Europako hauteskundeak. Kanpainaren hasiera

Ur nahasitan arrantzan

Inkesta guztien arabera, eskuin muturrak eta euroeszeptikoek gora eginen dute maiatzaren 25eko hauteskundeetan

Ion Orzaiz.
2014ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Loraldian dago euroeszeptizismoa. Azken inkesten arabera, europar gehienak mesfidantzaz begiratzen diote EB Europako Batasunari, eta uste dute Brusela «okerreko norabidean» dela. Estreinakoz, beren burua euroeszeptikotzat dutenak europazaleak baino gehiago dira kontinentean. Europa aipatu eta etsipena datorkie burura herritar askori. Eta historian hainbatetan gertatu den bezala, eskuin muturreko alderdiak izan dira krisiaren ur nahasietan arrantzan egin dutenak. Ikerketa etxe guztiek diotenez, inoizko emaitzarik onenak lortuko dituzte eskuindar erradikalek Europako Parlamentuko hauteskundeetan.

Herritarren beldurrekin jokatzen du eskuin muturrak: langabezia, ekonomiaren hondoratzea, nortasunaren desagertzea... Ezkerreko alderdiek neoliberalismoari egin ohi dizkieten kritikak entzun daitezke gaur egun ultra eta neonazien ahotan, baina populismoz janzten dituzte. UKIP Erresuma Batuko Independentziaren Aldeko Alderdia eta Frantziako Fronte Nazionala, besteak beste, trebeak dira arazo konplexuei erantzun errazak ematen. Eta errudunak bilatzen.

Open Europe think tank britainiarrak apirileko azken egunetan argitaratutako txosten baten arabera, euroeszeptikoek botoen %30 lortuko dituzte maiatzaren 25eko bozetan. Hala balitz, Estrasburgoko legebiltzar berriak izanen dituen 751 eserlekuetatik, 218 EBren kontra dauden alderdienak izanen dira. Analista politiko askok, ordea, zalantzan jarri dituzte datu horiek, txostenak zaku berean sartzen baititu EBrekin kritiko diren alderdi kontserbadoreak, indar ultraeskuindarrak edota Italiako M5S Bost Izar Mugimenduaren gisako populista ezkertiarrak.

Beste ikerketa batzuek ere eskuin muturraren goranzko joera nabarmentzen dute, baina alarmismoan erori gabe: Le Monde berripaperak argitaratutako inkestaren arabera, adibidez, eskuineko euroeszeptikoek 90 bat eserleku lortuko dituzte gehienez —gaur egun, 29 dira—. Talde parlamentario propioa osatzeko aukera emanen lieke horrek, eta dagoeneko, asmo hori iragarri dute Frantziako Fronte Nazionaleko nahiz Herbehereetako PVV Askatasunaren Alderdiko buruzagiek.

UKIP, lehen indarra

Hazkunde nabarmena izan duten alderdi euroeszeptikoen artean, UKIP da ezustea eman dezaketen indarretako bat. Gehien bozkaturiko alderdietan hirugarren izan zen iazko maiatzeko udal hauteskundeetan, baina, askoren ustez, ez du oraindik goia jo. Europako bozetan, Erresuma Batuko indarren artean lehena izan daitekeela adierazi dute inkesta gehienek, Alderdi Laboristarekin lehia estuan eta David Cameronen Alderdi Kontserbadorea atzean utzita. Euroeszeptiko bainoago, eurofobiko adjektiboa jarri diote hedabideek UKIPi, diskurtso arrazista nabarmena darabilelako, EBko barne-migrazioez aritzean.

Frantzian, Marine Le Penen Fronte Nazionala ere lehen indarra izan daiteke, UMP kontserbadorearekin ia berdinduta baitago inkestetan. Aurreikuspenen arabera, François Hollanderen PS Alderdi Sozialista atzean geldituko da, botoen %18rekin. Adituen esanetan, bi alderdi nagusietatik, zentro-eskuinetik nahiz zentro-ezkerretik jaso ditu botoak Fronte Nazionalak, modernotasunaren eta antiglobalizazioaren bernizarekin margoturiko diskurtso xenofobo bati esker.

DF Danimarkako Alderdi Popularrak ere emaitza bikainak espero dituzte maiatzeko hauteskundeetan. Muturreko eskuindarrek 2009an lortutakoa bikoiztuko dutela diote analista politikoek, botoen %25etik gora jasota. Baina daturik kezkagarrienak Hungariakoak dira: han, Jobbik alderdi neonaziak emaitza historikoak erdietsiko dituela diote inkesta guztiek. «Nazionalista erradikal» gisa definitua dagoen arren, jarrera arrazista eta homofobo argiak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.