«Herri harresira» batzera deitu dute EAJ Aske Gunetik

Ertzaintza «lege injustuak» betetzera ez bidaltzeko eskatu diote alderdi jeltzaleari gazteak babesten ari diren herritarrekEtengabe iritsi dira elkartasun mezuak Bulebarrera, baita nazioartetik ere

Gorenak absolbitu zuen Beñat Apalategik hartu zuen hitza atzo iluntzeko agerraldian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
Donostia
2013ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
«Zintzoki, herri harresi honen parte izan dadila eskatzen diogu EAJri». Dei horixe egin zioten alderdi jeltzaleari espetxera zigortu dituzten gazteak babesten ari diren herritarrek Donostian eraikitako Aske Gunetik. Horretarako, lehen pauso modura, Ertzaintza «Madrildik agindutako lege injustuak betetzera ez bidaltzeko» eskatu zioten. Militantzia politikoa espetxera zigortzea, «XXI. mendeko demokrazia batean, onartezina» dela argudiatu zuten. Gainera, adierazi zutenez, horren aurka dago Euskal Herriaren gehiengoa.

Segiko kide izatea egozten diete zortzi gazteei, eta, astearte goizean jakin zutenez, bezperatik emana zuten agindua haiek atxilotu eta espetxeratzeko. Berria jakin bezain pronto, etenik gabeko «herri harresia» eraikitzera deitu zuten, gazteak ez atxilotzeko. Atzo, tentsio uneak izan ziren arratsaldeko zazpiak inguruan, Ertzaintzaren hainbat furgoneta hurbildu zirenean. Lerrook idazteko orduan, ordea, zutik zirauen oraindik Bulebarreko Aske Guneak.

Apirilaren 8an berretsi zien Auzitegi Gorenak seina urteko espetxe zigorra. Hurrengo egunean bertan jarri zuten martxan zortzi gazteak babesteko Aske Gunea, eskubide zibil eta politikoen aldeko «herri harresia» eraikitzeko deia eginez. Atzo, langileek adierazi zieten elkartasuna. Aske Gunean bukatu zen negoziazio kolektiboaren alde LABek antolatu zuen manifestazioa, eta eguneroko elkarretaratzera batu ziren denak. Segidan, Ainhoa Etxaide bozeramaileak hartu zuen hitza LAB, ESK, EILAS eta CNT sindikatuen izenean. Babes osoa adierazi zien espetxera zigortutako gazteei eta haien senideei, eta «besarkadarik iraultzaileena» bidali zien espetxean daudenei. Eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko eskatu zien, bestalde, Espainiako eta Frantziako gobernuei. «Euskal Herrian zabaldu den garai berriaren ezaugarri nagusia izan behar du horrek», erantsi zuen.

Sindikatuen oharra irakurri ondoren, gazteen «antolatzeko gaitasuna» goraipatu zuen Etxaidek. «Gazteria borrokaren lekukoa hartzeko prest badago soilik egiten dute aurrera askapen prozesuek», esan zuen. «Izan zaitezte gazteria kontrolatu nahi dutenen amesgaizto. Zortzi gazte zigortzea Aske Gune bat sortzeko arrazoi den herrian, gazteak amesgaizto bat zarete».

Aske Gunean izan dute zer antolatua azken egunetan. Egunero hainbat ekitaldi izan dira, goiz eta arratsalde. Atzo, besteak beste, Saharako presoei buruzko hitzaldi bat egin zuten goizean, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna zela eta. Ondoren, La Maza y La Cantera liburua aurkeztu zuen Julen Arzuagak. Talde bat arduratu zen guztientzat jatekoa ekartzeaz, une oro ahalik eta jende gehien egon zedin zigortutako gazteak babesten.

Nazioartetik ere iritsi zitzaien elkartasuna gazteei, bereziki, sare sozialen bidez. Madrilgo UGTren web orrian, esaterako, Aske Gunean egindako bideo bat jarri zuten protesta gisa. Goizean salatu zuten itxi egin zizkietela Aske Guneko mezua gazteleraz, frantsesez eta ingelesez zabaltzeko irekitako Twitter kontuak. Ordu gutxiren buruan, ordea, berriz irekitzea lortu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.