Herrira-ren kontrako polizia operazioa

Atxilotuak libre utzi edo preso sartu, gaur erabakiko du epaileak

Poliziaren aurrean deklaratzeari uko egin diote 18 atxilotuek, eta gaur eramango dituzte Eloy Velasco epailearen aurreraAbokatuei esan diete guardia zibilek «tratu zuzena» eman dietela eta ondo daudela

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ezohikoa da. Epailearen aurrera eraman aurretik beraien abokatuekin egon dira Herrira mugimenduaren kontrako operazioan atxilotutako 18 lagunak. Ez dituztenez inkomunikatu, beren abokatuen presentzian egin dute deklarazio poliziala, eta bakoitzarekin bost minutu inguru egoteko aukera izan dute abokatuek, gero. Gaur eramango dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalera, Eloy Velasco epailearen aurrean deklaratzera. Epaile horrek aginduta egin du Guardia Zibilak, 18 lagun atxilotzeaz gain, Herrira-ren jarduera bi urterako debekatzea ekarri duen operazioa.

Atxilotuak ez dituztenez inkomunikatu, 72 orduko epea dute Guardia Zibilek haiek epailearen eskuetan lagatzeko. Gaur goizean beteko dira 72 orduak. Efe berri agentziak iturri judizialak aipatuz berri eman duenez, gaur 09:30etik aurrera eramango dituzte. Epaileak galdeketa egingo die, eta gero jakinaraziko du preso sartu edo libre utziko dituen. Atxilotuek aukera izango dute, Guardia Zibilaren aurrean bezala, epailearen aurrean ere ez deklaratzeko.

Amaia Esnal, Eneko Ibarguren, Ekain Zubizarreta, Jexux Mari Aldunberri, Roberto Noval, Beñat Zarrabeitia, Ibon Meñika, Jose Antoni Fernandez eta Oscar Sanchezi egin zizkien galderak atzo Guardia Zibilak, eta Nagore Garcia, Manu Ugartemendia, Gorka Gonzalez, Ane Zelaia, Jon Garai, Fran Balda, Sergio Labaien, Imanol Karrera eta Eneko Villegasi herenegun gauean. Ez deklaratzeko eskubideari atxiki ziren guztiak. Abokatuek ondo ikusi zituztela jakinarazi diete familiei. Egoerarekin «kezkatuta» daudela, baina ondo daudela. Guardia Zibila tratu zuzena ari zaiela ematen.

Herrira-ko kide izanda «erakunde terroristako kide» izatea egozten die epaileak guztiei, baita «erakunde armatua finantzatzea» ere. Hori argudiatzeko, legez kanporatuta dauden Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren «oinordekotzat» jotzen du Herrira epaileak. Gainera, esaten du «terrorismoa goratu» dutela kaleratutako euskal presoen ongietorriak antolatuta.

Atzo atera zuten sumarioa sekretupetik, eta abokatuek hura irakurtzeko aukera dute, auzitegian bertan. Sumarioa osatzen duten liburukietan jasota dago delitu horiek egozteko zehazki zer egitea leporatzen dien epaileak edo Guardia Zibilak hemezortzi atxilotuetako bakoitzari.

Astelehen goizean atxilotu zituen Guardia Zibilak hemezortzi lagunak, aldi berean. Hernaniko Herrira-ren egoitzan bilduta zeudela atxilotu zituzten 11, eta gainerakoak kalean edo lantokian. Ez dute inoren etxea miatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.