Internetera jalgi da euskara

Euskarak eta euskal kulturak eskuratu dute Interneterako domeinu propioa: '.eus'; bost urteko elkarlan bideak emandako fruitua da«Euskaldunok bagabiltzala erakusteko» jarri zuten martxan egitasmoa dozenaka elkartek

PuntuEus elkarteko kideak, domeinua eskatzeko kanpainaren berri emateko agerraldi batean, 2009an. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2013ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Bazebilen eta badabil. Eta bilgune bat izango du orain, eta munduaren aurrean agertzeko bidea, badirela erakusteko leihoa. Euskarak eta euskal kulturak lortu dute Interneten beren domeinua: .eus. Orain bost urte hasitako bideari atzo eman zion azken baietza ICANN erakundeak; Interneteko domeinuak arautzen ditu elkarte horrek, eta bide eman dio euskararen eta euskal kulturaren topaguneari. Ikusi du komunitatea bat eginda dagoela, nahi duela Interneten bere burua agertu, nahiak eta baliabideak bildu dituela horretarako. Abian noiz jarriko duten zehaztea falta dute.

Bazebilelako, ibiltzen segitzeko hauspoa eman nahi ziotelako, domeinua aitortzeko bidea hasi zuten orain bost urte. Euskara eta euskal kultura Interneten bazebiltzala nabarmendu zuten, urratsak egiten ari zirela, eta hori jendaurrera agertzea falta zela. «Interneten bere espazio birtuala badu euskarak. Baina espazio horri, izanari, izena jarri nahi diogu».

Bazebiltzalako, bateko eta besteko taldeek bat egin zuten PuntuEus elkartea sortzeko. Euskalgintzako, hezkuntzako eta Interneten eta komunikazioaren alorreko eragileak bildu ziren hasierako urratsean. Zerrenda zinez da luzea, lortutako babesaren ispilu: Euskaltzaindia, Kontseilua, Euskal Idazleen Elkartea, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Ikastolen Elkartea, EITB, Internetika eta Euskal Herriko Telekomunikazio Ingeniarien Elkargoa. Elkartu zaizkio hasierako bide horri eragile gehiago ere; BERRIA Taldea, adibidez, elkarteko kidea da.

Bazebiltzalako, proiektuarekin atxikitzeko eskatu zieten euskaldunei. «Ez gaude lo. Ari gara webguneak, blogak, mezulariak eta nabigatzaileak euskalduntzen eta euskaraz erabiltzen. Garaia da munduak jakin dezan euskaldunok bagabiltzala eta badihardugula Interneten». Andoni Sagarna euskaltzainak eman zuen mezua, eta arrakasta izan du urteotan guztietan: hilabete gutxian 25.000 pertsonak baino gehiagok eskatu zuten domeinua sortzeko.

Bazebiltzan, eta, asmoa ez ezik, baliabideak ere bildu zituzten. Ez dituzte dohainik ematen domeinuak. Dirua. 150.000 euro batu behar izan zituzten eskaria egiteko. Iaz aurkeztu zuten. Aurrerantzean ere beharko dituzte baliabideak. Babes sozialarekin eta bideragarritasun teknikoarekin batera, ekonomikoki jasateko moduko proiektua eskatzen du ICANNek.

Katalunia, bide erakusle

Bazebiltzan beste batzuk ere, eta Kataluniako ereduari jarraitu dio PuntuEus elkarteak. 2005ean jarri zuten martxan .cat domeinua. Bide luzea egin behar izan zuten, .eus lortzeko egindakoa baino luzeagoa: 1996an sortu zen domeinuaren aldeko lehen taldea, eta pixkana-pixkana joan zen babesa lortzen. Ez ziren oraingo garaiak.

Parlamentuaren ebazpen bat, elkarte gehiago biltzeak emandako indarra, eta 2004an aurkeztu zioten eskaria ICANN elkarteari. 68.000 pertsona, enpresa eta erakundek egin zuten eskaria; ordura arte ez zen hainbeste jende bildu domeinu baten eske. 2005eko irailean onartu zuten domeinua, eta hiru hilabete pasatxora ipini zuten abian, abendu erdialdean.

Bazebiltzan, eta ibiltzeko lehen mailako domeinua izango dute. Horrela esaten diete Interneteko helbideetako azken zatian jartzen diren hizkiei. Bi taldetan banatuta dauzkate. Bat: estatuei dagozkien domeinuak; NBE Nazio Batuen Erakundeak estatu gisa hartzen dituen herrialdeek beren domeinua daukate —.es da Espainiarena; .fr Frantziarena—. Bi: erabilera orokorreko domeinuak. Interneten hasieratik daudenak talde horretan daude (.com, .net, .org...), eta alor zehatzetarako sortuak ere bai (.biz negozioetarakoa, .pro profesionalen alorrekoa...). Eta, horiekin guztiekin batera, komunitate baten babesean sorturikoak daude: museoei buruzko .museum eta aeronautikari buruzko .aero, esaterako. .cat domeinuak ere talde horretan sartzea lortu zuen; era horretako lehena izan zen, gainera. Bide berbera egingo du .eus-ek: hizkuntza eta kultura ataleko domeinu babestua izango da. Jada beste hainbat hizkuntza badira talde horretan; atzo bertan, .gal onartu zuen ICANNek, galegoaren domeinua.

Bazebiltzan, badabiltza, eta ibiliko dira. Adibidetarako balio beza .cat domeinuak. 2007an 20.000 web helbidek zeukaten domeinu hori hartuta; 2010ean, 40.000 inguru baziren; eta 2012an, 52.000 baino gehiago —une batzuetan baziren 60.000 baino gehiago ere—. Etengabeko hazkundea. Badabiltzan seinale. Ibili nahi dutenen ikur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.