertze hamabost hilabetez jasan UPNren gobernatzeko gaitasunik eza. Barcinak bozetara deitzen ez badu, taldeok hartu beharko ditugu neurriak hitza herritarrei itzultzeko».

«Aukera bakarra hauteskundeetara deitzea da, eta talde guztiok hauteskundeak izanen direla bermatu bertze aukerarik ez dugu. Zentsura mozioa da hori lortzeko tresna».

PATXI ZABALETA Aralar-NaBaiko parlamentaria

«Irregulartasunak izan dira; gobernuaren gauzak egiteko modua gelditu da agerian»

«Goikoetxea esku hartzen saiatu zela frogatu da ikerketa batzordean; irregulartasunak izan dira, eta, batez ere, gobernuaren gauzak egiteko modua gelditu da agerian. Azpilanean aritu dira, irregulartasunak eginez. Ogasuneko teknikariei eta funtzionariei esker esku hartzeko saioek ez dute aurrera egin. Argi dago Yolanda Barcinak eta Lourdes Goikoetxeak erantzukizun politikoa dutela. Dimisioa eman dezatela; bertzela, taldeok hartu beharko ditugu neurriak bozetara deitzeko».

ENRIQUE MARTIN PPNko parlamentaria

«Joka dezala arduraz PSNk Nafarroaren egonkortasuna bermatu ahal izateko»

«Batzordean frogatu da ustelkeriarik ez dela izan, eta ez dela legez kanpoko jarduerarik izan. Argi dugu ikerketa batzordearen ondorioak hasi aurretik erabaki zituztela. Nievesek salaketak egin zituenean, guk argi utzi genuen haren adierazpenak frogatuz gero ardurak eskatuko genituela; baina egindako salaketen artean bakar bat ere ez da frogatu batzordean».

«Bertze taldeei arduraz jokatzeko eskatu nahi diegu; bereziki, PSNri. Arduraz joka dezala Nafarroaren egonkortasuna bermatzeko, hori baita egungo krisia atzean uzteko eta lanpostuak sortu ahal izateko behar duguna. Hori da, gainera, herritarrak kezkatzen dituena».

TXEMA MAULEON Ezkerrako parlamentaria

«UPN ez da gobernatzeko gai, eta herritarrek ez dute merezi egoera horri eustea»

«Ikerketa batzordearen emaitza hagitz positiboa izan da, agerian utzi baitu Idoia Nievesek egindako salaketak egiazkoak zirela. Lehendik ere baziren Yolanda Barcinak dimisioa eman dezala eskatzeko arrazoiak, UPN ez baita gobernatzeko gai. Egungo egoerari ezin diogu eutsi, herritarrek ez dute hori merezi».

«Barcinak dimisioa ematen ez badu, eta hauteskundeetara deitzen ez badu, Ezkerrak bere esku dagoen guztia eginen du zentsura mozioa martxan jartzeko, haren bidez herritarrek erabakitzeko aukera izan dezaten».

«Yolanda Barcinak karguari eusten badio, talde guztien ardura izanen da denen babesa jasoko duen zentsura mozioa aurkeztea parlamentuan, aurrera egin dezan».

MANU AIERDI Geroa Baiko parlamentaria

«Egoerak eskatzen duen neurria eman dezala PSNk; garai historikoa da oraingoa»

«Gertatu dena larria da, eta erantzukizun politikoak eskatu behar dira. Ikerketa batzordea egin aurretik ere baziren gobernuaren dimisioa eskatzeko arrazoiak, eta batzordearen ondorioek arrazoi horiek berretsi egin dituzte. Bozak egitea derrigorrezkoa da».

«Egungo egoerak eskatzen duen neurria emanen dugu guk, eta PSNri, batez ere, gauza bera eskatu nahi diogu. Garai historikoa da oraingoa Nafarroarentzat, bai eta PSNrentzat ere. Joka dezatela koherentziaz. Zentsura mozioa aurkezteko konpromisoa hartu zuten, eta konpromiso horri eutsi beharko liokete; egin dezatela urratsa. Funtsezkoa da. Ezin dugu onartu Nafarroaren etorkizuna kanpotik erabakitzea, nafarrekin zerikusirik ez duten interesen arabera».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Usansoloko herritarrek egindako mosaikoa. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Bizkaiko 113. udalerria izateko azken urratsak ari dira egiten Usansolon

Iñaut Matauko Rada

Prozesuari buruzko erakusketa eta herri mosaikoa egin dute. Ondo bidean, urrian onartuko dute Bizkaiko Batzar Nagusiek desanexioa

 ©RAUL BOGAJO / @FOKU

«Gure ereduaren oinarrietako bat da printzipio komunitarioa»

Iosu Alberdi

Urtebete igaro da Espainiako Gobernuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen kontrola Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuenetik. Estrategia berria fintzen ari diren arduradun nagusietako bat da Artetxe.
Etxerat-ek antolatutako mobilizazio bat, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Salbuespena desmuntatzen hasi den urtea

Iosu Alberdi

Euskal presoen %68,5 Euskal Herriko espetxeetan daude, eta gradu progresioak jasotzen hasi dira. Foro Sozialak uste du azken urtean «aurrerapauso sendoak» eman direla

Iñaki Larramendi: belaunaldi baten azkenetakoa

Iñaki Larramendi: belaunaldi baten azkenetakoa

Julen Aperribai

Txillardegi, Albisu, Gantzarain, Benito del Valle eta beste zenbaitekin batera Ekinen sortzaile izandakoa hil da, 93 urterekin. EGIrekin erabat hautsi, eta ETAren eratze batzarra egin zuen belaunaldi hark, 1958an.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...