«Ez dugu onartzen epai hau; kostako zaie gu preso eramatea»

Epaia salatzeko eta eskubide politikoak aldarrikatzeko, manifestazioa egingo dute larunbatean, 17:00etan, Bulebarretik irtendaAske Gunea jarri dute Bulebarrean, «herri harresia» irudikatu eta gazteak babesteko

Zigortutako gazteak, atzo, Bulebarrean jarri duten Aske Gunean emandako prentsaurrekoan, epaia puskatzen. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2013ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Ezin argiago adierazi. Txiki-txiki egin dute Segiko kide izateagatik seina urterako espetxe zigorra agintzen dieten epaia. «Ez dugu onartzen epai hau; kostako zaie gu eramatea». Babesa beharko dute horretarako, eta badaukate. Atzo, Donostiako Bulebarrean, Aske Gunea abiatzeko prentsaurrekoan, zigortutako gazteak ez ezik, haien senitartekoak, lagunak, antzeko auzitan auzipetuta preso egondakoak zein absolbitutakoak eta gazteak ezagutu ez arren haiekin bat egiten duten hamaika herritar ere bildu ziren. «Herri harresia» irudikatu nahi zuten, eta horixe irudikatzen jarraitu nahi dute gazteak babesteko, eta haiek espetxera eramatea saihesten saiatzeko.

Emozioa eta indarra, biak azaldu zituzten epaitu eta zigortuek. Gorenak Auzitegi Nazionalaren zigorra berretsi ostean herenegundik espetxeratzeko arriskuan dauden Imanol Vicente, Egoi Alberdi, Mikel Arretxe, Nahikari Otaegi, Oier Lorente, Ekaitz Ezkerra, Adur Fernandez eta Aitor Olaizolari herenegun errugabetu arren kale erasoak leporatuta beste auzi batean zigortu eta espetxeratzeko aginduarekin dagoen Ekaitz Ibero batu zitzaien. Besarkada estuak eman zizkieten elkarri. Agur giroa ere bazen lagun eta senideen artean. Baina hitzetan indarra izan zuten. Olaizolak hitz egin zuen guztien izenean: «Gorenaren sententzia zikin hau ekarri dugu. Ez dugu onartzen. Ez dugu zilegitzat hartzen. Estatu espainiarraren izaera faxistaren oinarria da. Kostako zaie gu eramatea». Hori esatearekin batera, epaia idatzita zegoen orriak txikitu zituzten. «Euskal gaztedia, aurrera!» eta «Jo ta ke, irabazi arte!» oihuak entzuten ziren.

Olaizolak auzipetu guztien izenean eskertu zien han bildu zirenei. Izan ere, agerraldira bildu zirenen asmoa ez zen agerraldian egotea bakarrik. Gazteak atxilotzera joaten direnek «herri harresiarekin» topo egitea nahi dute. «Desobedientzia zibila eta erresistentzia pasiboa tresna hartuta», gazteak babestuko dituzte, herritar batek prentsaurrekoaren osteko herri batzarrean esan zuenez. Egun osoa haiekin egoteaz gain, gauean etxera lagunduko diete, eta goizean, handik ateratzen lagundu.

«Guztion ardura da»

«Nahikoa da esan behar dugu indartsu», esan zuen Txerra Bolinaga Eleak mugimenduko kideak. Bederatzi gazte horiek beraien eskubide zibil eta politikoak aurrera eramateagatik zigortu dituztela salatu zuen, eta ohartarazi zuen «Dena ETA da» teoriaren ondorioz jendea espetxeratzen ari direla oraindik ere, eta bere lan politikoagatik jendeari «jarraitzen eta jazartzen» zaiola. Eskubideak garatzeagatik jendea espetxeratzea posible egiten duten legeak indarrean daudela nabarmendu zuen.

Horregatik, eta elkartasuna beharrezkotzat jo arren, «konpromiso kolektibora» pasatzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuen Bolinagak. Aske Gunean gazteak babesteko deia egin zien eskubide zibil eta politikoak defendatu nahi dituzten guztiei. Eguna eta ordua ere jarri zuten elkartasun eta konpromisoa azaltzeko: manifestazioa egingo dute larunbatean, 17:00etan, Bulebarretik abiatuta.

Beste pertsona batzuek torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta zigortu dituzte zortzi gazteak. Haiekin batera epaitutako beste zazpi errugabetzat jo dituzte, haien kontrako «kargu frogarik» ez dagoelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.