Albistea entzun

Departamenduak hautsiko luke Frantziaren batasuna, Vallsen ustez

Martinen atxiloketa «kasualitatea» izan zela berretsi eta kasu horretan esku hartu izana ukatu du Frantziako Barne ministroak

Valls prest dago Espainiak bultzatzen duen politika sostengatzeko, ETA desegin arte

Aitor Renteria -

2013ko urtarrilak 22

Frantziako Canal + telebistak igandean egin zion elkarrizketan, Manuel Valls Frantziako Barne ministroak erran zuen Euskal Herriak arrisku larrian ezar dezakeela Frantziaren batasuna. «Entzuten ditudalarik mugaz bertze aldean egiten diren independentziarako deiak, mugaz bi aldeetako lurraldeak batzea eskatzen duten ahots horiek, edo euskal departamendua sortzeko eskaerak egiten direlarik Frantzian, azpimarratu behar dut hori guztia arriskutsua dela, gure herriaren batasuna arrisku larrian ezartzen dutelako».

Canal + telebista kateak egindako elkarrizketan, hainbat gai aipatu zituzten, erreportaje moldean, eta, bertan, joan den urteko gertakari nagusiak bildu zituzten. Gertakarien kontakizuna Aurore Martin kasuarekin hasi zuten, eta horren inguruan erakutsi zituzten Aieteko Adierazpeneko irudiak, ETAk armak uzteko egindako iragarpena, Baionan egindako Bake Konferentziaren irudiak edo urtarrilaren 12an preso politikoen eskubideen alde egindako manifestazio erraldoiaren irudiak. Irudi horien parean, Vallsek ez zien erantzun kazetariaren galderei, eta orain arteko ildoan segituko zuela berretsi zuen. Alegia, ez dagoela euskal gatazkarik, baizik eta «zortziehun hildako eragin dituen terrorismoa, nagusiki Espainiako lurretan gertatu dena eta hango gobernuak konpondu behar duena».

Eztabaida hori «espainiarrena» dela nabarmendu zuen Vallsek, eta, Ipar Euskal Herrian edo Frantzian ukan dezakeen eragina saihestu. ETA desegin arte Espainiak eta Frantziak duten lankidetza bere horretan atxikitzearen alde mintzatu zen Valls. Euskal Herriak kultura berezia duela aitortu zuen Vallsek, bere hizkuntza eta ohiturak dituela. «Gure lurraldean ere badago errealitate hori, baita Pirinio Atlantikoetan ere, eta Frantzian. Baina independentziaren aldeko deia egiten duten horiei jakinarazi nahi diet Frantzia bat dela eta banaezina», azpimarratu du Barne ministroak.

Orain baino lehen ere, Vallsek gaitzetsi du Ipar Euskal Herriari aitorpen instituzionala egitea, izan dadin departamendua sortzeko edo eskumen berezikolurralde elkargoa sortzeko. Azken eskaera horri uko egiteko arrazoia ETAren borroka armatuarekin lotu zuen Vallsek joan den azaroan Espainiako El País egunkariari emandako elkarrizketan. Urrats bat gehiago egin du orain, Frantziaren batasuna zatikaezina dela azpimarratzean.

Baionako Bake Foroan, Frederique Espagnac senatari sozialista eta PSko bozeramaileak erran zuen Frantziak men egin diola Espainiak hartutako ildoari. Horren arrazoia ez zuela ulertzen adierazi zuen. Adierazpen hori gogoraraziz, Frantziako sozialisten artean ikuspegi ezberdinak ote dauden galdetu zion kazetariak, baina Vallsek, galdera saihestu, eta ETAren kontrako borrokan kokatu zuen erantzuna. «Lehentasuna ETAren bukaera da, desegitea».

Esku hartzerik ez

Aurore Martin kasuan ez zuela esku hartu berretsi zuen Vallsek igandeko elkarrizketan. «Egin izan banu, larria litzateke, Frantziak bermatzen duelako botereen arteko banaketa». Martin familiak kontrola nahitara ezarritakoa zela erran zuen erreportajean, Valls gezurretan ari zela. Salaketa horri erantzungo zion galdetu zion kazetariak, baina ez zuen ihardespenik erdietsi. Euroagindua bete beharreko Europako legea dela erran zuen Vallsek.

Martinen kasuan bezala, euroaginduaren oinarrian arrazoi politikoak daudenean ere bete behar ote den galdetu zion kazetariak. «Martinen aurkako salaketa larria zen; Herri Batasuna [sic] debekaturik dago Espainian, eta, terrorismoa bukatzeko asmoz, Frantzia eta Espainiaren arteko lankidetza hertsia da». Nahiz eta Aieteko Adierazpenari erantzunez ETAk borroka armatuaren bukaera iragarri eta geroztik atentaturik ez egon, Vallsek nabarmendu zuen ETAren jarduna ez dela bukatu, azken egunetan izandako atxiloketak gogora ekarriz. ETAko bi militante horiek —Andoni Lariz eta Urtzi Etxeberriari erreferentzia eginez— armak zituztela azpimarratu zuen.

ETAk borroka armatua bertan behera utzi badu ere, ETAk gibelean utzitako hildako kopurua nabarmendu zuen, halaber, Vallsek. Hitzek zentzua dutela erran zuen, eta egiazko bukaera lortzeko ETA desegin behar dela berretsi zuen behin eta berriz. Erabaki hori publikoa egin eta gauzatu arte, Frantziako Gobernuak orain artean bultzatu duen ildoan segituko duela erran zuen, Espainiako Gobernuarekin lankidetzan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Eneko Andueza, Miren Gorrotxategi eta Joseba Diez, atzo. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Zio politikodun bortxaren aurka batu dira EAJ, PSE-EE eta EP-IU

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Murtzian egindako eraso bat gaitzetsi dute hiru alderdiek. EH Bilduk EAJri egotzi dio testua koalizioaren aurkako «jaurtigai» gisa erabiltzea
Unai Fernandez de Betoño ©Raul Bogajo / Foku

EH Bilduk kontratu txikien «klientelismoa» kritikatu du

Erredakzioa

Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideak salatu du enpresa batzuk EAJko eta PSE-EEko kontaktuez baliatzen ari direla kontratuak lortzeko

Ane Muguruza, atzean Josu Muguruzaren irudi bat duela, 2019ko azaroan egindako ekialdi batean. ©Luis Jauregialtzo / FOKU

«Bigarren mailako biktimarik» ez sortzeko eskatu du Foro Sozialak

Berria

Joan den astean, Estrasburgok ontzat jo zuen Espainiak estatuaren bi biktimari kalte ordaina ukatzea, eta, Foro Sozialaren ustez, «bizikidetza demokratikoaren» aurka doa hori: «Biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.