'Parot doktrina'. Estrasburgoren epaia

Ez Ines del Riok, ez ETAk, gizarteak irabazi duela diote euskal eragileek

Ontzat jo dute Estrasburgoko Auzitegiaren epaia, eta zigorra beterik duten presoak kaleratzeko eskatu diote Espainiari«Min gehigarria» eragiten duten salbuespen neurriak indargabetzea nahi dute eragileek

Igor Arroio, Eva Aranguren, Xabier Barber, Amaia Zubieta eta Martxel Toledo hainbat eragilek Iruñean egindako agerraldian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2013ko urriaren 24a
00:00
Entzun
«Ez da Ines del Rio garaile atera, edo ETA, edo proiektu politiko jakin bat. Giza eskubideak eta ordenamendu juridikoaren oinarrizko printzipioak atera dira garaile. Denok atera gara irabazle». Hitz horiek erabili dituzte Euskal Herriko hainbat eragilek Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 197/2006 edo Parot doktrinaren aurka hartutako erabakia aztertzeko. Ez dute garaitu eta garaileen eskemarik nahi. «Albiste ona» izan dela azpimarratu du Xabier Barberrek eragile guztien izenean, eta zigorra bete duten 56 euskal presoak askatzeko eskatu du.

Aldarrikapen zehatzak egin dituzte Iruñean bildutakoek. Alde batetik, Espainiari «tranparik» ez egiteko exijitu diote, eta epaia lehenbailehen bete dezala galdegin. Bestetik, gaixorik dauden presoak askatzeko eta sakabanaketa bukatzeko eskaria egin diote. «Min gehigarria eragiten dute, eta bi salbuespen neurri horiek ere giza eskubideei dagozkie bete-betean», azaldu dute. Gainera, konponbidearen bila alde guztiek urratsak egiteko exijitu dute.

LAB, ELA, ESK, EILAS, Sortu, Aralar, Eusko Alkartasuna, Eusko Ekintza, Alternatiba, Etxerat, EPPK, Sasoia, Ernai, Bilgune Feminista eta Attac Nafarroa bildu dira Iruñean Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiaz mintzatzeko. Komunikabideen aurrean egindako balorazio positiboa euskal gizartearen gehiengoak bere egiten duela uste dute. Haien aburuz, ebazpenak konponbidearen prozesua elikatu, eta gizartea bakera hurbiltzen du. Dena den, epaia «oso berandu» ailegatu dela nabarmendu dute: «Bost urte berandu Ines del Rioren kasuan, eta 203 urte berandu egoera berean dauden euskal preso politiko guztien zigorrak batzen baditugu», esan du Barberrek.

Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiak bidegabekeria eta giza eskubideen urratze larria zuzendu dituela sinetsita daude Iruñean bildutako eragileak. Izan ere, Ines del Riok eta egoera berean diren presoek zigorra bete egin zuten, eta, beraz, libre geratzeko eskubidea zutela uste dute. «Estrasburgok baietz esan du, Espaini- ako Estatuak bidegabeki bihurritu zuela ordenamendu juridikoa preso horiek kartzelatik ez ateratzeko, eta hori oinarrizko eskubideak urratzea da», nabarmendudu Barberrek.

«Errieta» Europatik

Iruñean bildutako eragileek esan dutenez, Estrasburgoko Auzitegiak hartutako erabakiak «sufrimendua arinduko du». Izan ere, 197/2006 doktrinaren eraginez, preso askok 20 urte, 25 edo gehiago baitaramatzate kartzelaraturik eta sakabanaturik. Halere, gogorarazi dute sufritzen jarraitzen dutela gainerako presoen senideek, eta haiei ere zor zaiela «eskubide oinarrizkoen errespetua».

Bestalde, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzea ez zen beharrezkoa, haien hitzetan. «Espainiako epaileek eta eliteek bai baitzekiten doktrina hau zuzenbidearen kontrakoa zela», azaldu du Barberrek.

Hala, Europak Espainiari «errieta» egin diola nabarmendu dute. «Berriz ere nazioarteko komunitateak zigorra jarri dio Espainiari euskal herritarrei aplikatzen dizkien salbuespen neurriengatik», zehaztu dute. Egoera ikusirik, Alderdi Popularrak Estrasburgotik datorren mezua ulertu beharko lukeelakoan daude. Horregatik, Europak dioenari jarraiki, konponbidean sakontzeko tenorea ailegatu zaiola iritzi diote, alde guztiei mugitzeko eskatzearekin batera.

Izan ere, Iruñean bildu direnen aburuz, Espainiako Gobernua iraganean bizi da, gatazkaren konponbideari bizkarra emanez. Hala ere, euskal gizartea bere bidea urratzen ari dela aipatu dute, eta konponbideak nahi dituela gaineratu. «Hemen herritar gehienok lasaitua hartu dugu epaiaren berri izatean, [Espainiako] estatuak erabiltzen dituen gerra eta mendeku eskemetatik urrundu nahi dugulako, aurrerapausoak nahi ditugulako, gatazka behin betiko itxi eta guztion eta guztientzako bakea lortu nahi dugulako».

36 askatasun eskari

Espainiako Auzitegi Nazionalak bihar ebatziko du Juan Manuel Pirizena eta Joxepa Ernagarena presoen egoeraz. Biek Parot doktrina ezartzearen aurkako helegitea jarria zuten. Gainera, egoera berean diren beste 36 presoren eskaerak jaso ditu auzitegiak, eta haiekin zer prozedura jarraitu ere erabaki beharko dute.

Zehazki, kasu guziak batera edo banaka aztertuko dituen erabakiko du Auzitegi Nazionalak, baita Zigor Areto osoak edo kasuak eraman dituen atal bakoitzak ebatzi behar duen ere. Fiskalak esana du kasuak banaka aztertuko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.