Euskal presoak

Estrasburgoko epaia «onartu» egingo duela dio Fernandez Diazek

Espainiako Barne ministroak ohartarazi du 'Parot doktrina' baliogabetzeak «alarma soziala» eragingo lukeela gizarteanAro politiko berria aintzat ez hartzea egotzi dio Amaiurrek Jorge Fernandez Diazi

Edurne Begiristain.
2013ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hilaren 20an Parot doktrinari buruz hartuko duen erabakia «onartu» egingo du Espainiako Gobernuak nahiz eta hark bere interesen aurka egin, Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak adierazi duenez. Hori bai, ohartarazi du Espainiarentzat «iraina» litzatekeela Estrasburgok Parot doktrina baliogabetzeko erabakia hartzea. «Iraingarria litzateke gobernuak 30.000 euroko kalte-ordaina eman behar izatea hilketa bakoitzagatik urtebete baino gutxiagoko espetxe zigorra izango duen etakide bati. Laidogarria da», esan du.

Datorren asteazkenean erabakiko du Estrasburgok Ines del Rio presoaren epaiaren inguruan, eta Espainiako Gobernua doktrina horren aldeko mezua zabaltzen ari da azken egunotan, etengabe. Joan den astean Bruselan egin zuen moduan, atzo, Fernandez Diazek Kongresuko Barne Gaietarako batzordean egindako agerraldia baliatu zuen 197/2006 doktrinaren defentsa egiteko. Haren ustez, «alarma soziala» eragingo luke Estrasburgok Ines del Rio presoaren auzian doktrinaren kontra emandako epaia berretsi eta Espainiaren helegitea atzera botako balu. Azaldu zuenez, balizko erabaki hori «kezkaz» ikusten du Espainiako Gobernuak, «etakide arriskutsu askoren» kaleratzea ekarriko lukeelako.

Barne ministroaren esanetan, gizarteak ez du «merezi» 30 urte baino gutxiago bete dituzten presoak aske uztea, eta Espainiak eskubide osoa dauka herritarrak «hiltzaile arriskutsuetatik» babesteko. Estrasburgoko auzitegiak epaia berretsiko balu, «milaka urtetako espetxe zigorrak» ezarri zaizkien preso asko libre utzi beharko dituztela nabarmendu du, gainera. Hala, kalera aterako liratekeen hainbat euskal presoren izenak aipatu ditu Fernandez Diazek ustez erabaki horrek gizartean sortuko lukeen «alarma» erakusteko. Halaber, ohartarazi du ETAko kideei ez ezik, «bestelako talde terroristetako» kideei ere eragingo liekeela erabaki horrek, tartean GRAPO eta GAL taldeetakoei, baina baita hainbat bortxatzaileri ere. «Segurtasun publikoan oso ondorio kaltegarriak izango ditu».

Fernandez Diazek Espainiako espetxe politikaren defentsa sutsua egin du, bai eta gobernuak Euskal Herrian ireki den aro berrian urratsik ez egitea ere. Berretsi du gobernuak ez duela ETArekin ezer negoziatuko eta armak lagatzeko eta desegiteko exijitu dio. ETAk jarduera armatua utzi badu ere atxiloketekin jarraituko dutela ohartarazi du, gainera.

Legez kanporatzeen arriskuaz ere mintzatu da, UPDko Rosa Diezek egindako galdera bati erantzunez. Hala, Barne ministroak Sorturi eta Bilduri esan die Auzitegi Konstituzionalaren epaia «sistematikoki» urratzen baldin badute haien aurkako ilegalizazio eskaerak aurkeztuko dituela gobernuak.

Amaiurren kritika

Taldeen txandan, Amaiurreko diputatu Iker Urbinak «presoen askatasunerako eskubidearen urraketaren apologia» egitea leporatu dio Barne ministroari. «Zure diskurtsoa duela 10 edo 20 urtekoa da. Ez duzu aintzat hartzen Euskal Herrian zabalik dagoen jokalekua», esan dio. Urbinaren arabera, presoen eskubideak diren heinean ezin dira «baldintzaturik» egon. Fernandez Diazen jarrera «onartezina» dela salatu du Urbinak: «Kode militarrean iltzaturik segitzen duzu, eta Euskal Herrian bakea eta konponbidea nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.