Gazteek atxilotze agindua jaso, eta haiek babestera jo dute herritarrek

Aske Gunean segituko dutela berretsi dute espetxera zigortutako gazteek; gaua bertan emateko asmoz geratu ziren«Bakearen etsaiek erasoaldi politiko judiziala» hasi dutela salatu du EH Bilduk

Espetxera zigortutako sei gazte, Aske Gunean, beren aurkako atxilotze aginduaren berri izan ondoren. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena-Irati Sarasua
Donostia
2013ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Espetxera zigortutako Donostiako zortzi gazteak atxilotzeko agindua emana du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Agindua jasota, edozein momentutan joan daiteke Ertzaintza gazteak atxilotzera. Joan den asteartetik daude gazteak Bulebarreko Aske Gunean, eta albistea jasota, bertan jarraituko dutela berretsi dute. «Ez ditugu minutu batez ere bakarrik utziko», adierazi zuen Eleak mugimenduko Txerra Bolinagak agindua heldu zela jakin berritan. Etxetik lo-zakuak hartuta hurbildu ziren herritarrak, gaua gazteen ondoan pasatzeko asmoz.

Olaizolak atzo goizean BERRIAri azaldu zionez,09:10ean deitu zien abokatuak berria jakinarazteko, «herri harresietan» Bulebarrerantz zihoazela. «Urduritasunez betetako momentua izan da», kontatu zuen. Senitartekoak jakinaren gainean jarri eta batzarra egin zuten ondoren. Momentu hunkigarriak izan ziren Aske Gunean: espetxera zigortu dituzten gazteei ez zitzaien falta izan senideen eta lagunen besarkada eta animorik. Bitartean, azkar zabaldu zen berria, eta berehalakoa izan zen herritarren erantzuna ere. 10:30ak ingururako hirurehun bat lagun zeuden Bulebarrean.

Astelehen gauean eman zuen Auzitegi Nazionalak Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe, Egoi Alberdi eta Aitor Olaizola atxilotu eta espetxeratzeko agindua. Astebete lehenago, seina urteko espetxe zigorra berretsi zien Auzitegi Gorenak, Segiko kide izatea leporatuta.

«Sekulako amorrua» sentitu zuen Eleak mugimenduko Txerra Bolinagak ere aginduaren berri jakitean. Gogoan zuen nola atxilotu zuen Ertzaintzak Ekaitz Ibero gaztea, Bulebarrean zeuden herritarrak inguratu, eta hura babesten ari zirenen aurka joz. «Hala ere, jendea prest dago hona etorri da eta aski dela esateko».

Orduek aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago joan zen Bulebarrera. Nabaria zen tentsio giroa. «Agindua emana dute. Hortik aurrera, aukera asko daude. Ez dakigu nola jokatu nahiko duten», esan zuen Olaizolak. Ibero nola eraman zuten jakinda, une oro elkarrekin egotea erabaki dute gazteek. Gainera, Olaizolak azaldu zuenez, Aske Gunearen inguruan ibili dira egunotan kalez jantzitako poliziak; baita gazteei jarraika ere. «Segur aski ondo landuta izango dituzte dosierrak. Haiek ere guztia prestatzen ariko dira, baina ondo dakite herri harresiarekin egingo dutela topo».

Egunero bezala, elkarretaratzea egin zuten 12:00etan; orain artekoetan jendetsuena. Atxilotze agindua duten gazteetako batek hartu zuen hitza. Eskerrak eta zorionak eman zizkien Lorentek guztiei, Aske Gunea aurrera ateratzeagatik. Lana ez dela bukatu ohartarazi zuen segidan: «Gu saiatu gara gure aletxoa jartzen, Errenteriako gazteek egin zuten bezala».

Ehundik gora epaiketaren zain

Izan ere, ehundik gora gazte dira oraindik Segin aritzea egotzita epaitzeko dauden gazteak. «Irabaztera goaz. Ziur gaude irabaziko dugula, eta epaiketa politikoak geldituko ditugula. Eta ez ahaztu: eredua zuena da, herria gurea. Maite zaituztegu».

Gazteak eskubide zibil eta politikoak «praktikan» jartzeagatik zigortu dituztela salatu, eta «herri harresia» eraikitzera deitu zuen Bolinagak ere. «Euskal Herriak aski dela esan behar du, ez diegula utziko gure gazteak eramaten. Horretara goaz, desobedientzia zibilaren bidetik».

Goizean zehar, bertan izan ziren, besteak beste, Sortuko Joseba Alvarez, Alternatibako Xabi Soto, Amaiurreko Maite Aristegi, EH Bilduko Joxean Agirre eta Ernaiko Gotzon Elizburu. Agirrek ohartarazi zuen «erasoaldi politiko judiziala» jarri dutela martxan PPren gobernuak eta Auzitegi Nazionalak. «Herri honek nahi duenaren aurkako norabidean jotzen jarraitzen dute bakearen etsaiek».

EAJri eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailari, bestalde, «iraganeko agertokira eraman nahi gaituztenen» aginduak ez jarraitzeko eskatu zien. «Aukera paregabea dute beste estilo batekin jardun nahi dutela erakusteko. Ez dezatela berriz erabili Iñigo Cabacas hil zuen estiloa», adierazi zuen.

Ildo beretik hitz egin zuen Elizburuk. Espainiako Gobernuak prozesua «usteltzen» utzi nahi duela salatu zuen, eta haren «morroi» gisa aritzea leporatu zion Iñigo Urkullu lehendakariari: «Herritarrak jipoitzera bidali ditu bere zakurrak; bereiziki, gazteak jipoitzera». Ernaiko kideak gogorarazi zuen proiektu politiko baten alde aritzeagatik zigortu dituztela zortzi gazteak; hain zuzen, «euskal estatu sozialista eta feminista egunero erakitzeagatik». Gazteak babestea «inoiz baino garrantzitsuagoa dela gogorarazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.