Herrira-k dio «gehiengo zabala» 'Parot doktrina'-ren kontra dagoela

Gogora ekarri dute 197/2006 doktrinaren kontrako mozioak 93 udaletan onartu dituztela eta legebiltzarra ere aurka dagoelaHainbat mobilizazio egingo dira bihar, justu auziaren ahozko saioa egingo den egunean

Nagore Garcia eta Fran Balda Herrira-ko kideak, atzo, Iruñean emandako prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2013ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
«Egungo espetxe politika gainditzeko kontsentsu sozialasendotzen ari da». Ondorio hori atera du Herrira mugimenduak alderdi, sindikatu eta eragile sozialekin egin dituen harremanetatik. Horren eraginez «konpromiso berriak eta zabalagoak» sortu direla dio, «gero eta esparru zabalagoetan». Gehiengo soziala Parot doktrinaren kontra dagoela argi dauka mugimenduak, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiko areto handiak iazko uztailean aretotxikiak emandako epaia berrestea espero du. «Gizarte honen gehiengoa ados dago salbuespen neurrien amaierarekin; hala adierazi zuen Baiona eta Bilboko manifestazioetan, eta berriz adierazi du orain». Gehiengo politiko, sozial eta profesionala ere doktrinaren kontra dagoela ondorioztatu du mugimenduak.

Bihar egingo dute ahozko auzi saioa Estrasburgon. Ines del Rioren defentsak eta Espainiako Estatuaren abokatuak beren argudioak emango dituzte, aurrenak doktrinaren kontra eta bigarrenak alde, eta epaimahaia osatzen duten 17 epaileek erabakia hartu beharko dute gero. Horretarako ez dute epe zehatzik izango, baina Herrira-k jakinarazi du ez dutela hilabete baino lehenago jakiterik espero. Hain justu, mobilizazioak antolatu ditu Herrira-k biharko. «Mendekua alde batera utzi, eta konponbideari begira jarriko den espetxe politika eskatzen duen gehiengo sozialari» dei egin diote mobilizazioetan parte hartzera.

Aurretik ere hainbat mobilizazio, mahai inguru eta hitzaldi egin dituzte Euskal Herri osoan 197/2006 doktrinariburuz, eta Herrira-ko bozeramaile Nagore Garciak eta Fran Baldak atzoko prentsaurrekoan esan zutenez, ondorengo mezua eman nahi izan diote Europari: «Euskal Herritar gehienak bat datoz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaiarekin, eta uste dute hura aplikatzea beharrezkoa dela herri honetan abian den konponbide prozesuari begira». Mezu hori helaraztera Bruselara ere joan zirela ekarri dute gogora, eta Europako Legebiltzarreko hogei parlamentarirekin bildu zirela.

Instituzio gehiagotan ere egin dute doktrinaren kontrako kanpaina. Atzo emandako datuen arabera, 93 udaletan onartu dira doktrina bertan behera uzteko eskatzen duten mozioak; 24 Bizkaian, 31 Gipuzkoan, 18 Araban eta 20 Nafarroan. Eta EH Bilduko hautetsiena ez ezik, EAJrena, Geroa Bairena, Ezkerrarena, Hamaika Batena, EBrena eta PSE-EEren babesa ere lortu dutela zenbait herritan. Eusko Legebiltzarra eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak ere doktrinaren kontra azaldu direla nabarmendu dute. Martxoaren 25ean eztabaidatuko dute Arabako Biltzar Nagusietan eta 27an Bizkaikoetan.

Instituzioetatik kanpo ere egin dituzte harremanak. Gizarte eragileekin eta eragile sindikalekin, esate baterako.

Herrira-k bereziki azpimarratu ditu esparru juridikotik doktrina indargabetzearen alde emandako iritziak. Nazioarteko Juristen Batzordea hala azaldu zela ekarri dute gogora, eta «Euskal Herrian zuzenbidearen arloko sektore profesionalaren gehiengoa» doktrinaren kontra dagoela nabarmendu du. Javier Kalparsoro EAEko fiskalburua hala azaldu da, baita Mercedes Guerrero Arabako Probintzia Auzitegiko burua, Rafael Sainz de Rozas Arartekoaren bulegoko aholkulari juridikoa, Garbiñe Biurrun epailea eta Jon Mirena Landa Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen arduradun izandakoa ere .

Herrira-ren arabera, Madrilen «banaketa» sortu du 197/2006 doktrinak. Sorburuan dagoen 197/2006 auziko epaia eman zutenean Auzitegi Goreneko hiru magistratuk kontrako botoa eman zuten, eta Auzitegi Konstituzionaleko bost epaile ere doktrinaren kontra azaldu ziren martxoaren 29an eman zuten epai batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.